Athletic 0-1 Bartzelona

Athleticen lan onak ez du saririk izan Bartzelonaren aurrean

Denboraldiko partidarik onenetakoa jokatu dute zuri-gorriek, baina golik eza garesti ordaindu dute. Lamine Yamalek erabaki du lehia, 67. minutuan, 0-1eko ikusgarria eginda.

Andoni Gorosabel, gaur, San Mamesen. FOKU
Andoni Gorosabel, gaur, San Mamesen. FOKU
jon eskudero
2026ko martxoaren 7a
23:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Galdu arren, Athletic txalo artean agurtu dute jarraitzaileek gaur San Mamesen, Bartzelonaren aurka egin duen ahalegina eskertuz. Aspaldian burumakur jardun ondoren, konpromiso handiko partida zuten zuri-gorriek, eta denboraldiko minuturik onenetakoak jokatu dituzte. Fisikoki lan izugarria egin dute jokalariek, eta futbolari dagokionez ere duin aritu da Ernesto Valverderen taldea. Ordea, halakoetan sarri gertatu ohi den lez, kalitateak erabaki du lehia. Lamine Yamalek 67. minutuan sarturiko gol ikusgarri batek 0-1 jarri du markagailua, eta bilbotarrek ez dute gaitasunik izan berdinketa lortzeko. Merezi izan dute gehiago, baina golik eza garesti ordaindu dute, eta saririk gabe gelditu dira. Hala, sailkapenean 35 puntu dituela, Europako postuetatik urrun samar jarraitu beharko du Athleticek.

Hasierako hamaikakoa aldaketaz josi du Valverdek, lehentasun izan baitu taldeak intentsitatea eta energia izatea lehen minutuetan. Hegaleko bi jokalariak ez ezik, erasoko hiru ere aldatu ditu, eta taldeak zinez eskertu du. Erritmo itogarrian zelairatu dira bi taldeak, eta, testuinguru horretan, eroso sentitu dira zuri-gorriak. Goi-goian egin dute presioa, eta, era horretan, bi gol aukera on izan dituzte hasieran. Lehenengoan, Berenguerrek jokaldi polita osatu du ezker hegaletik, eta haren erdiraketak Bartzelonako Canceloren oinean jo ondoren, baloiak langarekin egin du topo. Bigarren aukeran, berriz, Iñaki Williamsek buruz egin nahi izan du errematea, baina sorbaldarekin jo dio baloiari, eta norabide desegokia hartu du jokaldiak.

Interesgarriak eta positiboak izan dira Athleticen lehen minutuak, baina zortzigarren minutuan Unai Gomezek min hartu du belaunean, hanka ez atzera ez aurrera geratu baitzaio zelaian. Irudi kezkagarriak utzi ditu bermeotarrak, baina badirudi ez duela hain lesio larririk izango. Gomezen ordez, Robert Navarro sartu da zelaian, eta taldeak behera egin du apur bat. Presioan komeria batzuk izan ditu aurkariengana garaiz iristeko, eta hogei minutu luzez monologo bat nagusitu da zelaian. Bartzelonak izan du baloia erabat, eta Athletici lasterka egitea egokitu zaio. Dena den, 4-4-2ko sistema erabilita, zulorik ez dute utzi Valverderen jokalariek atzean, eta apenas sufritu duten defentsan. Kataluniarrei kosta egin zaie gol aukerak sortzea.

Elkartasun handia azaldu dute zuri-gorriek elkarren artean, ezin hobeki itxi baitituzte espazio guztiak. Baina erasoan mehatxu gehiago egitea falta izan zaie. Bartzelonaren defentsa aurreratuari kosk egin ezinda ibili da Valverderen taldea. Seltoni kosta egin zaio jokoan sartzea. Lehen ordu erdia igarota, hori bai, behetik gora egin dute etxekoek. Pauso bat aurrera eman dute, eta berdindu egin da jokoa. Tarteka, iragan denboraldiko Athletic agertu da zelaian. Regok eta Jauregizarrek lan handia egin dute zelai erdian, eta erasoan txinparta bereziz jardun dute aurrelariek.

Besteak beste, Seltonek buruz buruko aukera eder bat izan du Joan Garciaren aurrean, 35. minutuan, baina bigunegi jokatu du. Atezainak errazegi kendu dio baloia oinetatik. Geroago, Iñaki Williamsek gola sartu du, baina jokoz kanpo zegoen garbi. Eta, azkenik, Robert Navarrok gertu izan du 1-0ekoa ezker hegaletik, baina ez du asmatu azken errematean. Lehen zatiko azken minutuak oso onak izan dira Athleticentzat, eta jokalariek zaleen txalo artean hartu dute aldageletarako bidea.

Sancet, zelaira

Bigarren zatirako, aldaketa bat egin du Valverdek: Selton utzi du aldageletan, eta Oihan Sancetek hartu du haren tokia. Bartzelonak ere bere jokalaririk onena atera du: Pedri. Neurketak intentsitate izugarria izan du orduan ere, baina ireki egin da lehia. Bi taldeek garaipenaren bila jo dute, eta ikusgarritasuna nabaritu da. Area batean zein bestean izan dira aukerak. Bada, 57. minutuan epailea bihurtu da protagonista. Iñaki Williams bazihoan bakarrik, eta Cubarsik zangotrabatu egin du, baina epaileak txartel horia atera dio kataluniarrari, nahiz eta azken jokalaria izan. Sutu egin da San Mames, eta zapi zuriak atera dituzte zale batzuek poltsikoetatik.

Ireki ez ezik, jokaldi horren ondoren berotu ere egin da norgehiagoka, eta Bartzelonak jo du kolpea mahai gainean. Halakoetan gertatu ohi den moduan, kalitatea gertatu da erabakigarri. Ordurako zelairatuak zituen Hansi Flickek Lewandowski, Raphina eta Fermin. Golegilea, dena den, Lamine Yamal izan da, 67. minutuan. Pedriren jokaldi on bat hegalera iritsi zaio gazteari, eta begia jarritako tokian ipini du baloia. Jaurtiketa bikaina egin du, eta Unai Simonek ezin izan du deus ere egin.

Golak min egin dio Athletici, baina bere hartan jarraitu du lanean. Erregaiak azken minutura arte iraun dio, baina ez du gaitasunik izan berdinketaren gola egiteko. Azken metroetan inspirazio gehiago falta izan du. Dena den, Espainiako Kopan jasotako kolpea aintzat harturik, erantzun duina eman dute zuri-gorriek, eta erakutsi dute nortasuna eta ilusioa badituztela Europako postuetan sartzeko. Helburu hori lortzeko, 11 partida geratzen zaizkie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!