Futbola

Athleticek hirugarrenez jarraian irabazi nahi du

Gaur San Mamesen Elx menden hartuz gero, Europako postuetara hurbilduko dira zuri-gorriak. Vivian osatu da; Jauregizar eta Berenguer, ordea, ez.

Oihan Sancet, Oviedori sartutako gola ospatzen. ELOY ALONSO / EFE
Oihan Sancet, Oviedori sartutako gola ospatzen. ELOY ALONSO / EFE
jon eskudero
2026ko otsailaren 20a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gainbehera betean murgilduta egon ondoren, badirudi argi apur bat ikusten hasia dela Athletic. Espainiako Ligako azken bi partidak irabazi eta gero, arnasa lasaiago hartzeko moduan izan da, eta bide zuzenean segitu nahi du gaur, San Mamesen Elxi irabazita (14:00, Teledeporte). Azken bi neurketetan Levante (4-2) eta Oviedo (1-2) mendean hartu ondoren, hirugarrenez jarraian irabazten ahaleginduko dira zuri-gorriak. Denboraldiko lehen hiru lehietan lortu zuen hori, eta jokoan zeuden bederatzi puntuetatik bederatziak batu. Ordutik, gorabeheraz josia egon da taldearen jarduna, eta berriz ere hiru garaipen jarraian lortzeak zera ekarriko luke: Europako postuetara gerturatzea. Hortaz, Athleticek asko izango du jokoan.

Azken bi partidetan, emaitzak hobeak izan dira jokoa baino. Azken bi sailkatuak menderatu dituzte zuri-gorriek: Levante eta Oviedo. Ederki kostata, hori bai. Jokalari gehienak onenetik urrun ibili dira, eta taldeak asko sufritu du, batez ere defentsan. Datuak argigarriak dira. Azken hamahiru partidetatik bakar batean ere ez du lortu atea hutsean uztea Ernesto Valverderen taldeak. Iazko abenduaren 18an lortu zuen azkenekoz aurkariak golik ez egitea. Espainiako Kopako estreinako partidan izan zen, Ourenseren aurka (0-1). Ordutik, lehiaketa guztiak aintzat hartuta, atzeko aldean izugarri sufritzen ari dira zuri-gorriak. Ligari dagokionez, jokatutako 24 jardunaldietatik soilik bostean izan dute hutsean atea.

Dena den, Elx bera ere ez dago egoera gozoan. Oraindik ez du irabazi etxetik kanpo. Lau partida berdindu egin ditu, eta beste guztiak galdu. Sasoiari duin ekin zion Eder Sarabiaren taldeak, baina azken boladan asko sufritzen ari da: azken 21 puntuetatik soilik hiru poltsikoratu ditu, eta bertan dauzka jaitsiera postuak. Aurten ez du irabazi oraindik. Joko ausarta eta erasokorra sustatu nahi du Sarabiak, baina arriskuak hartze hori garesti atera zaio askotan. Izan ere, Elxeko jokalari askok ez dute aski kalitate entrenatzaileak planteatzen dien bezala jokatzeko. Jokaldi dotoreak osatzen dituzte partidaren joanean, baina baloia atzetik aurrera ateratzeko garaian hutsak egin ohi dituzte, eta puntu asko uzten ari dira bidean. Dena den, Ernesto Valverdek «ondo» ikusten du aurkaria. «Egia da ez dagoela emaitza bolada onean. Baina gauzak argi dituela jokatzen duen taldea da. Partida zaila izango da»

Aste garbia eduki du

Hain zuzen ere, Athleticek horixe bera baliatzen saiatu beharko du. Presioa gogor egin beharko du aurrean Elxi baloia kendu eta golak sartzeko. Azken denboraldietan, presioko lan zorrotza izan da zuri-gorrien bertute nagusia, baina sasoi honetan asko kostatzen ari zaie. Ziurrenik, jokalariak fisikoki erasanda ibili direlako egutegiaren zama dela eta. Aspaldiko partez, aste garbia izan dute hau, eta freskotasuna berreskuratzeko baliatu dute jokalariek. Deialdiari dagokionez, Dani Vivian zerrendan izango da. Mikel Jauregizar, Alex Berenguer eta Nico Williams, ordea, ez. Hirurak min hartuta daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.