Athleticek presio handiarekin jokatuko du bihar Almerian

Zuri-gorriek argi dute etxeko puntuekin ez dela nahikoa izango Europako lehiaketetan jokatzeko

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Futbol profesionalean jokalari ona izatea bezain garrantzitsua da presiopean ondo moldatzeko gaitasuna izatea. Partida erabakigarrietan ikusten omen da jokalarien benetako maila. Bada, Athleticeko eta Almeriako jokalariei euren balioa erakusteko ordua iritsi zaie. Ez da hil edo biziko partida. Mediterraneoko Jokoetan galtzaile ateratzen denak aukera izango du egoerari buelta eman eta denboraldi honetarako duen helburua lortzeko. Hala ere, neurketa puntu barik amaitzen duen taldeari min handia egingo dio porrotak.

Biharkoa, garrantzia handiko partida da bi taldeentzat. Beraz, talde batek zein besteak presio handiarekin ekingo dio neurketari. Ez dute presio mota berbera izango, ordea. Ez baita gauza bera Europarako txartela jokoan duen talde batek daukan presioa edota mailari eusteko borrokan murgilduta dagoen talde batek daukana. Askoz ere lotuago aritzen da, normalean, arazoak dituen taldea. Almeriako jokalariek izan dezaketen antsietatea baliatzen ahaleginduko da Athletic.

Etxeko taldea sufritzen egon arren, inork ez du Athleticen aldeko apustu garbia egiten. Talde zuri-gorria ez baita fidatzeko modukoa. Etxetik kanpo ez behintzat. San Mamesetik urrun gabezia asko ari da erakusten jardunaldiz jardunaldi: defentsako hutsak, partidari aurre egiteko jarrerak eta beste hainbat kontu tarteko, erdipurdiko taldea da Caparrosena kanpoan. Beraz, normala da taldearen inguruan zalantzak egotea. Bestalde, ez da ahaztu behar Caparrosen aroan Athleticen denboraldi amaierak txarrak izan direla. Luze egin zaizkio denboraldiak talde bizkaitarrari. Horrek ere ez du baikor izaten laguntzen. Dena dela, bai entrenatzaileek eta bai jokalariek argi dute sasoion aurrekoetan baino itxura hobea emango duela Athleticek.

Castillo eta Toquero

Bihar dauka Athleticek sasoi honetako azken txanpa desberdina izango dela erakusteko aukera. Mediterraneoko Jokoetatik puntu barik itzuliz gero heldu den larunbateko Real Madrilen kontrako neurketak final traza hartuko baitu zuri-gorrientzat. Bestalde,hamaikakori dagokionez, badirudi Castillo eta Toquero hasierako hamaikakora itzuliko direla. Ezker hegalekoak lan txukuna egin zuen joan den asteko lagunarteko partidan, eta aukera izan dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.