Athleticek bereak eta bi ikusi ditu gaur gauean Cultural Leonesa kanporatu eta Espainiako Kopako final-laurdenetarako sailkatzeko. Bereak eta bi, etxeko taldea hirutan jarri baita aurretik markagailuan: 1-0, 2-1 eta 3-2. Baina talde zuri-gorria gai izan da hirutan berdintzeko. Luzapena jokatu dute gero bi taldeek, eta, horretan, irabazi egin du Ernesto Valverdek entrenatutakoak, Unai Gomezek penaltiz sartutako gol bati esker: 3-4. Aurreko kanporaketan ere luzapena jokatu behar izan zuen Athleticek Ourense kanporatzeko.
Leonen (Espainia) irabazita, helburu nagusia lortu du Athleticek: Kopan aurrera egitea. Baina konplitu besterik ez du egin, bestelakoan, ezer gutxi egin baitu ondo. Beste behin, itxura oso eskasa eman du. Zaila zen Espainiako Superkopan baino okerrago aritzea, baina hortxe-hortxe aritu da Athletic. Ez du astindurik jaso, eta irabazi egin du; noski, aurkaria Cultural Leonesa zen, Espainiako Bigarren Mailako taldea, eta ez Bartzelona ahaltsua.
Hasieratik geratu da argi Valverdek ez zuela ezer gordeko, eta garrantzi handia eman ziola neurketari. Hala, Unai Simon ez beste —Padilla aritu da atepean—, titular guztiak zelairatu ditu. Ustez, alde handia dago jokalari horien eta Cultural Leonesakoen artean, baina gaur ez da hori sumatu, eta etxekoak nor baino nor gehiago aritu dira partida osoan.
Hasi bezain laster geratu da argi etxekoek barruan zuten guztia eta gehiago emango zutela. Lehen minutuan eman du aurreneko abisua Sobrinok, area kanpotik jaurtiketa arriskutsua eginda. Beste bi abisu eman ditu gero. Etxekoen ahaleginak saria izan du, eta, hamaseigarren minutuan, Ivan Calerok gola sartu du jokaldi landu eta bizi bat ederki biribilduta.
Batzuetan, kolpe bat jaso behar da suspertzeko, eta horixe egin du Athleticek: kolpea jaso ondoren suspertu. Hala, 26. minutuan, Guruzetak bana berdindu du area barruan baloia buelta-erdian errematatuta. Baina ezer gutxi iraun die poza zuri-gorriei, hurrengo jokaldian gola sartu baitu Ivan Calerok kontraeraso azkar batean. Epaileak baliogabetu egin du gola, jokoz kanpogatik, baina erabakia aldatu du gero.
Baina bigarren kolpe horri ere erantzun dio Athleticek, eta, 38. minutuan, Guruzetak berriro sartu du gola, binakoa. Baina berriro, denbora gutxian, pozatik etsipenera igaro dira zuri-gorriak, 39. minutuan Vivianek eskuarekin ukitu baitu baloia korner batean, eta epaileak penaltia adierazi baitu. Sobrinok ez du huts egin. Beste kolpe bat izan da bisitarientzat.
Baina horri ere erantzun diote. Lehen zatia amaitzear zela, Nico Williamsek zutoinera erramatatu du baloia buruz, eta aldaratzean penaltia egin diote. Sancetek bota du, eta hirunakoa lortu. Horrela bukatu da lehen zatia. Partida nola joan zen kontuan hartuta, emaitza ona zen zuri-gorrientzat. Sustoa pasatu eta gero, bigarren zatian nagusitu beharra zuten, baina, horretarako, asko hobetu beharra zuten.
Bigarren zatian hobeto ekin dio Athleticek, baina berehala okertu zaizkio gauzak: 56. minutuan, Paredesek zerbait esan dio epaileari, eta hark txartel gorria atera dio. Horrek zaildu egin die lana zuri-gorriei. Ezer gutxi gertatu da bigarren zatian, bi taldeek ez baitute beharrezkoa baino gehiago arriskatu nahi izan. Hirunakoarekin amaitu da bigarren zatia. Luzapena jokatu beharko zuten.
Athleticek susto galanta izan du luzapena hasi eta gutxira: 95. minutuan, jokaldi nahasi batean, Yayok gola sartu du. Epaileak ontzat jo du, baina erabakia aldatu du gero, Cultural Leonesako jokalaria jokoz kanpo baitzegoen. Sufrimendutik gozamenera pasatu dira zuri-gorriak handik gutxira. 102. minutuan, Unai Gomezek zutoinera bota du baloia, Nico Williamsek jaso du aldaratzea, eta penaltia egin diote. Unai Gomezek berak bota du penaltia, eta gola sartu du. Lehen aldiz, aurretik jarri da Athletic. Eta alde horri eutsi dio neurketa bukatu arte. Irabazita eta sailkatuta, konplitu egin du talde zuri-gorriak, baina ez ditu inondik inora zalantzak uxatu.
CULTURAL LEONESA-ATHLETIC
Cultural Leonesa. Bañuz; Garcia, Fornos, Barzic, Hinojo (Tomas, 105. min.); Maestre, Diallo (Ojeda, 64. min.); Ivan Calero (Chacon, 78. min.), Bicho (Yayo, 46. min.), Sobrino (Ribeiro, 64. min.); eta Manu Justo (Collado, 99. min.).
Athletic. Padilla; Gorosabel (Areso, 68. min.), Vivian, Paredes, Ruiz de Galarreta (Yuri, 59. min.), Jauregizar; Williams (Navarro, 84. min.), Sancet (Unai Gomez, 68. min.), Nico Williams; eta Guruzeta (Izeta, 84. min.).
Golak. 1-0: Ivan Calerok (16. min.). 1-1: Guruzetak (26. min.). 2-1: Ivan Calerok (28. min.). 2-2: Guruzetak (38. min.). 3-2: Sobrinok, penaltiz (41. min.). 3-3: Sancetek, penaltiz (46. Min.). 3-4: Unai Gomezek, penaltiz (104. min.).
ALAVESEK RAYO KANPORATU NAHI DU
Alavesek ere final-laurdenak jokatu nahi ditu, eta, horretarako, Rayo Vallecano kanporatu behar du bihar, Mendizorrotzan (21:00, DAZN). Eduardo Coudetek esan du «aldaketa batzuk» egingo dituela hasierako hamaikakoan. Lucas Boye ez da ariko, ez baita osatu.