Rayo Vallecano 1-1 Athletic

Athleticek bana berdindu du Vallecasen

Lehen zati oso txarra egin dute zuri-gorriek. Hala ere, atsedenalditik bueltan izandako minutu onek eman diote modua puntu bat eskuratzeko. Iñaki Williamsek sartu du bilbotarren gola. Ruiz de Galarretak min hartu du.

Laporte eta Ruiz de Galarreta baloia lortu nahian, Rayo Vallecanoren aurkako partidan. JAVIER LIZON / EFE
Laporte eta Ruiz de Galarreta baloia lortu nahian, Rayo Vallecanoren aurkako partidan. JAVIER LIZON / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2026ko otsailaren 28a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikusgarri ari ez den arren, aspaldiko boladarik onenean dago Athletic, eta beste puntu bat poltsikoratu du gaur Vallecasen, bana berdinduta. Partida ikusita, gainera, ez da puntu txarra, Unai Simon izan baita taldeko jokalaririk onena.

Lehen zatian ezinean aritu dira zuri-gorriak, eta erabat nagusi izan da Rayo Vallecano; merezita jarri da markagailuan aurretik. Atsedenaldiak on egin dio Athletici, eta Iñaki Wiiliamsek berdindu du partida, gol eder batekin, 47. minutuan. Ruiz de Galarretak min hartu du gero, eta hortxe amaitu da bilbotarren joa. Ligako azken bost partidetatik bi berdindu eta hiru irabazi ditu Athleticek, baina Espainiako Kopako finala jokatu nahi badu, badu zer hobetua.

Oso itxura kaskarra eman du taldeak lehen zatian. Talde zuri-gorriak ez du nahi bezala hasi partida. Goian presio egiten eta aurkaria estutzen saiatu da, baina Rayo Vallecanok erraz egin dio min. Athleticek sufritu egin du atzean, eta, Unai Simoni esker ez balitz, berehala litzateke markagailuan atzetik. Korrika egitea gustatzen zaio Vallecaseko taldeari, eta toki gehiegi utzi dio Bizkaiko taldeak.

Atezaina izan da Athleticeko jokalaririk onena, eta hori ez da seinale ona. Hirugarren minutuan, Pacharen jaurtiketari erantzun ezin hobea eman dio Simonek, eta bederatzigarren minutuan ere beste aukera garbi bat izan du Rayok: Lejeunek buruz egindako errematea zutoinera joan da, Simonek ukitu ostean.

Behin zelai erdia pasatuta, biziago aritu da Athletic, eta lortu du tarteka aurkariaren area zapaltzea. Baina defentsan hain bigun eta despistatuta arituta, ia ezinezkoa da partida kontrolpean izatea. 26. minutuan, Athleticen alboko sake baten ondoren, ia gola sartu dio Rayok. Berriro ere Unai Simon agertu da.

Horrela jarraituz gero, argi zegoen lehenago edo geroago zulatuko zuela sarea Madrilgo taldeak, eta halaxe izan da. 35. minutuan sartu du gola De Frutosek. Hasieran, goleko pasea eman duena, Alvaro Garcia, jokoz kanpo zegoela adierazi du epaileak, baina, VAR sistema erabilita, ontzat jo du gola.

Kolpea hartuta ere, ez da esnatu talde zuri-gorria, eta beste susto bat hartu du atsedenaldira joan aurretik. De Frutosek ederki loratu du baloia Unai Simonen aurrean, baina jokoz kanpo zegoen aurrelaria.

Gola eta lesioa

Lehen zatian nagusi izan da etxeko taldea, eta, punturen bat lortu nahi bazuen, Athleticek gauzak aldatu behar zituen, ezinbestean. Ernesto Valverdek aldaketa bat egin du atsedenaldian: Berenguer sartu du Unai Gomezen ordez. Eta plan aldaketak funtzionatu dio. Berehala berdindu du partida: 47. minutuan. Unai Simonek luze jo du, Berenguer zelairatu berriak Iñaki Wiiliamsi eman dio baloia buruz, eta hark, izterrarekin kontrolatu, eta zartatekoa eman dio, zuzenean sarera.

Goitik behera aldatu da neurketaren gidoia, baina, taldea ondoen zegoenean, notizia txar bat jaso du Athleticek: Ruiz de Galarretak min hartu du besoan. Denbora luzez egon da lurrean etzanda, medikuek artatzen zuten bitartean. Azkenean, Rego zelairatu da haren ordez. Hiruko aldaketa egin du jarraian Rayok ere.

Parekatu egin da partida etenaldi horren ostean, eta, minutuek aurrera egin ahala, etxeko taldeak gora egin du berriro. 72. minutuan gola sartu du Rayok, baina jokoz kanpokoa adierazi du epaileak. Ez da gehiago mugitu markagailua, eta beste puntu bat poltsikoratu du Athleticek. Orain, Kopa dauka begiz jota. Asteazkenean jokatuko du finalerdietako partida erabakigarria, Anoetan.

Rayo Vallecano-Athletic

Rayo Vallecano. Batalla; Andrei, Mendy (Valentin, 61. min), Lejeune, Pacha; Ciss, Gumbau (Lopez, 61. min), Isi (Diaz, 69. min); Alvaro (Perez, 61. min), Ilias (Alemao, 86. min) eta De Frutos.

Athletic. Unai Simon; Areso (Gorosabel, 73. min), Vivian, Laporte, Yuri; Ruiz de Galarreta (Rego, 59. min), Jauregizar (Vesga, 86. min); Williams, Sancet (Selton, 86. min), Unai (Berenguer, 46. min); eta Guruzeta.

Golak. 1-0: De Frutosek (35. min); 1-1: Iñaki Williamsek (47. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.