Burua altxatu ezinda segitzen du Athleticek. Zuri-gorriek abagune ederra zuten gaur Getafen, aurkari zuzen baten kontra hiru puntu poltsikoratu eta Europarako lehian muturra sartzeko, baina 90 minutuetan zehar agerian geratu da talde baten eta bestearen umoreak ez dutela zerikusirik. Getafek azken zortzi partidetatik sei irabazi ditu; Athleticek, berriz, zailtasun handiak ditu oraindik arriskua sortzeko.
Ernesto Valverderen taldea ez da ondo zelairatu, gola jaso baitu 13. minutuan, eta ibaian gora igeri egitea egokitu zaio gero. Satrianoren eta Luis Vazquezen artean sartu dute gola, aldaratze bat baliatuta. Berenguerrek gola sartzeko aukera argia izan du, baina hori izan da jokaldi arriskutsu bakanetakoa; areara erdiraketa asko egin dituzte zuri-gorriek, baina Getafe eroso aritu da saiakera horiek urruntzen.
89. minutuan amaitu du lehia etxeko taldeak, Satrianok egindako golarekin. Albiste on bat aipatzearren, gaur hamaikakora itzuli da Yeray Alvarez, hainbat hilabetez zigortuta egon ostean. Sailkapen nagusian, behin-behinean, hamargarren da Athletic, 38 punturekin.