Osasuna ondo lehiatu da, baina galdu egin du Atletico Madrilen zelaian

Gorritxoak etxetik urrun irabazi gabe daude oraindik. Almadak sartu du madrildarren gola, 69. minutuan. Budimirrek gertu izan du berdinketa 89. minutuan, baina Oblakek gelditu ikusgarria egin dio hankarekin.

Osasunako jokalariak, burumakur, Almadak gola sartu eta gero. SERGIO PEREZ / EFE
Osasunako jokalariak, burumakur, Almadak gola sartu eta gero. SERGIO PEREZ / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko urriaren 18a
23:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur ere ez da posible izan. Osasunak Sadarretik urrun punturik batu gabe jarraitzen du: bost partida, eta bost porrot. Gorritxoek 10 puntu dituzte sailkapenean, baina denak etxean lortutakoak. Gaur 1-0 galdu du Atletico Madrilen zelaian. Ez du aparte izan berdinketa, lehiatu ere ondo egin da, eta ziurrenik puntu bat merezi zuen. Baina ez ditu momentu onak baliatu; Atletico Madrilek, aldiz, bai. 69. minutuan, Almadak gola sartu du, eta gorritxoak esku hutsik bueltatu dira etxera.  

Getaferen aurka zelairatutako hamaikakoarekin alderatuz, bi aldaketa egin ditu Alessio Liscik: Juan Cruz min hartuta dago, eta haren tokian Herrandok jokatu du; bestalde, Ruben Garciak hartu du Moi Gomezen tokia. Atletico Madril nagusi izan da neurketaren hasieran. Jokoaren ekimena izan du, eta bizi mugitu du baloia. Hala, zelai erditik aurrera dituen jokalariak asko mugitu dira, eta arazoak sortu dizkiete Osasunaren atzealdeko jokalariei. Gola ere sartu du Madrilgo taldeak. Baenak sartu du, Julian Alvarezen pase bikain bat jaso eta gero, 9. minutuan. Baina De Burgos Bengoetxea epaileari zera eskatu diote: VARean ikustera joateko. Telebistan ikus eta gero, ez du ontzat eman, Griezmann jokoz kanpo zegoela argudiatuta. 

Lehen 20 minutuetan Atletico Madril oso nagusi izan da, eta gorritxoek sufritu egin dute. 16. minutuan Herrerak gelditu bikaina egin dio Griezmanni. Aurrelaria parez pare geratu da haren aurrean, eta ondo atera dio eskua. 20. minututik aurrera norgehiagoka aldatuz joan da. Atletico Madrileko aurreko jokalariak ez dira hainbeste mugitu, eta, horren ondorioz, Osasunako atzelariek hobeto eutsi diete. Gainera, nafarrek gehiago izan dute baloia, eta Oblaken atera gerturatzen hasi dira. Victor Muñozek eragin die buruhauste gehien Atletico Madrilen atzelariei. 23. minutuan abagune ona izan du aurrelariak, baina errematea kanpora joan zaio, gutxigatik. Argiagoa izan da Torrok izan duena. Ruben Garciak ondo jaurti du falta bat, eta bigarren zutoinean egin du errematea erdilariak. Oblakek, ordea, baloia aldentzea lortu du. Catena gertu zegoen aldaratzea jasotzeko, baina ez du lortu.

Lehen zatiko azken 15 minutuetan lehia asko parekatu da. Bi taldeak buruz buru lehiatu dira, baina ez batek, ez besteak ez dute aukerarik sortu. Tarte horretan aldaketa bana egin behar izan dute bi taldeek. Osasunan Rosierrek min hartu du, eta haren ordez Iker Benito zelairatu da; Atletico Madrilen, berriz, Nico Gonzalezek zelaia utzi behar izan du, buruan hartutako kolpe baten ondorioz apur bat zorabiatu baita. Giuliano Simeone atera da haren ordez. Osasuna ondo egon da kokatuta zelaian, bloke ertainean. Atletico Madrili kostatu egin zaio zuloak topatzea. Lortu duen jokaldi apurretako batean, Julian Alvarezek erremate ona egin du, baina Herrerak ondo gelditu dio. Azken jokaldietan estutu egin du Atletico Madrilek, batez ere Giuliano Simeonek eman dion abiadurarekin. Baina gorritxoek ondo eutsi diote, eta lehen zatia hasi bezala amaitu da: 0-0.

Almadaren gola

Bigarren zatiaren hasieran Osasunak pauso bat eman du atzera, eta, lehen zatiaren hasieran gertatu bezala, etxekoak nagusi izan dira. Baloiaren jabetza izan dute, eta Giuliano Simeoneren bidez saiatu dira min egiten, Bretonesen bizkarrera. Atletico Madril maiz iritsi da gorritxoen atera, eta beste behin Herrerak gelditu erabakigarria egin du. Marcos Llorenteren pase ona jaso du sakonean Julian Alvarezek, eta area txikian egin duen errematea Herrerak atera du, hanka luzatuta. Simeonek Sorloth zelairatu du, Griezmannen ordez. Novergiako aurrelariak aukera argia izan du buruz, baina kanpora joan zaio errematea.

Osasunak ez zuen jokoaren kontrola, eta, hori lortzeko asmoz, Liscik Ruben Garcia kendu du, eta Moi Gomez atera du haren ordez. Gorritxoek aukera ona izan dute 66. minutuan, Iker Benitoren barneraketa on baten ostean. Haren erdiraketa Budimirrek errematatu du, baina baloiak Hanckori eman dio; baita ondoren Osasunak jokalariek egindako bi erremateek ere. Nahasia izan da jokaldia, baina ona aurretik jartzeko. Erreskadan gola sartu duena, ordea, etxeko taldea izan da. Giuliano Simeonek ondo gainditu du Bretones buruz buruko jokaldi batean, eta atzera eman dio pasea Almadari. Hura indarrez iritsi da, eta gola sartu du, 70. minutuan.

20 minutu falta ziren neurketa amaitzeko, eta, gola jasota, Osasunak aurrera egin behar zuen. Horretarako, marrazkia aldatu du Liscik. Atzealdean lauko lerroa jarrita jokatzen hasi da, eta aurrean bi aurrelari kokatuta. Horretarako, Herrando eta Torro kendu ditu, Raul Garcia de Haro eta Kike Barjaren ordez. 

Atletico Madrilek, berriz, pauso bat eman du atzera. Osasunari utzi dio baloia, eta kontraerasoan saiatu da bigarren gola sartzen. Baina hortik amaiera bitarteko abagune argiena Liscik zuzentzen duen taldeak izan du, 89. minutuan. Moi Gomezek pase ona eman dio Budimirri. Kroaziako aurrelariak area ertzean egin du errematea, baina oraingo honetan Atletico Madrileko atezain Oblakek atera du hanka, eta baloia atera dio. Epaileak hiru minutu baino ez du luzatu bigarren zatia, eta 1-0 amaitu da neurketa. 

Atletico Madril-Osasuna

Atlético Madril: Oblak; Llorente, Le Normand, Gimenez, Hancko; Pablo Barrios, Koke (Gallagher, 55. min.), Álex Baena (Almada, 62. min.), Nico Gonzalez (Giuliano, 42. min.); Griezmann (Sorloth, 55. min.) eta Julian Alvarez (Raspadori, 82. min.).

Osasuna: Sergio Herrera; Rosier (Iker Benito, 41. min.), Boyomo, Catena, Herrando (Raul Garcia de Haro. 75. min.), Bretones; Moncayola (Iker Muñoz, 85. min.), Torro (Kike Barja, 75. min.), Ruben García (Moi Gomez, 62. min.); Budimir eta Víctor Muñoz (Becker, 85. min.).

Golak: 1-0: Almadak (69. min.)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.