Diruak kirolean duen boterearen adierazle da Qatarko Sari Nagusia. Diruak soilik azal dezake gaurkoa bezalako karrera bat jokatzea. Hutsean sortutako zirkuitua da Losail, basamortuaren erdian eraikitakoa, eta iaz inauguratu ondoren, aurten bigarren aldiz jokatuko da sari nagusi bat hor. Ez du tradiziorik. Gidariek 50 graduko beroa jasan beharko dute, eta hidratatu daitezen eta istripurik jasan ez dezaten direnak eta ez direnak asmatu behar izan dituzte talde guztiek. Beroak pneumatikoei ere eragingo die; txikle bihurtzeko arriskua dute. Pneumatikoekin asmatzea loteria izango da, eta hor egon daiteke lasterketa irabazteko giltza.
Ibilbide zaila du Losailek. Guztiz laua da, eta ez du gidarientzat erreferentziarik. Helmugako zuzena oso luzea da, eta lehen bihurgunean gogor egin behar zaio balaztari; ausartenak soilik arriskatuko dira hor postuak aurreratzen.Entrenamenduen arabera, Capirossi beste behin ondo ariko da. Checa taldekidea ere hobera egiten ari da; iaz, gainera, oso ondo aritu zen Losailen eta gaur bizitasun handia emango dio lasterketari. Edonola ere, bere irregulartasun guztiekin Capirossi bigarren postua Biaggirekin (baita Edwards, Melandri eta Haydenekin) lehiatzen aritzea Rossik aurten duen nagusitatunaren seinale da.
250 cc-etan beste behin esango dut Pedrosak eskura duela txapelketa. Zein zirkuitutan irabaziko duen jakitea falta da. Aurreko lasterketa izan zuen erorikoak berak ere, nahiz eta gutxitan izan, huts egiten duela erakusten du. Zaila izango du Qatarren Stonerri 13 puntu ateratzea, eta oraindik itxaron egin beharko du. Gainera, karrera bateko zigorra bete ostean, Lorenzo gogotsu itzuli da, eta bere ausardiari inteligentzia gehitzen badio, aurrean egongo da.
Litro zortzirenean Luthi eta Kallio borroka estu batean sartuta daude. Malaisian ikusitakoaren ondoren lehenak abantaila duela dirudi, baina irregularra da eta nik Kallioren alde egingo nuke apustu.
ATZEKO ESERLEKUAN. Diruaren indarra, basamortu erdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu