Futbola

Aurkari zuzena du jomugan

Alavesek Leganes hartuko du gaur Mendizorrotzan, ligako hamabosgarren jardunaldian (16:15, DAZN). Arabarrek hilabete daramate etxean jokatu gabe, eta «giro polita» espero du teknikariak.

Alaveseko jokalariak orain hilabete, Mendizorrotzan jokatutako azken partidan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Alaveseko jokalariak orain hilabete, Mendizorrotzan jokatutako azken partidan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
nerea intxausti
2024ko azaroaren 30a
05:00
Entzun

Hilabeteren ostean, zaleen berotasuna nabarituko du Alavesek berriro ere. Arabarrek azaro hasieran jokatu zuten etxeko azken neurketa, eta Leganes hartuko dute gaur, ligako hamabosgarren jardunaldian (16:15, DAZN). Aurkari zuzenak dira bi taldeak; mailari eustea da bien nahia, eta partida estua izango dela aurreikusten da. Luis Garcia Plazak taldea animatzera deitu ditu zaleak.

Bost neurketa jarraian galdu ostean, Mallorcaren aurka lortutako hiru puntuek arnasa eman zioten Alavesi hilabete hasieran. Baina hurrengo bi partidak galdu egin zituen Arabako taldeak —3-0 galdu zuen Villarealen kontra, eta 2-1 Atletico Madrilen aurka—. Hortaz, hiru puntuen beharra dute Luis Garcia Plazarenek. Halere, entrenatzaileak atzo esan zuen ezen, partidak galdu bazituzten ere, hiru partida on egin dituztela jarraian: «Bihar aurrerapausoa emateko garaia dela iruditzen zait; ziur nago taldea azken hiru partidetako bide berean izango dela eta futbolak itzuliko ahal digu nire ustez zor diguna».

«Gaurkoa partida garrantzitsua da, eta giro polita espero dut»

LUIS GARCIA PLAZA Alavesen entrenatzailea

Mailari eustea da Alavesen helburu nagusia, eta aurkari zuzen baten aurka jokatuko dute gaur. Leganes igo berria da lehen mailara, eta hamalaugarrenak dira sailkapen orokorrean; arabarrak, berriz, hamaseigarren postuan daude. Puntu bat gehiago daukate madrildarrek, eta lehen baino lehen aurreratzea komeni zaio Alavesi.

Puntuak biltzen hasi behar du Gasteizko taldeak, oraindik goiz den arren, jaitsiera postuak geroz eta hurbilago baititu. Hiru puntura ditu Valentzia eta Espanyol, baina lehenek bi partida gutxiago jokatu dituzte, eta bigarrenek bat gutxiago. Deialdiari dagokionez, hiru hutsune izango ditu Luis Garcia Plaza Alaveseko entrenatzaileak: Manu Sanchezek zigorra beteko du bost txartel hori ikusi dituelako, eta Hugo Novoa eta Carlos Protesoni min hartuta daude. Gainerakoak prest ditu: «Gaurkoa partida garrantzitsua da, eta giro polita espero dut», esan zuen atzoko prentsaurrekoan. 

Leganes Real Madrilen kontra galtzetik dator, eta oraindik ez du partidatik irabazi etxetik kanpo. Lau aldiz berdindu du orain arte, eta hiru aldiz galdu. Miguel de la Fuentek izango du golak sartzeko ardura. Alaveseko aurrelari ohiak denboraldi bikaina egin zuen iaz, Leganesen. Aurten, berriz, gol bakarra sartu du madrildarrekin —duela bi jardunaldi, Sevillaren aurka—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.