Bizpahiru emaitza txar nahikoa izaten dira Real Madrilen inguruan krisi hotsa sortzeko. Hala gertatzen ari da orain, eta zalantzak sortu dira Xabi Alonso buru duen proiektuaren inguruan. Hain zuzen ere, zalantza horiek baliatu nahi ditu gaur Athleticek, San Mamesen, eta ligan Europan jokatzeko postuetarako borrokan sartu (19:00, La Liga).
19. jardunaldiko norgehiagoka da. Berez, urtarrilaren 11ko asteburuan jokatu beharko litzateke, baina orduan bi taldeak Espainiako Superkopa jokatzen egongo direnez, aurreratu egin dute. Athleticek egutegi betea eta zaila du gaurtik datorren asteazkenera bitarte. Ligan, gaur Real Madrilen aurka jokatzeaz gain, larunbatean Atletico Madril jasoko du. Astebete barru, berriz, PSG izango du aurkari Txapeldunen Ligan. Partida hori San Mamesen ere jokatuko dute. «Aste polita dugu aurretik, gozatu egin nahi dugu, eta ondo lehiatu. Biharko [gaurko] partidan emaitza ona lortzeak bultzada handia emango liguke», esan zuen atzo Ernesto Valverdek.
Halako partida handietan talde zuri-gorria hazi egiten da, eta San Mamesek are gehiago estutzen du. Gaur ere halako giroa espero da. Askok iazkoa izango dute gogoan. Real Madrilek urtebete zeraman etxetik kanpo galdu gabe, baina Athleticek 2-1 irabazi zuen. Berenguerrek eta Guruzetak sartu zituzten zuri-gorrien golak. Denboraldi honetan Athletic gorabeheratsuago ari da, eta golak sartzeko zailtasunak izaten ari da. Baina sasoiko lehen garaipen handia lortu nahi du etxean, zaleei eskaintzeko.
Robert Navarro ez da osatu. Larunbatean min hartu zuen, Levanteren aurkako partidan. Iñaki Williams ere deialdian sartu ezinik dabil oraindik: «Gabonen aurretik jokatzeko moduan egotea espero dugu». Deialdian dira bigarren taldeko Endika Bujan eta Eder Garcia