Montmartre mendixkan piztu zen Parisko Komunaren iraultza, 1871ko martxoaren 18an. Matxinadarako berebiziko inportantzia izan zuten komuneroek mendixkako tontorrean pilatuta zituzten kanoiek. Frantziako Guardia Nazionalak eraman zituen harat hogei egun lehenago, otsailaren 28an, biharamunean Alemaniako Inperioko tropak Eliseoko Zelaietan desfilatzekoak baitziren, eta arma boteretsu horiek atzeman ez zitzaten. Martxoaren 1ean, 30.000 soldadu alemaniarrek gurutzatu zituzten Eliseoko Zelaiak Garaipen arkuaren azpitik pasatu ondoren. Erakusleiho paregabea aurkitu zuten inperio sortu berriaren nagusitasuna munduari erakusteko. 104 urte geroago, Frantziako Tourraren antolatzaileek lasterketa toki berberean bukatzea erabaki zuten, tropela Eliseoko Zelaiak gurutzatzen ikusteak probari ospe handiagoa emanen ziolakoan. 50 urte pasatu dira ordutik, eta, urte hauetan guzietan tropelak Alemaniako tropek bezain erraz desfilatu duela iritzita, antolakuntza biharko etaparako pizgarri baten bila aritu da, matxinadarako elementuren baten xerka. Eta huraxe Montmartren aurkitu du, non bertzela.
Antolakuntzak joan den maiatzean jakinarazi zuen Eliseoko Zelaietako ohiko zirkuitu laua moldatu eginen zuela, Montmartreko igoera sartzeko. Iazko Olinpiar Jokoetako errepideko proban igoera erabakigarria izan zen hori, Lepic karrikako harbideetan goiti, eta horixe izan da Tourrean ere zati hori sartzeko arrazoia, Pierre-Yves Thouault lasterketaren zuzendariordeak adierazi zuenez: «Jokoetan anitz engaiatu ginen, eta Montmartrek utzi zizkigun irudi eta kirol ikuskizun ikusgarriekin, erran genuen: 'Zergatik ez?'».

Jokoetan bezala, hiru bider igoko dute kilometro pasa luze den eta batez bertze %5,9ko pendiza duen harbidedun karrika —azken igoera, helmugatik sei kilometrora—. Hala ere, alde nabarmenak daude Jokoen eta Tourraren artean, eta aldagai horiek kontuan hartu behar dira ikusteko ea Tourrak lor dezakeen iaz Remco Evenepoelek irabazi zuen probaren pareko ikuskizuna. Alde batetik, nahiz eta Montmartrera igo, zirkuituak ez dira berberak. Jokoetako zirkuituak Parisko erdigunearen ekialdera jotzen zuen, eta bukaeran Trocaderoko helmugara jaisten zen; Tourrekoak, ordea, Eliseoko Zelaiak ditu erdigune, eta ohiko zirkuituari hiru itzuli egin ondotik, bertze hiru itzuli eginen dituzte etorbidea eta Montmartre lotuta. Ibilbide osoaren luzeran ere alde handia dago: 132 kilometro ditu Tourreko azken etapak, eta 273 zituen, berriz, Jokoetako probak.
Bertzalde, testuingurua hagitz inportantea da. Jokoak egun bakarreko proba bat dira, kale edo bale, egunaren bukaeran dominak lortzeko lehian. Tourrean, berriz, mota guzietako hogei etapa jokatu ondotik ailegatuko dira txirrindulariak bihar Parisera, onenak emanda, eta, gaur ezuste erraldoirik gertatu ezean, jada erabakita dagoen sailkapen nagusi batekin. Bertze aldagai bat tropelaren tamaina eta antolaketa da: Olinpiar Jokoetan 90 ziklista atera ziren, eta txirrindulari gehien zuten selekzioek lau kide baino ez zituzten; Tourrean, ordea, atzoko etapa 161 ziklistak bukatu zuten, eta, gaurko etaparen faltan, bortz taldek eusten diete lasterketa hasierako zortzi kideei, eta gehienek zazpi kide dituzte oraindik. Tropelaren tamainak badu eragina hiri zirkuitu bateko karrika estuetan korritzeko maneran, eta, gainera, ohiko talde handiek herrialdekako selekzio txikiek baino dezentez ahalmen eta diziplina handiagoa dute lasterketa kontrolatzeko.
Hogei urte ihesaldi arrakastatsurik gabe
1975etik 2023ra urtero bukatu da Tourra Eliseoko Zelaietan —iaz, Nizan bukatu zen, historian lehenbizikoz Paristik edo hiriburuaren ingurutik kanpo—, eta 49 aldi horietatik 42tan tropela osorik ailegatu da helmugara —1989an bakarkako erlojupekoa jokatu zuten—. Ihesaldiek sei bider baino ez dute arrakasta izan, eta, gainera, sei horietatik erdiak 1977 eta 1979 artean jarraian gertatu ziren, hau da, Eliseoko Zelaietako helmugaren estreinako urteetan. 1979an, gainera, gaur egun zientzia fikziozkoa litzatekeen bukaera izan zuen: sailkapen nagusiko lehenbiziko biak ailegatu ziren helmugara buruz buruko lehian —Bernard Hinault maillot horidunak irabazi zuen etapa, Joop Zoetemelk garaituta—. Esprinterrak zituzten taldeek korritzeko manera eta taktikak gero eta gehiago garatu zituzten 1980ko hamarkadatik aitzinera, eta ia ezinezko bihurtu zuten Eliseoko Zelaien gisako ingurune lau batean inork tropelaren legea urratzea: 1987an, 1994an eta, azkenekoz, 2005ean baino ez da gertatu.
Ihesaldi ahaleginak urtero izan badira ere, Eliseoko Zelaietako etapak zeremonia kutsua hartua zuen aspaldian, hiru astez lehia etengabe eta akigarri bat egin ondotik, faboritoek eguna lasai hartu eta Parisera ailegatzea lortu duten txirrindulariek omenaldi gisa hartzeko etapa izan baita. Esprinta gertatuko zela ia segurua zenez, tropeleko ziklista bizkorrenentzat erranahi berezia hartu zuten Eliseoko Zelaiek, eta prestigio handiko garaipen bat bihurtu zen haientzat. Errate baterako, Tourrean inork baino etapa garaipen gehiago (35) dituen ziklistak, Mark Cavendishek, Eliseoko Zelaietan ere inork baino garaipen gehiago ditu: lau (2009-2012). Erregulartasunaren maillot berdea ere behin baino gehiagotan erabaki da lasterketako azken esprintean.
Hori dela eta, txirrindularitza munduan eztabaida sortu izan du azken etapa horrek —txirrindularien artean baino gehiago hedabideetan eta zaleen artean, segur aski—: alde batetik, etapak 1975etik izan duen itxurari eustearen aldekoak, txirrindulariek hiru astean nahikoa neke eta sufrikario izan dutela iritzita, eta esprinterrei erakusleiho berezi eta ospetsu bat zor zaielakoan; bertzalde, onenen arteko lehiak helmugako azken marra gurutzatu arte iraun behar duela diotenak. Tourrak bigarrenen alde egin du aurten. «Antolatzaileok proposatu egin dugu, eta txirrindulariek erabakiko dute», adierazi zuen Thouault Tourreko zuzendariordeak maiatzean. «Baina espero dugu Montmartretik igarotzeak lehiakortasuna ematea azken etapari». Alegia, kanoiak prest utzi ditu antolakuntzak Montmartren, tropeleko komuneroek iraultzarako erabili nahi badituzte.
49
Zenbat bukaera Eliseoko Zelaietan. Frantziako Tourra lehenbizikoz 1975ean bukatu zen Eliseoko Zelaietan. Walter Godefroot belgikarrak irabazi zuen, esprintean. 2023an ailegatu zen azkenekoz, eta, orduan, Godefrooten herrikide batek irabazi zuen, Jordi Meeusek, esprintean hark ere. Garaipen gehien Mark Cavendishek ditu: lau, 2009 eta 2012 artean. 1989an bakarkako erlojupeko bat egin zuten: Greg Lemond izan zen bizkorrena, eta sailkapen nagusia irauli zuen: zortzi segundorengatik irabazi zuen Tourra.
6
Zenbat ihesaldik izan duten arrakasta. Sei txirrindularik baino ez dute lortu Eliseoko Zelaietan tropelari aitzina hartuta irabaztea: Alain Meslet frantziarrak (1977), Gerrie Knetemann herbeheretarrak (1978), Bernard Hinault bretoiak (1979), Jeff Pierce estatubatuarrak (1987), Eddy Seigneur frantziarrak (1994) eta Aleksandr Vinokurov kazakhstandarrak (2005).
1
Zenbatek irabazi duten maillot horia soinean zutela. Bernard Hinaultek baino ez du lortu liderraren maillot horia jantzita Eliseoko Zelaietan helmuga lehenbiziko postuan igarotzea, eta horrela Tourra irabazteaz gain azken etapa ere zakuratzea. Birritan egin zuen hori, gainera: 1979an, ihesaldi batean, eta 1982an, tropeleko esprinta irabazita. Greg Lemondek ere azken etapa eta Tourra irabazi zituen 1989an, baina etapa hasieran Laurent Fignon zen liderra.