Bartzelonako kapitain Carles Puyolen herrikoa dela dio, harro, Marc Bertranek (La Pobla del Segur, Herrialde Katalanak, 1982). Lleidako Pirinioak utzi, eta 16 urterekin Bartzelonara joan zen, Espanyolen harrobira. Bartzelonako taldearekin 2001ean Lehen Mailan debuta egin eta gero, Kordoban, Cadizen, Lorcan eta Tenerifen jokatu du Osasunara iritsi aurretik, eta, lesioekin arazoak izanagatik, aspaldian ez bezala gozatzen ari da.
Osatuta zaude azken lesioaz?
Bai, ondo nago. Arazorik gabe egin ditut aste honetako entrenamenduak, eta hemendik astelehenera arazorik ez izatea espero dut.
Lesioekin arazo dezente izan dituzu sasoi honetan. Baina, hala ere, 22 partida jokatu dituzu hasieratik. Pozik al zaude zure ekarpenarekin?
Bai, gustura nago, jokatzeko moduan izan naizen bakoitzean entrenatzaileak nigan konfiantza duela ikusi baitut. Hori oso garrantzitsua da. Dena dela, egia da lesio bat baino gehiago izan ditudala eta partidak jarraian jokatzea garrantzitsua izaten dela.
Damia ezker hegalean finkatu dela dirudi, eta Etxaidek min hartu eta gero, zure beharra dagoela dirudi.
Nire aldetik egin dezakedan guztia egingo dut Malagaren aurkako jokatzeko. Denboraldiko unerik garrantzitsuenean gaude, eta taldeari lagundu nahiko nioke, noski. Inork ez ditu galdu nahi geratzen diren partida hauek, eta prest izatea espero dut.
Lehen urtea duzu Osasunan. Klubak eta hiriak zertan harritu zaituzte?
Informazio bikaina nuen kontratua sinatu aurretik. Osasunan izandako taldekide ohi batekin baino gehiagorekin hitz egin nuen, eta denek gauza onak besterik ez zizkidaten esan. Horregatik, gauza gutxik harritu naute, baina benetan klub zoragarria da Osasuna. Hiria txikia bezain dotorea da, eta zaleek bikain laguntzen gaituzte. Egun, futbola dagoen bezala, ez dago gehiago eskatzerik. Oso pozik nago udan hartutako erabakiaz. Luxu bat da Osasunan egotea.
Orain, Osasunarekin Europan lehiatzeko borrokan sartuta zaude. Orain dela urtebete, berriz, Teneriferekin Bigarren B Mailara jaisteko zorian.
Futbolak gauza hauek izaten ditu, eta unean unekoaz gozatzen ikasten duzu. Aurreko sasoiko une txarren ostean, une gozo hauek gehiago baloratzen dituzu. Gauza ederra da helburu gozoak lortzeko borrokan aritzea, eta esperientzia txarragoen ondotik are eta gehiago gozatzen duzu.
Europan aritzeko ametsa betetzea posible al da?
Gure esku dagoen guztia egingo dugu. Badakigu ez dela erraza izango; talde asko ditugu oso gertu, gureak baino aurrekontu handiagoko taldeak dira guztiak eta guk baino premia handiagoa dute. Baina, hainbeste jardunaldi postu horietan egon eta gero, amaiera arte eutsi nahi diogu seigarren postuari, eta ez dugu ezer oparituko. Atzekoek ondo egin beharko dute dena. Ilusio ikaragarria dugu eta badakigu horrelako urteak ez direla sarritan izaten Osasunan eta hura bezalako klubetan. Zerbait dotorea lortzeko aukera dugu, eta saiatuko gara.
Ezinbestekoa da Malagari irabaztea.
Bai, oso garrantzitsua litzateke; amaiera gertu dago, eta etxeko partidetan kale egiterik ez dago. Malaga une gozoan dago, talde indartsua da, baina erakutsi dugu gure zaleen babesarekin edonor mendean hartzeko gai garela. Hor gaude, eta amaiera arte jarraitu nahi dugu.
2001eko azaroan Realaren aurkako partida hartan Lehen Mailan estreinako aldiz jokatu zenuenetik gora-behera asko bizi izan dituzu. Zure unerik gozoena zein izan da?
Espanyolekin Lehen Mailan debuta egitea gauza handia izan zen niretzat, eta horren ostean une bat aukeratu beharko banu, Teneriferekin Lehen Mailara igotzea lortu genuenekoa aukeratuko nuke. Halere, Osasunan gauza dotoreagoak lortzea ere ederra izango litzateke.
Osasunarekin Europarako sailkatzea handia litzateke, baina Lorcarekin Lehen Mailara igotzea are eta handiagoa izango zen, eta ia-ia lortu zenuen.
Jende gutxi gogoratzen da horretaz, baina egia da. Unai Emeryk bigarren urtea zuen entrenatzaile lanetan, eta Bigarren B Mailatik igo berriak izanagatik, Lehen Mailara igotzear izan ginen. Entrenatzaile itzela da Emery, eta izarrik gabeko talde batekin egundoko lana egin zuen. Azken aurreko jardunaldian Levanteren zelaian penalti bat huts egin genuen. Sartu izan bagenu, Lehen Mailara igoko ginen.
30 urte betetzear zaude. Noiz arte ikusten duzu zeure burua futbolean?
Ez dakit. Gorputzak esango du. Asko zaintzen naiz, ohitura osasungarriak ditudala uste dut eta horrek lagundu egingo dit, baina ez dago jakiterik. Hiru urterako kontratua sinatu nuen, eta Osasunan gehiago egotea gustatuko litzaidake.
Marc Bertran. Osasunako jokalaria
«Atzekoek ondo egin beharko dute dena; ez dugu ezer oparituko»
Marc Bertranen egoera goitik behera aldatu da urtebetean. Iaz, Bigarren B Mailara jaistear zen. Aurten, berriz, Europan jokatzetik gertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu