Soilik astebeteko epean beltzetik zurirako joera hartu du Athleticen egoerak. Joan den asteazkenean Real Madrilen kontra 0-3 galdu ondoren, guztia zen ezkortasuna eta kezka iturri zuri-gorrien inguruan. Emaitzek ez ezik, jokoak ere ez baitzuen inor asebetetzen. Ordea, joan den larunbatean Atletico Madrili 1-0 irabazi izanak aldartea aldatu zien jarraitzaileei. Besteak beste, irabazteaz gain, sasoiko partidarik onena jokatu zuen Ernesto Valverderen taldeak, eta merezita batu zituen urrezko hiru puntuak. Aspaldiko partez, fisikoki duin jardun zuen taldeak, eta lerro guztietan izan zen aurkaria baino gehiago. Jokalari garrantzitsuenak euren jokorik onenera hurbildu ziren, eta Unai Simonek hutsean mantendu zuen atea. Partida bateko kontua izanagatik, baikortasunerako motiboak eman zituzten zuri-gorriek. Orain, zera da galdera: mugarria izango ote da garaipen hura?
Galdera horren erantzuna urtea amaitu baino lehen jakingo du Athleticek. Egutegiak ez dio atseden askorik emango, eta lau partida jokatu beharko ditu 2025a bukatzerako: Txapeldunen Ligakoa gaur, ligako bi eta Espainiako Kopakoa bestea. Bada, Txapeldunen Ligako etorkizuna jokoan izango du gaur taldeak, San Mamesen, egungo txapeldunaren aurka: Paris Saint Germainen kontra. Ezbairik gabe, liga du lehentasun Valverderen taldeak, baina Europatik ere ez du denbora baino lehen agurtu nahi. Lehen 24en artean sailkatu eta final-hamaseirenetan izateko aukerak izaten jarraitzeko, gutxienez puntu bat behar dute bilbotarrek, eta, aurrean aurkari erraldoia izan arren, dena emateko asmoz zelairatuko dira jokalariak.
Europako gau magiko horietako bat bizi nahi du Athleticek, eta leporaino beteko dira San Mameseko harmailak. Zaleen erantzuna hamarrekoa izango dela jakinik, jokalariei dagokie duin erantzutea. Irabazi edo galdu, talde lehiakorra ikusi nahi dute jarraitzaileek, eta Valverdek azken partida du helduleku nagusi: Atletico Madrilen kontrakoa. Partida handia egin zuten zuri-gorriek, eta, defentsan sendo jokatzeaz gain, erasoan bata bestearen atzetik sortu zituzten gol aukerak. Batez ere, Nico Williams, Oihan Sancet eta Alex Berenguer itzuli ziren euren onera. Lesioen eraginez, orain arte oso maila apalean jardun dute, baina badirudi jokorik onena berreskuratzen hasiak direla. Gainera, Iñaki Williams jokatzeko moduan izango da bi hilabetez min hartuta egon ondotik, eta behetik gora egiteko baldintza guztiak ditu taldeak.
Izar horien ekarpena beharrezkoa du Athleticek, gola sartu nahi badu. Gol aukera ugari sortu arren, aurkarien atea zulatzeko zailtasun izugarriak ditu taldeak, eta eraginkortasun handiagoa azaldu beharra dauka aurrerantzean. Bereziki, kalitate handiko taldeen aurka. Datuei erreparatuta eta lehiaketa guztiak kontuan hartuta, orain arteko jokaturiko 21 partidetan soilik hemeretzi gol sartu dituzte zuri-gorriek. Datu eskasak dira. Arlo horretan, PSG da Txapeldunen Ligan gol gehien sartu duen taldea: hemeretzi, guztira. JJokalari garrantzitsu batzuk faltako ditu gaur: Chevalier, Beraldo, Dembele eta Hakimi. Baina distiratsu dihardu Luis Enriqueren taldeak, eta ez da arratsalde-pasa etorriko Bilbora. Sailkapenaren bigarren postuan dira frantziarrak, eta postu horri eutsi nahi diote nola edo hala. Izan ere, horrek modua emango lioke finalerako bidean itzulerako partida guztiak etxean jokatzeko.
Yuri, atzelari postuan
Multzo irabazlea sortu du Luis Enriquek PSGn. Makina bat izar igaro dira azken urteetan taldetik: Neymar, Messi, Sergio Ramos, Mbappe, Ibrahimovic, Cavani, Di Maria… Klubak itsututa jardun du luzaro Txapeldunen Ligaren bila, eta milioiak eta milioiak xahutu ditu. 2023an iritsi zen Luis Enrique aulkira, eta, izarren gainetik, multzoaren garrantzia azpimarratu zuen. Bada, iragan sasoian eskuratu zuen klubak hainbeste desiratutako titulua, Inter Milani 5-0 irabazi ondoren. Gaur-gaurkoz, Luis Enrique bera da taldeko izarra, eta aski ezaguna du Athletic. Baita Valverde ere. Bada datu kurioso bat: Valverde da Luis Enriquek aurrez aurre maizen izan duen entrenatzailea. Gaurkoa izango da biak aurrez aurre egongo diren hemezortzigarren aldia. Hain zuzen, San Mames berriaren estreinaldian Luis Enrique eseri zen bisitarien aulkian, Celtaren entrenatzaile.
Gaurko partidari begira, hamaikakoan aldaketak egin beharko ditu Valverdek, halabeharrez. Atzelari postuan soilik Vivian izango du jokatzeko moduan, Laporte min hartuta dagoelako eta Paredes zigortuta. Badirudi Yurik beteko duela hutsune hori. Yurirentzat ere partida berezia izango da, PSGn aritu baitzen iraganean. Valverdek honela aztertu du neurketa: «Haiek oso talde fisikoa dira, baina teknikoki ere jokalari erebakigarriak  ditu. Presioa gaindetzen oso trebeak dira, eta adi egon beharko dugu, lortzen badute. min handia egiten baitute
Athletic:Â Unai Simon; Areso, Vivian, Yuri, Adama; Rego, Jauregizar; Berenguer, Sancet, Nico Williams; eta Guruzeta.
PSG: Chevalier; Zaire Emery, Marquinhos, Pacho, Lucas Hernandez; Joao Neves, Vitinha, Fabian Ruiz; Barcola, Ndjantou eta Kvaratskhelia.
Epailea: Daniel Siebert (Alemania).
Tokia: San Mames (53.331 ikusle).
Ordua: 21:00 (Movistar)