Athleticek ontzat eman dezake gaur Elxen eskuratutako puntua. Zuri-gorriak ez dabiltza bolada onean, eta Unai Simon atezainari zor diote gaur berdinketa lortu izana Martinez Valero estadioan.
Lehen zatian, etxeko taldeak eduki du baloia, eta Athleticen area inguruan jokatu da partida. Abagune pare bat izan dute zuri-gorriek, baina Athleticeko jokalariren bati txartel gorria ateratzeko beste horrenbeste aukera ere bai epaileak: batetik, Viviani, baloia eskuarekin ukitzeagatik, eta bestetik, Yuriri, Andre Silvari bularrean ukabilkada bat emateagatik. Epaileak iritzi dio ez zela horrenbesterako.
Bigarren zatian, Valverdek Williams anaiak atera ditu zelaira, zerbait aldatze aldera. Anaiek sortu dute arriskua, baina Elxek, egokitu denean, iniziatiba hartu du berri ere, eta orduan agertu da Unai Simon, beste behin. Atezainak zenbait geldiketa egin ditu, ikusgarriena Silvaren erremate batean.
Sailkapen nagusian berdinduta daude bi taldeak, hamalauna punturekin: Elx zazpigarren da, eta Athletic, berriz, zortzigarren.