Valentzia 0-1 Athletic

Athleticek laugarren postua bermatu du

Zuri-gorriek irabazi egin diote Valentziari, Berenguerrek sartutako gol ikusgarri bati esker. Beste behin, atea hutsean uztea lortu dute.

Athleticeko jokalariak Valentziaren aurkako garaipena ospatzen. MANUEL BRUQUE / EFE
Athleticeko jokalariak Valentziaren aurkako garaipena ospatzen. MANUEL BRUQUE / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2025eko maiatzaren 18a
23:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Denboraldi ikusgarria osatzen ari da Athletic, eta horren erakusgarri, hauxe: liga amaitzeko jardunaldi baten faltan, laugarren postua bermatu dute zuri-gorriek. 0-1 irabazi diote Valentziari, Berenguerrek 72. minutuan sartutako gol ikusgarri bati esker. Area ertzean baloia hartu, pare bat ukitu emanda aurkariarengandik urrundu, eta suziria bota du, zuzenean sareetara. Atezainak ez du usaindu ere egin. 

Txapeldunen Ligarako sailkatzea lortu eta gero, Athleticek laugarren postuari eustea zuen helburu. Bada, hori ere egin du, eta, beraz, beste sari bat ere badauka: Espainiako Superkopa jokatuko du.

Badago aintzat hartzeko moduko beste datu bat: azken bost partidetan atea hutsean uztea lortu dute zuri-gorriek. Hau da, Las Palmas, Reala, Alaves, Getafe eta Valentzia ez dira gai izan Athletici gol bakar bat ere sartzeko. Azkenekoz, 1983an lortu zuten hori zuri-gorriek, Javier Clementeren aginduetara.

Atzean sendo aritu dira bilbotarrak denboraldi osoan, eta erabakigarria izan da hori. Ligan gol gutxien jaso dituen taldea da: 37 partidatan, 26 baino ez. Guztien meritua izan da, baina aipatzekoa da atepean Unai Simonek egindako lana. Valentziaren aurka ere horma bat eraiki du.

Joan-etorrikoak izan dira lehen minutuak. Gogotsu zelairatu dira Athleticeko jokalariak, eta Sancetek laugarren minutuan izan du lehen aukera; Adamaren erdiraketa errematatu du, baina kanpora joan zaio. Hurrengoa, Valentziak izan du: Riojaren jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Unai Simonek. Baita, atsedenaldia iristear zela, Diakhabyren burukadari ere. Ondo lehiatu dira bi taldeak, baina erasoan argitasuna falta izan zaie. Zuri-gorriek, ohi bezala, goian egin dute presioa, eta, horren ondorioz, Valentziaren zelaian gehiago ibili da baloia.

Motelagoa izan da bigarren zatiaren hasiera, eta ez da ia ezer gertatu lehen ordu laurdenean. Aulkia mugitzea erabaki du orduan Ernesto Valverdek: Williams anaietan zaharrena eta Unai Gomez zelairatu ditu Adamaren eta Sanceten ordez. Hala, hortik gutxira hautsi du berdinketa Athleticek: magia egin du Berenguerrek, eta, ziurrenik, jardunaldiko golik ederrena sartu.

Konfiantza eman dio golak talde zuri-gorriari, eta hark izan du hortik aurrera jokoaren ekimena. Arazorik gabe kudeatu du abantaila, eta kontrolpean izan du partida amaierara arte. Sasoia borobildu dute zuri-gorriek, laugarren postua ziurtatuta.

Valentzia-Athletic

Valentzia. Mamardashvili; Mosquera, Diakhaby (Fran Perez, 81. min.), Tarrega, Gaya (Aarons, 81. min.), Barrenetxea, Javi Guerra, Diego Lopez (Ivan Jaime, 55. min), Rioja, Almeida (Rafa Mir, 73. min.); eta Sadiq (Hugo Duro, 73. min.).

Athletic. Unai Simon; Lekue, Vivian, Paredes, Yuri; Prados (Vesga, 74. min.), Galarreta (Juareguizar, 74. min.), Adama (Iñaki Williams, 64. min), Sancet (Unai Gomez, 64. min.), Berenguer; eta Guruzeta (Maroan, 81. min.).

Golak. 0-1: Berenguerrek (72. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.