Reala-Athletic

Athleticeko jokalariek bi lerrotan hartuko dituzte Realekoak derbian, «behar duen bezala»

Reala eta Athletic berriz ariko dira bihar elkarren aurka, ligan eta Anoetan. Athleticeko entrenatzaileak esan du Athletic «benetako jaun bat dela» eta bi lerrotan hartuko dituztela txuri-urdinak. Imanolek partida «ezberdina» espero du larunbatekoaren aldean.

Marcelino, gaurko lan saioan. ATHLETIC CLUB
Jon Ordoñez Garmendia - Aitor Manterola
2021eko apirilaren 6a
16:05
Entzun

Reala eta Athletic parez pare izango dira bihar ere. Espainiako Ligako partida da, larunbatean Kopako finalaren egunean jokatu behar zutena, eta Anoetan izango da (21:00). Derbiak beti partida bereziak baldin badira, are eta bereziagoa izango da asteazkenekoa, bi taldeak Kopako finalean elkarren kontra aritu eta lau egunetara jokatuko baita. Eta testuinguru horretan zenbaitzuek giroa nahasi dute partida hasiera dela eta. Txapeldun berria izaki, ohikoa da talde bateko jokalariek txapeldunei bi lerrotan harrera egitea aldagelatik zelaira ateratzen direnean. Klubak eta jokalariek ez dute ezer esan gai horri buruz, eta zalantzak horiek datoz, hain zuzen, aurreko astean, finalaren aurretik, zurrumurru bat zabaldu zelako, zeinari batzuek albiste izaera eman zioten: bi taldeetako kapitainek adostu zutela, finalean emaitza edozein izanda ere, galtzaileak ez hartzea bi lerrotan irabazlea. Marcelino Garcia Toral Athleticeko entrenatzaileak, ordea, partida aurreko agerraldian argi eta garbi utzi die bere jokalariek harrera hori egingo dietela Realekoei, behar duen bezala. Izan ere: «Benetakojaun bat Athletic».
 

«Porrot bat nola jaso behar den erakutsi dugu, min handiarekin, baina errespetuz beti. Besteekin beti jokatu behar da norberarekin jokatzea nahiko genukeen bezala», argudiatu du Marcelinok. Gaineratu du norberak erabakitzen duela nola ospatu bere garaipenak, eta ez du ezer esan nahi izan Realeko jokalarien ospakizunez. «Interesgarriena da nola egiten diogun aurre porrotari, besterik ez».

Larunbateko finalaz aitortu du ez dutela denbora askoan ahaztuko, eta ondorengo egunak ere oso gogorrak egiten ari zaizkiela. «Partida txar bat izan zen, horrekin geratzen naiz. Partida txarra Realarena, partida txarra Athleticena, eta partida txarra epailearena, ez zen Kopako partida baten neurrikoa. Aurkariaren huts bat baliatu zuenak irabazi zuen, baina esan behar da erasorako gureko jokoa pobrea izan zela. Final bat irabazteko guk egin genuena baino gehiago egin behar da», esan du.

Azpimarratu du atera jaurtiketarik egin gabe erabaki zela finala (penaltiz sartu zuen gola Oiarzabalek), eta azaldu du bere ustetan hamahiru hilabeteko atzerapenak zama astun bat bihurtu zitzaiela bi taldeei. «Horrek azaltzen du bi taldeen futbol maila. Euren alde erabaki zen, merezita, baina partida nola joan zen ikusita pentsatzen dut jokalariek zuten zama aurreko egunetan nabaritu nuen baino handiagoa dela». Zehaztu du arduraren eraginez egin zituztela hutsak, izan zituztela kezkak eta itolarria eragin ziela. «Hori gertatzen denean, blokeatu egiten zara».

Horren guztiaren ondorioz egun hauetan etsita daudela aitortu du, baina azpimarratu du onartu beharra dagoela irtenbideak jarri ahal izateko, «porrot handi hau izan dadin inflexio puntu bat». Ilusioa, harrotasuna eta anbizioa berreskuratu behar dituztela esan du Marcelinok, eta taldea batuta eta indartsu dagoela esan du. «Poztasuna berreskuratu behar dugu, ausardia, protagonistak izateko nahia. Horretarako gai garelako. Lehenbailehen lehiatzeko bidea aurkituko dugu. Hurrengo partida asteazkenekoa da, eta frogatu behar dugu larunbatekoa istripu bat izan zela».

Imanol: «Athleticek erakutsi zuen finalean klub handia dela, bihar bi lerrotan jarrita harrera egin edo ez»

Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak ere gaur eman du norgehiagokaren aurreko prentsaurrekoa, eta aurkariaren «handitasuna» nabarmendu du: «Athleticek larunbateko finalean erakutsi zuen klub handia dela. Erraza da gauzak ondo doazenean hori egitea, baina galdutakoan erakusten da handitasuna, eta erakutsi zuen, bai». Erantzun hori eman du biharko derbian bi lerrotan jarrita harrera egitearen inguruan.

Biharkoa larunbatekotik oso gertu dago, eta Imanolek bereizi egin nahi izan ditu bi partidak: «Ezberdina izango da biharkoa», esan du. Realak ezingo ditu atera, besteak beste, Asier Illarramendi eta David Silva, minez daudelako. Imanolek kontatu duenez, ezingo dute jokatu liga bukatzeko falta diren hamar partidetan: «Oso jokalari garrantzitsuak dira, erabakigarriak, eta pena da ezin jokatzea partida hauetan». Jokatzeko moduan daudenen alde egin du: «Beste jokalari batzuek aukera daukate nola dauden erakusteko». Realak asko du jokoan liga amaiera honetan: «Europan lehiatu nahi dugu datorren denboraldian ere». Irabazi egin beharko du horretarako, eta bihartik hasita. Bere taldeak zer egin beharko duen azaldu du Imanolek: «Serio jokatu beharko dugu, derbia delako, eta irabazi egin behar dugulako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.