Futbola Espainiako Lehen Maila

Athleticek hutsean berdindu du Almeriaren aurka, partida tamalgarri batean

Athleticek ez du Almeria garaitzea lortu. Partida txarra jokatu dute zuri-gorriek, nahiz eta bigarren zatiaren hasieratik jokalari bat gehiagorekin aritu diren.

(ID_13597859) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Behin eta berriro saiatu dira Athleticeko jokalariak, baina ez dute gola sarzerik lortu. CARLOS BARBA / EFE
pettan uralde
2024ko otsailaren 12a
23:07
Entzun

Txapeldunen Ligako postuetan lo egiteko aukera galdu du Athleticek, hutsean berdindu ostean Almeriarekin, sailkapeneko azken postuan dagoenarekin. Zuri-gorriak, hamaikakoa eraberrituta, ezin izan dira aritu Kopako finalerdian izan zituzten sentipen onekin, eta hirugarren partida kateatu dute bisitari gisa Ligan garaipenik lortu gabe. Joko aldetik ahazteko moduko partida egin dute Ernesto Valverderen jokalariek, nahiz eta bigarren zatiaren hasieratik jokalari bat gehiagorekin aritu diren. Irabazteko aukera izan badute ere, Almeriak azken minutuetan gertu izan du garaipena.

Aginduz sartu da partidara Athletic, eta zuri-gorriak izan dira abisua ematen lehenak. Mikel Vesgak jaurtiketa egiteko aukera ikusi du, eta ez du zalantza egin, baina Almeriako jokalari batek baloia desbideratzea lortu, eta atezainaren eskuetan amaitu du baloiak. Hortik gutxira, Villalibrek izan du beste aukera bat, buruz, langaren goitik jaurti duena.

Almeriak normalean behera egiten du aurkariak estutzen duenean, baina gaur ez da horrela gertatu. Athletic lasaitzen hasi da, eta behin eta berriz heldu da etxeko taldea Unai Simonen atera. Akatsak ugari egin ditu baloiarekin, eta defentsan ez da oso sendo aritu. Valverdek aldaketa ugari egin ditu hamaikakoan, eta espero izatekoa zen Unai Gomezek, Vesgak eta Villalibrek ekarpen handiagoa egingo zutela, minutu gutxiago jokatu dutenez gero ez baitzuten halako kargarik. Alabaina, Almeria ez da Ligako sailkapeneko azken taldea kasualitatez, eta aurrerapausoa eman nahi duenean kosta egiten zaio asmatzen.

Zakarra izan da lehen zatiaren amaiera, batez ere bi taldeen hutsegite mordoengatik, baina, hala ere, aukera bana izan dute markagailua estreinatzeko. 40. minutuan, korner jaurtiketa batean, Paredes gailendu da, eta burukada ona egin du bigarren zutoinera. Baina Maximianok geldiketa itzela egin du berdinketari eusteko. Etxeko taldeak ere aukera bat izan du atsedenaldiaren aurretik. Choco Lozanok egin du errematea, buruz hark ere, baina Simonek erraz harrapatu du.

Lehen zati tamalgarriaren ondoren, Valverde irtenbide bila atera da, bi aldaketa eginda. Muniain sartu du Unai Gomezen tokian, eta Raul Garcia Villalibreren ordez atera da —Ligan seiehun partida bete ditu Garciak—. Baina gauzak ez dira askorik aldatu, zuri-gorriei partida guztiz alde jarri bazaie ere. Bigarren zatiaren hasieran, bigarren txartel horia atera diote Ramazaniri jokaldi zentzugabe batean, eta bat gutxiagorekin geratu da Almeria partida amaiera arte.

Bat gehiagorekin, ezinean

Almeria ezinean ibili da jokalari bat gutxiagorekin, baina etsigarria izan da Athletic, bat gehiagorekin, gai ez izan izana pixka bat nagusitzeko. Aldaketak agortu ditu Valverdek, baina Sancet, Herrera eta Adu Aresen ekarpena beste jokalarien antzekoa izan da: oso apala.

Nahasmen hutsa izan da partida amaiera; Athleticek saiakera antzu batzuk egin ditu, eta Almeria eusten ahalegindu da. Hainbeste erotu da partida, non ia 90 minutuetan egin ez dutena azken bostetan egitea lortu duten. Raul Garciak burukada bikaina egin du Ander Herreraren erdiraketa batean, baina baloia zutoinera joan da. Hortik oso gutxira, kontraeraso batean, Almeriak izan du hiru puntuak lortzeko aukera. Marezi aurrelariak Athleticen defentsen bizkarrean jaso du baloia, eta hark ere zutoinera jaurti du.

Ez da gustu onekoa Almeriaren aurka irabazi ez izana, baina zerbait positiboa ateratze aldera, orain arte izan duen egunik okerrenean ere puntu bat batzeko ahalmena izan du Athleticek. Sailkapenean dituen gainontzeko lehiakideen emaitzak ikusirik, aukera ezin hobea zen talde zuri-gorriarentzat garaipena eskuratzea, baina galtzeko zorian ere izan da azken minutuetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.