Jokoan azaldutako nagusitasuna emaitzan islatzea galanki kosta zaion arren, Athleticek eskuratu du Txapeldunen Ligako lehen garaipena, San Mamesen. Hasi eta buka, denboraldiko partidarik onena jokatu dute zuri-gorriek, eta ongi merezita garaitu dute Karabakh, Azerbaijango taldea. Besteak beste, zuri-gorrien akats larri bat baliatuta, bisitariek gola sartu dute lehen minutuan. Horrek maldan gora jarri dizkio kontuak Ernesto Valverderen taldeari, eskema guztiak hautsi baitizkio. Baina txarrenari onena ateratzen asmatu du gerora. Ahalegin fisiko handia eginda, oso nagusi izan dira etxekoak, eta gol aukerak bata bestearen atzetik izan dituzte. Gehiegi barkatu dute minutu luzez, baina azkenerako funtsezkoa izan da Guruzetak berdintzeko gola sartu izana atsedenaldiaren aurretik. Izan ere, bigarrenean lehia erabaki du Athleticek, Robert Navarroren eta Guruzetaren beraren golekin. Garaipenari esker, Txapeldunen Ligan bizirik jarraituko du taldeak.
Partidaren garrantziaren jakitun, hamaikakoan aldaketa gutxi egin ditu Valverdek. Hiru jokalari hauek zelairatu ditu gaur: Gorosabel, Paredes eta Rego. Gainerako jokalariak joan den asteburuan ligan parte hartu zutenak izan dira. Jarraitzaileek giro beroa ezarri dute zelaian atarikotik abiatuta, baina kolpe latza jaso dute berehala, Karabakhek gola sartu baitu lehen minutua bete baino lehen. Paredesek eta Laportek ez dute elkar ongi ulertu jokaldi batean, eta Andradek ez du aukera barkatu. Maisuki gainditu du Unai Simon.
Akats larria egin dute zuri-gorriek, baina albiste onena zera izan da: partida osoa zutela aurretik emaitzari buelta emateko. Burua jaitsi beharrean, itsu-itsuan berdinketaren bila jo dute, eta sasoiko minuturik onenak jokatu dituzte. Orain arteko jokoak zalantza handiak eragin bazituen ere, fresko eta distiratsu aritu dira Athleticeko jokalariak. Ate aurrean gehiago asmatzea soilik falta izan zaie. Esaterako, Sancetek eta Guruzetak sekulako gol aukerak izan dituzte, baina antzu ibili dira azken metroetan. Nico Williamsek ere gertu izan du berdinketa birritan. Karabakhek ez du gaitasunik izan bizpahiru pase jarraian emateko, eta arnasestuka ibili da erabat. Presioan gogor aritu dira zuri-gorriak, eta etengabeko joko erauntsia azaldu dute. Lehen ordu erdia betetzerako bost gol aukera oso garbi huts egin dituzte.
Hori nahikoa ez, eta Iñaki Williamsek zelaia utzi behar izan du 36. minutuan, min hartuta. Lesioekin ez da zorterik izaten ari taldea sasoi honetan, eta kapitainaren lesioa beste kolpe bat izan da. Haren ordez Berenguer zelairatu da, eta nafarrak beste txinparta bat erakutsi du erasoan. Gogotsu zelairatu da, eta azkenean iritsi da banakoa, 40. minutuan. Jauregizarrek luze eman dio baloia Guruzetari, eta aurrelariak ongi gainditu du Karabakhen atezaina, baloia hankapetik igarota. Jakina zen atsedenaldiaren aurretik berdinketa lortzeak lasaitasuna ekarri zezakeela, eta etxekoek lortu dute saria azkenean. Bigarren gola sartzeko ere aukera ederrak izan dituzte, baina ez dute asmatu.
Robert Navarroren distira
Bigarren zatiaren hasierak ildo beretik jo du. Fisikoki sasoiari eutsi diete zuri-gorriek, eta aurkariaren area inguruan jokatu dute erabat. 50. minuturako hemezortzi jaurtiketa zituzten eginak, baina emaitzak zera adierazten zuen: banakoa. Urduritasunari eta tenpleari eusten asmatu du Valverderen taldeak, eta entrenatzaileak berak ere asmatu egin du aldaketekin. 63. minutuan hiru jokalari zelairatu ditu: Areso, Ruiz de Galarreta eta Robert Navarro. Galarretaren jokoak kontrola eman dio taldeari, eta Robert Navarrok distira ekarri du. Izan ere, jokaldi eder bat josi ondoren, sekulako gola sartu du nafarrak, areaz kanpotik. Ateko armiarma sareak ere kendu ditu.
2-1ekoarekin lasaitu egin da Athletic, eta garesti ordaintzeko zorian egon da. Karabakhek ez du amore eman, eta oso gertu izan du berdinketa. Yurik atepetik atera du baloia. Bihotz taupadak nabarmen igo dira San Mamesen, baina Guruzetak lasaitasuna ekarri du zelaira. Korner batean aldaratzea jaso ondoren, 3-1eko gola sartu baitu. Athleticek Newcastle izango du aurkari Txapeldunen Ligako laugarren jardunaldian, azaroaren 5ean.