Athleticek markagailua irauli eta garaipen garrantzitsua lortu du Oviedon

Lehen zati eskasa jokatu eta gero, Jauregizarren eta Sanceten golei esker irabazi dute zuri-gorriek. Bederatzigarren dira sailkapen nagusian.

Oihan Sancet bere gola ospatzen, gaur, Oviedon. ELOY ALONSO / EFE
Oihan Sancet bere gola ospatzen, gaur, Oviedon. ELOY ALONSO / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko otsailaren 15a
17:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Kopako finalaurrekoak utzitako aho zapore txarra zertxobait konpondu du Athleticek. Zuri-gorriek sailkapeneko azken bi sailkatuen aurka jokatu dituzte ligako azken bi jardunaldiak, eta, disdirarik egin gabe, baina arnasa hartzeko balio dieten bi garaipen garrantzitsu lortu dituzte. 

Ernesto Valverdek zenbait jokalari garrantzitsu berreskuratu ditu gaurko. Hamaikakoan izan dira, besteak beste, Yuri, Sancet eta Paredes. Lehen minutuetan baloia izan du Athleticek, baina ez du arriskurik sortu, eta pixkanaka hobera egin du Oviedok. Hala, atezainak luze jotako baloi batean, Ilyas bakarrik geratu da Unai Simonen parean, eta ez du barkatu. 29. minutua zen.

Atsedenaldiak mesede egin die zuri-gorriei, eta pixkanaka nagusitzen hasi dira. 57. minutuan iritsi da saria: Jauregizarrek gol bikaina sartu du area kanpotik. Jokaldi horretan bertan min hartu du, ordea, Bermeoko erdilariak, eta albiste kezkagarria izan daiteke, taldeak ez baititu jokalariak sobera zelai erdian.

Minutu batzuk geroago, Athleticen aldeko penalti argia adierazi du epaileak. Carmok eskuarekin urrundu du Iñaki Williamsen burukada bat. Sancet izan da jaurti duena, eta dotore bidali du baloia sarera, erdi-erditik. 

Zuri-gorriak Europara begiratzeko moduan dira berriz ere: bederatzigarren postuan daude 31 punturekin, Realarekin berdinduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.