Istanbulgo zirkuitua inauguratuko da gaur. Historian lehen aldiz Turkiako Motoziklismo Sari Nagusia jokatuko da. Zirkuitu berri batean gidatzeak egonezina sortzen du beti gidariengan, eta horrek onen eta txarren arteko ezberdintasunak murriztuko ditu gaur, hiru txapelketetan. Ikuskizuna ziurtatuta dago.
Istanbulgo zirkuitua karrera bakoitzean ahalik eta emozio gehien sortzeko marraztuta dago. Osoa da; igoerak ditu, jaitsierak, bihurgune motelak eta azkarrak, eta balaztei gogoz eragin beharreko lekuak. Pista zabala da, gainera, eta horrek etengabe aurreratzeko aukera ematen die txapelketako gidariei.Hori guztiagatik, eskertzekoa da denboraldiaren garai honetan Munduko Motoziklismo Txapelketa Istanbulgo zirkuitu berrira iristea. Dena erabakita dagoen arren, lehia bizia izango da. Hiru txapelketen artean, MotoGP da faborito garbi bat duen bakarra. O rei Rossi da zirkuitu berrietara ondoen egokitzen den gidaria. Horri denboraldi osoan zehar erakutsi duen nagusitasuna gehituz gero, zalantzarik ez dago. Bigarren postuagatik lehian ari diren lau gidariek, ordea, dena emango dute (Hayden, Melandri, Edwards eta Biaggi), eta Rossi nagusi bada ere, emozioa ez du faltako karrerak.250 cc.-etan ere dena erabakita dago. Gidariak presiorik gabe arituko dira, eta ziurrenik denboraldiko azken aurreko garaipena lortzeko borroka ikusgarria izango da. Dani Pedrosak bere hirugarren munduko titulua paseatuko du, eta orain dela hiru aste Casey Stonerrek txapelketa irabaz zezakeela esaten zutenak isilaraziko ditu beste behin.Istanbulen eta Valentzian gerta daitekeenak duen interesaz gain, datorren denboraldiko Rossi eta Pedrosaren arteko karreretan pentsatzen hasia naiz. Ikusteko gogoz nago. Jendeak uste duena baino parekatuagoa izango da. Kataluniarraren balioa ezin da neurtu. Bera da Rossi lehen postutik ken dezakeen gidari bakarra. Dena dauka: apaltasuna, inteligentzia, zentzutasuna, kalitatea eta talentua.125 cc.-etan apustuak egitea arriskutsua da. Mika Kallio gidari osoagoa da Thomas Luthi baino. Kalliok aurreko astean presioari ezin izan ziola eutsi ikusita, txapelketa suitzarrak irabaziko duelakoan nago. Edonola, Istanbulen Kalliok bere alde izango du esperientzia. Valentzian, titulua jokoan, dena izango da ezberdin.
ATZEKO ESERLEKUAN. Rossi eta Pedrosaren arteko lehiaren zain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu