Amaitu da Athleticen ibilia Espainiako Kopan denboraldi honetan. Gaizki amaitu da, zigorra jaso baitu gaur Atletico Madrilen zelaian: 4-1 galdu du. Emaitza horrek bi ondorio ditu: batetik, Javi Lergak entrenatutako taldea ez da sailkatu finalerdietarako; eta, bestetik, Athleticeko jarraitzaileak bigarren urtez jarraian geratu dira euren taldea etxean bertatik bertara ikusi ezinik.
Erronka zaila zuen talde zuri-gorriak: koska bat gorago dagoen aurkari baten kontra ariko zen; zerbaitegatik ari da Atletico Madril Txapeldunen Liga jokatzen. Gainera, Espainiako taldeak etxean jokatuko zuen kanporaketako partida bakarra. Hori aski ez, eta zenbait jokalari garrantzitsu gabe ariko zen Athletic. Gauza asko zituen kontra. Alde, ordea, talde bakoitzaren sasoia eta joera zituen: bolada gozoan zegoen Athletic, eta krisi betean Atletico Madril. Baina boladak, onak zein txarrak, eten egiten dira noizbait, eta, Athleticen zoritxarrerako, gaur eten dira; Atletico Madril, berriz, haren bizkar suspertu da, noiz eta sari handia jokoan zegoela: finalerdiak jokatzea. Atletico Madrilentzat izan da saria. Athletic, ordea, esku hutsik geratu da.
Athleticek ordu laurden eskas eutsi dio Atletico Madrili. Tarte horretan sendo aritu dira bisitariak, eta etxekoak nekez iritsi dira aurkariaren arearen ingurura. Sendo eutsi bakarrik ez, aurrera ere egin du Athleticek, eta laugarren minutuan aukera ona izan du Clara Pinedok gola sartzeko, baina haren jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora.Â
Pixkanaka-pixkanaka, Atletico Madrilek gora egin du, eta arriskua sortzen hasi da. Baloia patxadaz jokatuz eta pase onena bilatuz lortu du. Hemezortzigarren minutuan, Olatz Santanak ondo gelditu du Andrea Medinak egindako burukada. Handik gutxira, Jensenek beste aukera bat izan du, baina kanpora bota du baloia. Nagusi zen etxeko taldea, eta sufritzen ari zen Athletic.
Amaiurren erakustaldia
Hirugarren ahaleginean, ordea, ez du huts egin Atletico Madrilek. 33. minutuan, etxekoak bizi atera dira kontraerasora, Amaiurrek pase zehatza egin dio Jenseni, eta hark ez du huts egin Olatz Santanaren aurrean. Gol horrek etxekoen nagusitasuna eta bisitarien ezina areagotu du, eta bost minutu eskas geroago, bigarren gola sartu du Atletico Madrilek. Kontraerasoan izan da berriro: Laurenek luze bota du baloia aurrera, Amaiurrek aurrea hartu dio Elexpururi, bikain jaso du baloia, eta ezin hobeto amaitu du jokaldia. Lehen golean bezala, bigarrenean ere eskas aritu da Athleticeko defentsa, eta oso garesti ordaindu du.Â
Jota zegoen Lergaren taldea, eta etxekoak hori aprobetxatzen saiatu dira, lehen zatia amaitu baino lehen partida erabakita uzteko. Lortzekotan izan dira, Fiammak gola sartu baitu, baina epaileak baliogabetu egin du, jokaldia telebistan berrikusi eta Sara Ortegari falta egin ziotela adierazita. 2-0ekoarekin bukatu da lehen zatia. Bigarren zatia falta zen jokatzeko, baina Athletici izugarri zaildua zitzaion neurketa. Suspertu beharra zuen.Â
Hori egin nahian, Lergak Azkona zelairatu du Ane Camposen ordez. Athleticek beste aldarte batekin ekin dio bigarren zatiari, gogotsu, eta arriskua sortzen hasi da. Horri segida eman nahian, Lergak hiru aldaketa egin ditu kolpe batez: Agote, Gurtubai eta Benito zelairatu ditu Vilariño, Leire Baños eta Nerea Nevadoren ordez. Aspaldiko partez, nagusi ziren bisitariak.Â
Athletic itsu-itsuan ari zen golaren bila, eta askotan gertatu ohi da horrela arituta gola jasotzea. Eta horixe gertatu da, 67. minutuan hirugarren gola jaso baitu. Fiammak sartu du, Amaiurren jokaldi bat amaituta. Hirugarren gol horrek erabakita utzi du partida. Bisitariek erasoan jarraitu dute, eta Amaiurrek ederki aprobetxatu du bere erakustaldia biribiltzeko: laugarren gola sartu du 77. minutuan. Azkenerako, Athleticek helburua lortu du, eta gol bat sartu du, emaitza nolabait txukuntzeko. Azkonak sartu du, buruz, 91. minutuan. Horrela amaitu da partida. Amaitu da Athleticen ibilia Kopan. Gaurkoa lehenbailehen ahaztu eta Ligari heldu behar dio orain. Gaurkoak ikasgaia izan behar du etorkizunerako.
ATLETICO MADRIL-ATHLETIC
Atletico Madril. Gallardo; Lloris, Lauren Leal, Menayo (Xena, 82. min.), Medina; Fiamma, Boe Risa (Natalia Peñalvo, 78. min.), Bartel (Kuehl, 65. min.); Alexia, Amaiur (Sheila, 78. min.) eta Jensen (Priscila, 65. min.).
Athletic. Olatz Santana; Elexpuru, Landaluze (Maddi Torre, 85. min.), Eider Arana, Nerea Nevado (Gurtubai, 58. min.); Valero, Leire Baños (Agote, 58. min.), Pinedo; Vilariño (Benito, 58. min.), Ane Campos (Azkona, 46. min,) eta Sara Ortega.
Golak. 1-0: Jensenek (33. min). 2-0:Â Amaiurrek (38. min). 3-0: Fiammak (64. min.). 4-0: Amaiurrek (77. min.). 4-1: Azkonak (91. min.).