Ondo hasi dute euskal taldeek Superligako bigarren fasea, eta, Eibarrek salbu, emaitza onak izan zituzten besteek atzo. Athleticek erakustaldia eman zuen Lezaman. Lehen fasean multzokide izandako Prainsa Zaragozari garbi irabazi zion (6-0). Zuri-gorriak hasieratik gailendu zitzaizkien espainiarrei, eta hirugarren minutuan Gurutzek lehen gola sartu zuen. Hortik aurrera aurkariek burua makurtu zuten, eta golak bata bestearen atzetik etorri ziren. Nekanek bi gol sartu zituen atsedenaldiaren aurretik, eta beste hirurak bigarren zatian etorri ziren. Murua eta Olabarrietaren eskutik lehen biak, eta Prainsaren atzelari batek, bere atean bigarren zatian. Emaitza horrekin lider jarri da Athletic.
Realak golik gabe berdindu zuen Rayo Vallecanoren aurka (0-0). Madrildarrak multzoko talde sendoenetarikoa da, eta berdinketa emaitza ona da gipuzkoarrentzat. Halere, Realeko jokalariek ez zuten pozik bukatu, azkeneko unean eskuetan izan zutelako garaipena, baina Marina Agouesen jaurtiketa langatik zentimetro eskasetara pasatu zen. Reala bosgarren postuan dago.
Bestalde, mailari eusteko ligaxkan Lagunak-ek ondo hasi zuen bigarren itzulia, Levanteren etxean 0-1 irabazita; eta multzoko bigarren postuan jarri da. Eibarrek, berriz, 1-3 galdu zuen Reocinen aurka, Unben.
Athleticek 6-0 irabazi dio Zaragozari, eta Realak hutsean berdindu du
Mailari eusteko ligan, Lagunak-ek 1-0 irabazi dio Levanteri, eta Eibarrek 1-3 galdu du Reocinen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu