GIRONA 3-0 ATHLETIC

Athleticek partida etsigarria jokatu du Gironan, eta merezita galdu du

Europarako postuetan sartzea gero eta zailago dute zuri-gorriek. Hugo Rincon Athleticek utzitako jokalariak sartu du Gironaren lehen gola, eta bere burua aldarrikatu du. Badirudi Valverderen zikloa amaitzear dagoela.

Claudio Echeverri Gironako jokalaria, Athletici sartutako gola ospatzen, partidako hirugarrena. SIU WU / EFE
Claudio Echeverri Gironako jokalaria, Athletici sartutako gola ospatzen, partidako hirugarrena. SIU WU / EFE
jon eskudero
2026ko martxoaren 14a
16:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezinezkoa zirudien arren, iragan sasoiko marka guztiak hautsi ditu gaur Athleticek, Gironaren zelaian. Jarraitzaile askok oroituko duten moduan, zuri-gorriek porrot mingarria izan zuten joan den denboraldian Kataluniako lurretan, hiru penalti huts egin baitzituzten. Bada, ez da neurri txikiagokoa izan gaur gertatu zaiona. Partida etsigarria jokatu eta gero, merezita galdu du Athleticek, baina hori ez da guztia. Bilbotik utzita joandako jokalari batek egin du 1-0ekoa: Hugo Rinconek, partida hasi eta berehala. Athleticen tokirik ez zuela eta, Gironara utzita bidaltzea erabaki zuten kirol arduradunek, eta nafarrak odolkiak ordainetan eman dizkie. Hark bideratu du lehia etxekoen alde, eta bigarren zatian iritsi dira beste bi golak, Ounahiren eta Echeverriren eskutik.

Lehen minutuetatik okertu zaio partida Athletici. Valverdek erabaki du aurrelari petorik gabe zelairatzea, Iñaki Williams izan baita jokalaririk aurreratuena, Guruzeta aulkian utzita. Plana berehala aldrebestu zaio entrenatzaileari, Hugo Rinconek sekulako gola egin baitu laugarren minutuan. Gironak ongi mugitu du baloia alde batetik bestera, eta eskuin hegaletik sekulako jaurtiketa egin du nafarrak. Goi mailako gola izan da. Orain arte ere nahikoa eztabaida bazegoen Athleticen defentsako eskuin hegalaren inguruan. Gaur Gorosabelek jokatu du hasieratik, eta Areso aulkian geratu da. Ordea, Hugo Rinconek erakutsi du baduela aski kalitate zuri-gorriz jokatzeko. Ondo bidean, datorren denboraldian Lezaman izango da.

Partida hasierako kolpea irenstea kosta egin zaio Valverderen taldeari, baina gutxinaka neurria hartu dio partidari, eta hogeigarren minututik aurrera bere egin du baloia. Hori bai, zelaiaren hiru laurdenetatik aurrera argitasuna eta kalitatea falta izan ditu. Sancet ez da lehengoa, Berenguer eta Robert Navarro ere bigun aritu dira hegaletatik, eta Williams anaietan zaharrena iparra galduta ibili da erabat. Ez dio neurria hartu aurrelari postuari, eta lehen zati guztian Athleticek mehatxu txiki bat bera ere ez du egin erasoan. Williamsek 500. partida jokatu du Athleticekin, baina ahazteko moduko eguna egokitu zaio.

Ondorioz, atsedenaldian aulkia mugitu du Valverdek. Navarro eta Gorosabel aldagelan utzi ditu, eta Areso eta Guruzetaren aldeko apustua egin du. Guruzetak berak sekulako aukera izan du 47. minutuan, baina barkatu ezin diren aukera horietako bat huts egin du. Kasik ate osoa libre zuela, atezaina jo du gorputzean. Laportek ere aukera ederra izan du 62.ean, baina ez du asmatu. Minutu duinak jokatu ditu Athleticek tarte horretan, baina hortik aurrera etsia nagusitu da. Behera egin dute jokalariek, eta Gironak festa biribiltzeko baliatu du hori. Ouanahik egin du 2-0ekoa, 77. minutuan, eta luzapenean iritsi da hirugarren gola, Echeverrik egina. Bi jokaldi horietan sekulako kontzentrazio falta erakutsi dute zuri-gorriek.

Pazientzia bukatuta

Ohiturari eutsiz, partida amaitutakoan Bilbotik Gironara joandako zaleak agurtzera joan dira Athleticeko jokalariak, baina ez dute txalorik jaso. Kontrakoa: zapi zuri batzuk ikusi dira. Europari begira, partida zinez garrantzitsua zen gaurkoa, eta irudirik etsigarriena eskaini du taldeak. Gero eta zailago du Europarako postuetan sartzea, baina, jokoa ikusita, nabarmena da krisialdi betean dagoela taldea.

Iñaki Williamsek barkamena eskatu du mikrofonoen aurrean: «Presioan gaizki aritu gara, eta arlo denetan gainditu gaitu Gironak. Barkamena eskatzen dugu. Elkarren ondoan lanean jarraituko dugu jokalariok, Europarako sailkatu ahal izateko. Valverderengan konfiantza osoa dugu, eta errudun bakarrak jokalariok gara». Badirudi Valverderen zikloa amaitzear dagoela Bilbon.

GIRONA-ATHLETIC
Girona. Gazzaniga; Hugo Rincon, Frances, Blind, Martinez; Tsygankov, Beltran (Ivan Martin, 69. min.), Witsel, Qunahi (Ruiz, 82. min.), Roca (Alex Moreno, 82. min.); eta Vanat (Echeverri, 69. min.).
Athletic. Unai Simon; Gorosabel (Areso, 46. min.), Vivian, Laporte, Yuri; Ruiz de Galarreta, Jauregizar (Vesga, 68. min.); Robert Navarro (Guruzeta, 46. min.), Sancet (Nico Serrano, 74. min.), Berenguer; eta I. Williams (Izeta, 78. min.).
Golak. 1-0: Hugo Rinconek (4. min.). Ounahik (77. min.). 3-0: Echeverrik (92. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA