Athleticek eta Realak 7. postura gerturatzeko aukera dute

Imanol Magro Eizmendi.
2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Athleticek eta Realak helburu bera hartu dute liga bukaerarako: zazpigarren postua. Egun, 8. da bata, eta 11. bestea. Hiru punturen aldea dago bien artean, eta, ligaren azken txanpari gatza gehitzeko asmoz, postu hori jarri dute jomuga. Izan ere, Bartzelonak Espainiako Kopa irabazten badu postu horrek Europa Ligako txartela ematen du. Egun Malaga dago hor, baina azken asteetan behera egiten ari da, eta atzo etxean berdindu zuen. Euskal taldeek gerturatzeko aukera dute gaur.

Athleticek Espanyolen zelaian jokatuko du, Espainiako Kopako finalerdietan han irabazitako partida gogoan. Ernesto Valverdek arazoak izango ditu hamaikakoa osatzeko, Iker Muniain, Aritz Aduriz eta Ander Iturrasperen hutsuneei, Mikel Balentziagarena gehitu baitzitzaien atzo. Arazo fisiko txikiak ditu.

Realak, aldiz, etxean jokatuko du, Deportivoren aurka. Coruñako taldea krisi latzean dago, eta Victor Sanchezek lehen partida izango du Deportivoren aulkian. Aurkari egokia dirudi azken bi partidetako puntu uzta ugaritu eta Anoetako sendotasunari eusteko. Zigorrak beteta, Ion Ansotegi eta Iñigo Martinez hamaikakora itzuliko dira; David Moyesek, beraz, gustuko duen erdiko atzelari bikoa jarri ahal izango du hasieratik.

Oviedo 0; Athletic 2

Athleticek 0-2 irabazi zion atzo Oviedo Modernori emakumezkoen Espainiako Lehen Mailan, eta, jardunaldiko beste emaitzen zain, hiru puntura du Atletico Madril bigarren sailkatua. Realak, aldiz, gaur jokatuko du 27. jardunaldiko partida, Zaragozan (12:00), Transportes Alcaineren aurka. Reala egoera zailean dago, lau partida falta dira bukatzeko eta jaitsiera postuetatik lau puntura dago.

Gizonezkoen Bigarren Mailan, aldiz, Alavesek 1-0 irabazi zion atzo Teneriferi. Gasteizko taldeak etxean jokaturiko azken sei partidak irabazi ditu eta igoera kanporaketak ditu orain helburu. Osasunak gaur jokatuko du, Numantziaren aurka, etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.