Futbola

Athleticek aurreratu egin du festa

Athleticek 1-0 irabazi dio Bartzelonari San Mamesen, ligako lehen partidan. Adurizek sartu du gol bakarra, txilenaz, zelairatu berritan, 89. minutuan.

Athleticeo jokalariak, Adurizen gola ospatzen. ARITZ LOIOLA
Julen Etxeberria.
2019ko abuztuaren 16a
15:52
Entzun

Golak. 1-0: Aritz Adurizek (89. min.). Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak: Athleticeko Unai Nuñezi; eta Bartzelonako Piqueri. Bestelakoak. Sarrera bikaina izan zen San Mamesen, 47.693 ikusle egon ziren harmailetan. Minutu bateko isilunea gorde zuten Koldo Agirre Athleticeko jokalari eta entrenatzaile ohiaren omenez, eta atsedenaldian, omenaldia egin zioten emakumezkoen taldeari, Ramon de Carranza torneoa irabazteagatik.

Larunbatean arratsaldeko zazpietan Marijaia Arriaga antzokiko balkoira irtetearekin batera hasiko da ofizialki Bilboko Aste Nagusia. Ordurako, bat baino gehiago jada festan murgilduta egongo da. Eta izango du arrazoirik horretarako: Athleticek ostiral gau honetan egindakoa ospatzen ariko da.

Handia egin baitu talde zuri-gorriak. Irabazi egin dio Bartzelona ahaltsuari San Mamesen, Espainiako Ligako estreinako partidan: 1-0. Festa biribiltzeko, gainera, Aritz Adurizek sartu du garaipenaren gola, 89. minutuan, zelairatu eta minutu batera. Era ikusgarrian egin du, txilenaz.

Aurrelariak erretiroa hartuko du denboraldi honen amaieran, eta esana du ordu arte barruan duen guztia emango duela. Bada, hitza betetzen ari da: lehen partida, eta lehen gola. Izugarria da Adurizena. Historian arrastoa uzten ari da.

Denbora zeramaten Athleticeko zaleek halako gau magikorik bizi gabe. Eskasa izan da aurreko denboraldia, baina, abendu hasieran taldea zuloan egon zela kontuan hartuta, konforme antzean amaitu zuten athleticzaleek mailari eutsita, nahiz eta azken orduan Europa ligarik gabe geratu. Horregatik, poz baten beharra zutelako ospatuko dute zaleek handiro atzoko garaipena, noren eta Bartzelonaren aurka.

Lehengo lepotik du burua

Garaipen oso garrantzitsua da, gainera. Talde guztiek berebiziko garrantzia ematen diote sasoia irabaziz hasteari. Estreinakoan hiru puntuak lortzeak konfiantza handia eman ohi du. Denboraldi-aurrean egindako lana probetxuzkoa izan dela indartzeko balio du.

Athleticekoak itxaropentsu ziren, taldeak ongi jardun baitu liga hasi aurretik jokatutako lagunarteko partidetan. Baina lagunartekoak ziren, ez benetako lehiak. Baikor ziren, baina baita zuhur ere, are gehiago estreinakoan izango zuten aurkaria kontuan hartuta.

Zozketak aurkaririk zailena egokitu zien: Bartzelona ahaltsua, egungo txapelduna eta azken 11 ligetatik zortzi irabazi dituena. Nekez egon daiteke partida zailagorik. Ez du jokatu Lionel Messik, munduko jokalari onenak, baina, hala ere, Ernesto Valverdek talde ikusgarria zelairatu du, tartean bi fitxatu berri nagusiak: Frenkie de Jong eta Antoine Griezmann.

Bada, erronka zinez zail hori gainditu egin du Athleticek, bikain gainditu ere. Aurreko denboraldian Gaizka Garitanok proposatu eta arrakasta izandako jokalmodeari eutsita egin du: seguru izan da atzean, sendo eta bizi zelai erdian, eta eraginkor aurrean.

Hori lortzeko, zenbait aldaketa egin ditu Garitanok, esanguratsuenak bi: Unai Simon eta Unai Lopez aritu dira hasieratik, Iago Herrerin eta Beñat Etxabarriaren ordez. Bestelakoan, apenas izan da aldaketarik aurreko sasoiarekin alderatuta, eta horrek zerikusia izan du. Jokalari guztiek erabat barneratuta dute entrenatzaileak nahi duena, eta gaur bikain bete dute. Hasi eta buka. Partida biribila egin dute.

Bartzelonak izan ditu aukerak gola sartzeko, Luis Suarezek zutoinera bota baitu baloia, eta Rafinhak langara, Unai Simonek ukitu ondoren. Aduriz erabakigarria izan da, baina baita atezaina ere. Garitanok haren alde egin du denboraldi honetarako, eta gaur arrazoia eman dio apustuari. Ondo hasi da denboraldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.