Denboraldi kaskarra egiten ari da Athletic, baina gaur argi zuen helburua: Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatzea. Eta lortu du. 1-2 irabazi du Valentziaren aurka, 96. minutuan Iñaki Williamsek sartutako gol eder bati esker. Gogoz ospatu dute guztiek; ez zen gutxiagorako. Bigarren zatian aurkaria baino hobeto aritu da talde zuri-gorria, eta merezita kanporatu du Valentzia.
Bi taldeak elkarri neurria hartu nahian zelairatu dira, bizi, eta jokoan zer zuten jakitun; ahal zutenean, erasora jo dute bai Valentziak eta bai Athleticek. Hala ere, akats asko egin dituzte bi taldeek, eta baloi dezente galdu. Nagusitu nahian ari ziren biak, baina ezinean.
Dena den, minutuek aurrera egin ahala, Valentzia geroz eta erosoago aritu da. Akats larri bat egin du Lekuek hamabigarren minutuan; baloia kontrolatzerakoan huts egin, eta Valentziako Rioja jokalariak hartu du; zuzenean jo du atezainarengana, baina, zuri-gorrien lasaitasunerako, jaurtiketa eskasa egin du.
Une zailak bizitu ditu talde zuri-gorriak, baina pixkanaka osatzen joan da. Eta orduantxe azaldu da Sadiq. Robert Navarrok hegaletik egindako falta jaurtiketa Valentziako aurrelariak errematatu du, eta bere atean gola sartu. Ustez erdiraketa desbideratu nahi zuen, baina kontrakoa egin du, baloia sarera bota. 30. minutuan, berriz, aukera garbi-garbia izan du aurrelariak, baina erremate ezin eskasagoa egin du buruz area txikian.
Valentziak egindako oparia, baina, azkar bueltatu dio Athleticek. Ez dio luzaroan eutsi aldeari. 35. minutuan baloiak ihes egin dio eskuetatik Padillari, eta Sadiqek ez du barkatu. Area batean eta bestean protagonista izan da aurrelaria.
Estutu egin du Valentziak hurrengo minutuetan, eta sufritu Athleticek. Piztu dira gerora zuri-gorriak, eta une batzuetan estu hartu dituzte aurkariak. Azkenerako, markagailuan banakoa zela joan dira aldageletara. Ez ziren itxura ona ematen ari Valverderenak, baina, behintzat, kanporaketan bete-betean sartuta zeuden.
Azken minutuan, zoramena
Kontatzeko gutxi egon da bigarren zatiaren hasieran, eta asko bukeran. Aldaketa hirukoitza egin du Valverdek 59. minutuan: Yuri, Ruiz de Galarreta eta Guruzeta zelairatu dira Laporteren, Vesgaren eta Izetaren ordez. Izan ere, aldaketak egin ditu Valverdek hamaikakoan. Iker Monreal erdiko atzelariak debutatu egin du Athleticekin, eta aspaldi jokatu gabe zegoen Laporterekin aritu da. Hasieratik jokatu dute, besteak beste, Nico Serranok, Seltonek eta Izetak ere.
Segidan, bi aukera on izan ditu Nico Serranok, baina haren jaurtiketak gutxigatik joan dira kanpora. Hobeto ari zen Athletic. Dena den, Foulquierrek aukera ona izan du 66. minutuan.
70. minutuan, berriz, Williams anaiak sartu dira Seltonen eta Robert Navarroren ordez. Athletic nagusitzen ari zen zelaian, eta konfiantza hartu dute jokalariek.
73. minutuan, VAR sistema erabilita, Athleticen aldeko penaltia adierazi du epaileak. Eskuarekin jo dio Tarregak, argi eta garbi. Jauregizarrek bota du, baina atezainak geratu egin dio. Eskuak burura eraman dituzte Athleticeko jokalari guztiek. Esku-eskura izan dute kanporaketan aurretik jartzea, baina Dimitrievskiren eskuak geldiarazi ditu.
Tentsio handikoak izan dira azken minutuak. Bi taldeek asko zuten irabazteko, baina, aldi berean, asko galtzeko. Gorosabelek taldea salbatu du 87. minutuan: atezainaren aurrean bakarrik geratzekoa zen Hugo Duro, baina lurrera bota eta baloia lapurtu dio talde zuri-gorriko atzelariak.
Eta 96. minutuan, dagoeneko denak luzapenaren zain zeudenean, Athleticek gola sartu du. Iñaki Williamsek bikain errematatu du anaiak egindako erdiraketa. Zuri-gorriek lortu dute helburua: finalerdietarako sailkatzea.
Valentzia-Athletic
Valentzia. Dimitrievski; Foulquier, Comert, Copete (Tarrega, 59. min.), Jesus Vazquez; Ugrinic (Rodriguez, 89. min.), Pepelu, Rioja, Danjuma (Diego Lopez, 76. min.); Beltran (Ramazzani, 76. min.) eta Sadiq (Hugo Duro, 59. min.).
Athletic. Padilla; Gorosabel, Monreal, Laporte (Yuri, 59. min.), Lekue; Jauregizar, Vesga (Ruiz de Galarreta, 59. min.); Nico Serrano, Selton, Navarro; eta Izeta (Guruzeta, 59. min.).
Golak. 0-1: Sadiqek, bere atean (26. min.); 1-1: Sadiqek (35. min.); 1-2: Iñaki Williamsek (96. min.).