Athleticek luzapena behar izan du Kopan aurrera egiteko

Ourensek eta talde zuri-gorriak hutsean amaitu dute arauzko denbora, eta luzapenean Jauregizarren gol ikusgarri batek eman dio sailkapena Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeari. Zelaiaren egoera kaskarrak erabat baldintzatu du partida.

Athleticeko jokalariak Jauregizarren gola ospatzen. BRAIS LORENZO / EFE
Athleticeko jokalariak Jauregizarren gola ospatzen. BRAIS LORENZO / EFE
jon eskudero
2025eko abenduaren 18a
21:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Kopako final-zortzirenetan izango da Athletic. Sufrituta izan arren, hurrengo faserako sailkapena eskuratu du, Ourenseren zelaian. Arauzko denbora hutsean amaitu ondotik, luzapena behar izan dute zuri-gorriek garaipena eskuratzeko. Bada, Mikel Jauregizarren gol ikusgarri batek eman dio sailkapena Ernesto Valverderen taldeari. Zelaiaren egoera kaskarrak erabat baldintzatu du partida. Lokatz tartean lehiatu dira bi taldeak, baina etxekoak hobeto moldatu dira egoera horretara. Athleticek komeriak izan ditu jokaldiak nahi bezala josteko, baina lanaren eta kastaren poderioz, helburua bete dute azkenean. Fisikoki ahalegin handia egin behar izan badute ere, saria jaso dute, eta hamasei onenen artean izango dira Kopan.

Hasierako hamaikakoari dagokionez, oreka, freskotasuna eta kalitatea bilatu nahi izan ditu Valverdek. Ohiko jokalari batzuk zelairatu ditu: Vivian, Sancet eta Guruzeta, kasu. Dena den, beste batzuei ere aukera emateko probestu du partida. Izetaren aldeko apustua izan da nabarmenena. Aurrez iragarri bezala, konfiantza apurrik gabe agertu da Athleticeko entrenatzailea; besteak beste, Ourensek lehenagotik Lehen Mailako bi talde kanporatuak baitzituen: Oviedo eta Girona, hurrenez hurren. Bada, lehen minuturako igarri da lan zailak izango zituztela zuri-gorriek. Lokatz tartean jokatu behar izan dute hasieratik, eta halako kasuetan gertatu ohi den moduan, zelaiaren egoerak asko murriztu du bi taldeen arteko aldea.

Testuinguru horretan, askoz hobeto moldatu da Ourense lehen zati luzean. Bi taldeei izugarri kosta zaie hiruzpalau pase jarraian ematea, eta neurketa hobeto irakurri du etxeko taldeak. Intentsitate gehiago azaldu du jokaldi guztietan, eta baloi luzeen bidez, dezentetan iritsi da Padillaren ate ingurura. Geldikako jokaldietan sortu du batez ere arriskua. Bi falta jaurtiketa baliatuta, errematean gogor ibili da Ourense, baina bi aukeretako batean ere ez du asmatu. Motibazioz eta ilusioz gainezka lehiatu dute etxekoek, eta Amin aurrelaria izan da jokalaririk onena. Buruhauste ugari sortu dio Athleticen atzeko lerroari, baina Vivianen gidaritzapean, sendo aritu da Valverderen taldea atzean.

Lehen hogei minutuak igarota, aurkariari ez ezik, zelaiari ere neurria hartu dio pixkanaka talde zuri-gorriak. Iñaki Williamsen hegalean topatu du zelaiko belarra ondoen, eta kapitaina etengabe saiatu da arrisku jokaldiak sortzen. Hura izan da taldearen mehatxu nagusia minutu horietan. Birritan sartu da arean abiadura baliatuta, baina azken pasean ez du asmatu. Gerora, Izeta izan da Athleticeko jokalaririk onena atsedenaldira bitarte. Gogotsu eta bizi ibili da ezkerretik, eta Lekuerekin batera sortu duen jokaldi batetik iritsi da Athleticen lehen jaurtiketa. Lekueren erdiraketa errematatu du Guruzetak, baina ez nahi bezala. Irrist egin du, eta horren erruz, zeruetara ihes egin dio baloiak.

Gauza bera gertatu zaio Guruzetari berari bi minutu beranduago. Adama Boirok baloi ona jarri dio ezker hegaletik, baina donostiarraren burukadak ez du aterik topatu. Irrist egin du berriz baloia errematatzerako garaian. Zutik egoteko komeriak izan dituzte jokalari batek baino gehiagok. Arazo handiekin Sancet ibili da, esate batera. Lerro artean min egiten ahalegindu arren, deseroso eta ezinean sumatu da nafarra. Lehen zatiko azken hamar minutuetan oso nagusi izan da Athletic, eta garairik txarrenean iritsi zaio atsedenaldia. Zuri-gorriak lokatzez gainezka erretiratu dira aldageletara, eta gogotsu ez ezik, arropa goitik behera aldatuta zelairatu dira bigarren zatia jokatzeko.

Aldaketa hirukoitza

Ez da aldaketarik izan hamaikakoetan, eta lehenengoa amaitu bezala hasi da bigarren zatia. Nagusi izan da Valverderen taldea, baloia oinetan izan du gehienean, eta Vesgak izan du lehen aukera. Zutoin ondotik kanpora joan da haren jaurtiketa, 47. minutuan. Aparteko gol aukerarik sortu ez arren,nagusi izan dira zuri-gorriak, eta gehiago itxaron gabe, 55. minutuan zelai erdiko bi jokalariak aldatu ditu Ourensek. Horrek indarra eman dio etxeko taldeari, eta berdindu egin da lehia. Disputa nagusitu da, zelaiaren egoera gero eta kaskarragoa bihurtu da, eta urduritasuna azalduz joan da pixkanaka euskaldunen artean. Ondorioz, aulkia astindu du Valverdek, eta jokalari garrantzitsuak zelairatu ditu bata bestearen atzetik: Nico Williams, Jauregizar eta Berenguer. Harritzekoa izan da Izeta kentzea, hura izan baita onena ordura arte.

Aldaketek ez diote nahi bezala fruiturik eman taldeari, eta halako kasuetan gertatu ohi den moduan, aurkarien akatsen zain egon dira bi taldeak. Bada, Ourenseko atezainak sekulako hutsa egin du baloi bat urruntzerako garaian, eta Sanceten oinetan geratu da baloia. Zelai erdi ingurutik gola egiten saiatu da nafarra, baina ez du asmatu. Ezerezetik, minutu batzuk geroago iritsi da Athleticen aukerarik garbiena. Gorosabelen erdiraketa bat buruz errematatu du Guruzetak, eta langa bete-betean jo du baloiak.

Pixkanaka arauzko 90 minutuak gerturatzen joan dira, eta bi taldeek erritmoa jaitsi dute. Irabaztea baino, ez galtzea eduki dute buruan. Fisikoki nabaritu da Athletic gehiago izan dela, baina jokoan ez dute hori islatu zuri-gorriek. Hein handi batean, zelaiaren egoeragatik. Nico Williamsek ahaleginak eta bi egin ditu eskuin hegaletik, baina beste egun batez, ez da fin aritu. Ourensek goitik behera egin du, eta zelai erdia pasatzeko ere komeriak izan ditu amaieran. Ourensek eta Athleticek ontzat jo dute luzapena azkenean.

Luzapenari begira, beste bi jokalari zelairatu ditu Valverdek: Unai Gomez eta Paredes. Mesederako izan da erabakia. Nabarmen agindu du Athleticek, eta momentu erabakigarrietan kamuts aritu arren, eta du inondik inora sufritu atzean. Bada, geldikako jokaldi baten bitartez iritsi da 0-1ekoa, espero ez zen momentuan. Berenguerrek falta atera, Paredesek buruz ukitu, eta boleaz areaz kanpotik sekulako jaurtiketa egin du Jauregizarrek. Goi mailako gola izan da, eta alderik aldeko irribarrearekin heldu dira bilbotarrak luzapeneko atsedenaldira. Emaitzari bere horretan eustea izan dute helburu azken hamabost minutuetan, eta lortu dute, erraz. Sufrituta izan arren, merezitako sailkapena eskuratu du Athleticek.

Ourense-Athletic

Ourense. Vivas; Coto, Carmona, Perez, Sanz; Moreno (Yuste, 58. min.) Ramos, Aranzabe (Guerrero, 68. min.), Ouhdadi; Muñoz (Nacho Castillo, 58. min.) eta Bouzaig.

Athletic. Padilla; Gorosabel (Areso, 90. min.), Vivian, Lekue, Adama Boiro (Paredes, 89. min.); Vesga (Jauregizar, 63. min.), Rego; I. Williams (Berenguer, 63. min.), Sancet (Unai Gomez, 89. min.), Izeta (N. Williams, 68. min.); eta Guruzeta.

Golak: 0-1: Jauregizarrek (105. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.