Zapore gazi-gozoarekin geratu zen asteburuan Athletic. Garaipenak gora begira jarriko zukeen, baina gehiegi barkatu zuen, eta bana berdindu zuen Elxen aurka. Emaitzak hotz utzi zituen denak. Hala ere, talde zuri-gorriak ez du penaz egoteko astirik izan, eta aurreko asteetan sortutako ilusioa berriro pizteko aukera izango du bihar, Levanteren zelaian (21:30, Movistar).
Edin Terzic entrenatzaileak partidarako prest daudela esan du gaur prentsaurrekoan: «Han jokatu diren bi partidetan gol asko izan dira. Zazpi Betisen aurkakoan [5-2 amaitu zen] eta sei Bartzelonaren kontrakoan [2-4]. Beraz, baliteke gol asko izatea. Prestatuta gaude edozein egoerari aurre egiteko».
Gainera, Iñaki Williams jokatzeko moduan dago, Terzicek argitu duenez. Elxen aurka kolpe handi bat hartu zuen, baina osatu da. Peio Canales eta Gorka Guruzeta ere entrenatu dira gaur, baina teknikariak ez du argitu deialdian sartuko ote dituen.
Dena den, ez dirudi Guruzeta hasieratik jokatzeko moduan egongo denik. Azken bi partidetan Iñaki Williams aritu da aurrelari, eta hark egindako lana goraipatu du entrenatzaileak: «Abiadura ematen digu, presio ona, arean ibiltzeko aukera... Inportantea izan da azken partidetan».
Baliteke hamaikakoan aldaketak izatea. Izan ere, bihar Levanteren aurka jokatuko dute zuri-gorriek, eta larunbatean Alaves hartuko dute etxean. Ez du arrasto askorik eman entrenatzaileak, eta esan du «oreka eta freskotasuna» bilatu nahi dituztela.
Argi dagoena zera da: Athleticek garaipenaren bidera itzuli nahi duela. Terzic ari da pixkanaka bere bide orria zein den erakusten, eta horri jarraipena eman nahiko dio bihar. Orain arte jokatutako bost partidetatik bi irabazi ditu Athleticek —Celtaren eta Atleticoren aurka—, bat berdindu, eta beste bi galdu. Levantek, berriz, bakarra irabazi du, bi berdindu ditu, eta beste bi galdu.