Athleticek ez du nahi bezala amaitu urtea, galdu egin baitu Espanyolen aurka

Intentsitate handikoa izan da partida. Zuri-gorriak aurretik jarri dira Berenguerren gol bati esker, baina kataluniarrek emaitza irauli dute: 1-2. Europako postuak urrundu egin zaizkio Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeari.

Athleticeko Adama Boiro eta Espanyoleko Urko Gonzalez de Zarate, lehian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Athleticeko Adama Boiro eta Espanyoleko Urko Gonzalez de Zarate, lehian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jon eskudero
2025eko abenduaren 22a
23:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urteari amaiera tristea eman dio Athleticek, porrot mingarria jasan baitu Espanyolen aurka, San Mamesen. Europako postuetatik gertu jarraitzeko puntu garrantzitsuak zituen jokoan Ernesto Valverderen taldeak, baina huts egin du nabarmen. Intentsitate handiko partida batean, aurrea hartu dute zuri-gorriek, Berenguerren gol bati esker, baina ez dute asmatu aldeari eusten.

Bi kolpe hartu dituzte bata bestearen jarraian. Lehenbizi, lehen zatiaren amaieran egin dute banakoa kataluniarrek, eta hurrengo kolpea bigarren zatiaren hasieran jo dute. Denboraldi osoan zehar bezala, gola sartzeko zailtasun handiak izan dituzte bilbotarrek, eta defentsan ezer gutxirekin egin dute min aurkariek. Minutu luzez aginte makila izan arren, eraginkortasuna eta distira falta izan zaizkio Valverderen taldeari, eta San Mamesen laugarren porrota izan du ligan. Getafek, Alavesek eta Real Madrilek egin bezala, Espanyolek ere hiru puntuak eraman ditu Bilbotik.

Hasierako hamaikakoari dagokionez, halabeharrez hainbat aldaketa egin behar izan ditu Valverdek. Defentsako lerroan, batez ere. Besteak beste, Vivian, Laporte eta Yuriren hutsuneak betetzeko, hasieratik zelairatu ditu Paredes, Lekue eta Adama Boiro. Ohi bezala, intentsitate izugarriarekin ekin diote partidari zuri-gorriek, baina Espanyolen lehentasun nagusia ere erritmo hori berdintzea izan da. Lehia eta disputa izugarria egon da lehen minutuetan, eta bi taldeetako bakar batek ere ez du lortu aginte makila hartzea. Etxekoak saiatu dira jokoa sortzen, baina ezin izan dute zelaiaren hiru laurdenetatik aurrera jokaldirik josi, eta Valverde haserre agertu da aulkian. Ez da gustura egon bere jokalarien jokoa ikusita, eta erabakiak hartu ditu.

Erabaki horietako bat Iñaki Williams eta Berenguer etengabe postuz aldatzea izan da. Batak eskuin hegaleko postua bete duenean, bestea aurrelari lanetan jardun da; eta alderantziz. Espanyolek atzean sortu duen hormatzarra mugitzea izan da Athleticeko entrenatzailearen helburua, eta erabakiak fruituak eman dizkio. Izan ere, neurketaren ordu laurdenak igarota, behetik gora egin du etxeko taldeak. Pixkanaka arrisku jokaldiak areagotzen hasi da, eta Ruiz de Galarretak gertu izan du 1-0ekoa 25. minutuan. Areaz kanpotik egindako jaurtiketa gutxigatik joan zaio kanpora. Nico Williamsek ahaleginak eta bi egin ditu ezker hegaletik aurkariak atzean uzteko, baina ez da fin aritu, beste egun batez.

Dena den, pixkanaka atzean sarrarazi du Athleticek Espanyol. Bultzaka aritu da, eta bazirudien lehen gola sartzea denbora kontua izango zela. San Mamesen bildutako jarraitzaileek sare barruan ikusi dute Berenguerren jaurtiketa 29. minutuan, baina Dmitrovicek sekulako geldiketa egin dio nafarrari.

Espanyolek ez du ia mehatxurik egin erasoan luzaroan, baina 37.an barkatu egin du. Lekuek eta Paredesek ez dute elkar ongi ulertu defentsan, eta Roberto aurrelaria bakar-bakarrik geratu da Unai Simonen aurrean. Kataluniarrak parteko aukera izan du bere taldea aurretik jartzeko, baina une erabakigarrian irrist egin du, eta ezerezean geratu zaio aukera.

Bada, kontuak zer diren. Jokaldi berean iritsi da 1-0ekoa. Gogoa, grina eta kasta jarri dizkio jokaldiari Athleticek, eta area barruan sortutako nahasteari etekina atera dio Berenguerrek. Azkar ibili da, toki egokian zegoen kokatuta, eta penalti puntuaren albotik ez du barkatu Dmitrovicen aurrean. Sasoiko bigarren gola sartu du aurrelariak.

Golarekin, gora etorri da San Mames, baina kolpe galanta hartu du atsedenaldiaren atarian. Epaileak falta bat oparitu dio Espanyoli kornerraren alboan, eta bisitariek ederki baliatu dute aukera. Falta ongi urrundu du Sancetek, baina aldaratzean sekulako gola sartu du Romerok, boleaz, areaz kanpotik. Athleticek merezi izan du aurretik bukatzea lehen zatia, baina banakoarekin erretiratu dira bi taldeak aldageletara.

Beste kolpe bat

Gidoi bera izan du bigarren zatiaren hasierak, intentsitate eta erritmo izugarrian zelairatu baitira bi taldeak. Athleticek baloia gehiago izan du oinetan, baina ez dio horri etekinik atera. Gainera, Adama Boirok sekulako hutsa egin du atzean baloia urruntzeko garaian, eta horren ondorioz iritsi da 1-2koa. Ezker hegalekoa ez da fin aritu, eta Pere Millak ez du barkatu 52. minutuan. Bigarren lerrotik sartuta, ederki gainditu du Unai Simon. Golaren ondoren, bere kartak ederki jokatu ditu Espanyolek, denbora galdu eta partidari bihotz taupadak apaltzea izan baitu helburu. Momentu konplikatua bizitzea egokitu zaie etxekoei.

Min egin die bigarren golak, eta burumakur aritu dira luzaroan. Urduritasuna areagotu da zelaian zein harmailetan, eta antsietatea agertu da. Sufritzen jardun dute zuri-gorriek. Hori ikusita, Areso eta Guruzeta zelairatu ditu Valverdek, baita geroago Robert Navarro eta Unai Gomez ere. Alferrik, baina. Energia falta izan zaio taldeari, eta fisikoki goitik behera egin du nabarmen. Egutegiaren zamak ez du barkatzen, eta txistu batzuk ere iritsi dira harmailetatik. Luzapenean aukera pare bat izan dituzte Guruzetak eta Sancetek, baina ez dute asmatu. Ondorioz, porrot mingarria izan du Athleticek, eta urte berriari begira badauka zer hobetua.

Athletic-Espanyol

Athletic. Unai Simon; Gorosabel (Areso, 75. min), Lekue, Paredes, Adama Boiro (Unai Gomez, 75. min); Ruiz de Galarreta (Rego, 57. min), Jauregizar; I. Williams (Robert Navarro, 79. min); Sancet, N. Williams (Guruzeta, 57. min); eta Berenguer.

Espanyol. Dmitrovic; El Hilali, Cabrera, Calero, Carlos Romero; Urko Gonzalez de Zarate, Pol Lozano (Kike Garcia, 71. min); Pere Milla (Carreras, 58. min), Exposito (Ruben Sanchez, 83. min), Dolan (Riedel, 83. min); eta Roberto.

Golak. 1-0: Berenguerrek (38. min). 1-1: Romerok (44. min). 1-2: Pere Millak (52. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.