Athleticek Marokoko torneoko finala jokatuko du gaur Casablancan

Udinese izango du aurkari, eta jokalariek txapelketa irabazteko gogoz daudela adierazi dute

ERREDAKZIOA BILBO
2008ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Denboraldi-aurrean, jokalariak irrikaz egoten dira partidak jokatzeko. Athleticekoak gustura egongo dira, partida mordoa jokatuko dituztelako Liga hasi artean. Lehia horietako batzuk, gainera, aurkari sendoen aurkakoak izango dira; esaterako, gaur gauekoa. Marokoko Summer Cup torneoko finala jokatuko baitute bilbotarrek Udineseren aurka. 21:45ean hasiko da, eta ETBk zuzenean emango du. Jokalariak txapelketa irabazteko irrikaz daude, Iñaki Muñozek esan duen bezala, «denboraldi-aurreko lehen proba garrantzitsua baita».

Ez da liga hasi aurreko partida garrantzitsu bakarra izango, Athleticek baieztatu duenez, Ramon de Carranza txapelketa ere jokatuko dutelako Cadizen (Espainian). Aurkariak Sevilla, Vila-real eta Cadiz izango dira abuztuaren 14an, 15ean eta 16an. Aurkezpen ofiziala, berriz, datorren asteartean egingo da. 18:30ean entrenamendua egingo dute San Mamesen, eta 20:00etan hasiko da ekitaldia. Sarrera doan izango da.

Osasunak Renan nahi du

Lehen Mailako beste euskal taldeak, Osasunak, beste fitxaketa bat egin nahi du. Brasilen jarri du begia Juanjo Lorenzo kirol zuzendariak, eta Atletico Mineiro taldeko Renan gustatzen zaio. Zelai-erdian aritzen da, ezker hegalean, eta erasoan abila da 22 urteko brasildarra. Bere taldeak baieztatu egin du Osasunak fitxatu nahi duela, eta ondorioz, ez ditu jokatuko hurrengo bi partidak.

Fitxaketa gauzatu duena Alaves izan da. Javier Selvas erdiko atzelariari bi urterako kontratua egin dio, baina datorren denboraldian Aguilas taldean ariko da, Espainiako Bigarren B Mailan. Villajoyosan (Espainia) jokatu du orain arte, Hirugarren Mailan.

Jokalari gehiago ekartzeko aukera aztertzen ari dena Eibar da. Asier Goiria aurrelaria Elxera joateko aukerekin dagoenez, «merkatuan zer dagoen begira ari» direla esan duJaime Barriuso presidenteak. Goiria erosteko baldintza zein den ere azaldu du: 300.000 euroko etete-klausula ordaintzea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.