Itxakok gogotik egin beharko du lan Txapeldunen Ligako Top16rako sailkatu nahi badu. Lizarrako taldeari aurkari zailak egokitu zitzaizkion atzo, Txapeldunen Ligako sailkapen ligaxkako zozketan. Leipzig Alemaniako taldea eta Podravka Vegeta Kroaziako taldea izango ditu kontrario. Ezustekorik ezean, hiru taldeotako batek egingo du aurrera. Izan ere, multzoko laugarren taldea Txapeldunen Ligako lehen sailkapenetik aterako da, eta bertan maila apaleko taldeak egon ohi dira. Lau talde hauetako bat izango da Itxakoren hirugarren aurkaria: Ormi-Loux Patras (Grezia), Madeira (Portugal), Naisa-Nis (Serbia) edoAmsterdam (Herbehereak).
Urriaren 3an, 4an eta 5ean jokatuko ditu Itxakok sailkapen ligaxkako partidak. Egunak zehaztuta daude. Ez, ordea, egun bakoitzean noren aurka jokatuko duen. Hori etzi geratuko da zehaztuta. Top16rako sailkatu nahi badu, Itxakok lehen postua eskuratu beharko du. Bigarren sailkatuz gero, EHF Koparako sailkatuko litzateke.
Portlandek Onesta nahi du
Bestalde, Portland San Antonio entrenatzaile gabe dago oraindik. Bogdan Wenta Poloniako hautatzaileak Iruñeko taldearen eskaintzari ezezkoa eman ondoren, Claude Onesta Frantziako hautatzailea du begiz jota orain Portland San Antoniok. Onestak nafarren eskaintza du jada esku artean, baina egun batzuk eskatu ditu erabaki bat hartzeko. Onestak, halere, aitortu du «asko» gustatuko litzaiokeela Asobal Ligan entrenatzea. Beraz, baliteke eskaintza onartzea eta, azkenik, Portlandek datorren sasoirako entrenatzailea izatea.
Entrenatzailearena ez da Iruñeko taldeak duen zalantza bakarra. Oraindik argitu gabe dago Ivano Balicek taldean jarraituko duen. Zagrebek erdiko kroaziarra fitxatzeko interesa azaldu du, baina Portlandek argi utzi du Balicen salneurria 800.000 eurokoa dela bere etete klausula, hain zuzen ere. Hurrengo asteetan askatuko da korapiloa.
Aurkari zailak izango ditu Itxakok Txapeldunen Ligan
Leipzig eta Podravka izango dira Lizarrako taldearen aurkari nagusiak Top 16rako sailkatzeko lehian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu