Athleticek bolada onari eutsi nahi dio; Osasunak, berriz, hobeto aritu

Bi taldeek etxean jokatuko dute. Zuri-gorriek Elxen aurka neurtuko dituzte indarrak; gorritxoak, berriz, Espanyolen aurka arituko dira.

Oihan Sancet Atletico Madrili sartutako gola ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Oihan Sancet Atletico Madrili sartutako gola ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko irailaren 12a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aldarte oso desberdinarekin amaitu zuten aurreko jardunaldia Athleticek eta Osasunak. Zuri-gorriek 3-0 hartu zuten mendean Atletico Madril. Denboraldiko bigarren garaipena kateatzeaz gain, taldeak partida bikaina jokatu zuen, eta Edin Terzicen bide orria zein den ikusi zen. Athleticek bizi eta zuzen jokatu zuen erasoan, eta defentsan serio eta oldarkor jardun zuen. Gorritxoek, ostera, zaplaztekoa hartu zuten Mendizorrotzan, Alavesen aurkako derbian: 5-2 galdu zuten. Luis Miguel Ramisek zuzentzen dituen taldeen ezaugarrietako bat da atzean sendo aritzen direla. Aurreko jardunaldietan taldeak hori erakutsi zuen, baina Gasteizen ahul jardun zuten atzean. 

Aurreko jardunaldian gertatutakoa estropezu bat besterik ez zela izan erakutsi nahi dute gorritxoek etxean, Espanyolen aurka (16:15, Movistar+). Ramisek atzo onartu zuen taldeak ez zuela lortu oreka izatea defentsako eta erasoko lanaren arten. Baina gaurkoari begira jarri zen: «Ez da neurketa erraza izango. Espanyol orain arte izan ditugun aurkariak baino talde oldarkorragoa da, eta deserosoa presioan». Rosier, Aimar Oroz, Herrando eta Moi Gomez ez dira osatu. 

Athleticek Elxen aurka neurtuko ditu indarrak, eta berriro ere San Mamesen jokatuko du (18:30, Movistar+). Dani Vivian eta Peio Canales osatzen ari dira oraindik, eta astean zehar Guruzetak min hartu zuen. Horrenbestez, ez dago deialdian. Jokatu diren lau jardunaldietan Herrialde Katalanetako taldeak puntu bakarra batu du. Baina zuri-gorrien prestatzailea ez da fio. «Errespetu handia diogu Elxi. Ausart jokatzen du, eta intentsitate handiz lehiatzen da. Prest egon behar dugu». 

Terzicen gisara, denboraldi honetan ailegatu da Athleticera Victor Martin. Haren eskutik, zuri-gorriek orain arte ligan jokatutako bi neurketak irabazi dituzte, eta gaur Espanyol hartuko dute Lezaman (12:00, RTVE Play).

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA