Itxako D multzoan ariko da, urritik aurrera, Txapeldunen Ligako lehendabiziko ligaxkan. Multzo horretan aurkari ezagun eta gogorrak egokitu zaizkio Lizarrako taldeari atzo Vienan egindako zozketan: Errumaniako Oltchim eta Errusiako Dinamo Volgograd, hain zuzen ere. Hirugarren aurkaria atariko ligaxkan sailkatuko dena izanen da. Ligaxka horretan Hungariako DVSC Debrecen, Poloniako Lubin, Alemaniako Buxtehuder eta aurreko fasetik sailkatuko den beste talde bat ariko dira lehian.
Maiatzean, Norvegiako Larviken aurka jokatu zuen Itxakok Txapeldunen Ligako finala, aurreneko aldiz. Galdu egin zuen. Mingarria izan zen porrota nafarrentzat, joan den sasoia historiako onena izan arren. Hiru txapel irabazi zituzten Lizarrako jokalariek: ABF liga eta Espainiako Kopa eta Superkopa.
Txapeldunen Ligako finalera ailegatu eta gero, gutxiagorekin ez dute konformatu nahiko denboraldi honetan Lizarrako jokalariek. Berriz finalean sartzen saiatuko direla zalantzarik ez da. D multzoko taldeen artean, Oltchim ezagutzen du Itxakok hobekien, azken bi sasoietan izan baitute aurkari nafarrek. Duela bi denboraldi errumaniarrak nagusitu ziren jokatutako bi partidetan; aurrekoan, berriz, Itxakok irabazi zituen bi norgehiagokak. Lizarran 26-25 nagusitu zen Ambros Martinek zuzentzen duen taldea; itzulikoan, berriz, 22-25.
Bitan aritu dira nor baino norgehiago Itxako eta Dinamo Volgograd, bertzalde; zehazki, 2008ko EHF kopako finalean. Europako lehendabiziko finala izan zen hura nafarrentzat. Volgograden (Errusia) aritu ziren joaneko partidan bi taldeak lehian, eta etxeko taldeak irabazi zuen: 27-25. Lizarran, berriz, itzulikoan, 20-23 nagusitu ziren errusiarrak. Txapela, beraz, haientzat izan zen.
Lehen ligaxka urriko bigarren asteburuan hasiko da, eta azaroko bigarrengoan amaituko da. Orduan jakinen da Txapeldunen Ligako bigarren ligaxka jokatzeko nor sailkatuko den. Multzo bakoitzeko lehen bi taldeak sailkatuko dira bigarren ligaxka horretan aritzeko. Otsailean eta martxoan jokatuko da. Bigarren ligaxka horretan erabakiko da finalerdian zein ariko diren.
Aurkari gogor eta ezagunak
Itxakok Errumaniako Oltchim eta Errusiako Dinamo Volgograd izanen ditu kontrario Txapeldunen Ligan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu