Azu Muguruza. IDK Gipuzkoako entrenatzailea

«Aurreko taldeak talentu handia zuen; hau sendoagoa da»

Donostiako taldeak Espainiako Koparako sailkatzea lortu du, eta Azu Muguruzak, besteak beste, multzoak lehen itzulian erakutsitako lanerako eta ikasteko jarrera nabarmendu ditu.

BERRIA.
ainara arratibel gascon
2017ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Taldearentzat aste arraroa izaten ari dela onartu du Azu Muguruza IDK Gipuzkoako entrenatzaileak (Donostia, 1968): Koparako sailkatu izanaren biharamuna, opor egunak, Italee Lucas fitxatu berriaren etorrera... Baina «lehiakor eta ilusioz» helduko diote bihar ligako bigarren itzuliari, Cadi La Seuren pabiloian.

Kirol merituei esker Espainiako Koparako sailkatu zarete [2016an antolatu egin zuen Kopa], eta klubak beste mugarri bat gainditu du. Pozik egongo zarete, ezta?

Oso kontent gaude. Ni neu, oso asebetea nago taldeak egin duen ahaleginarekin eta erakutsi duen jarrerarekin. Multzo ezin hobea daukat. Beti dago lanerako prest, aitzakiarik gabe egiten du. Koparako sailkatzea lan horren emaitza da.

Ligako lehen zazpi partidetatik sei irabazi zenituzten. Baina etenaldiaren ostean lau galdu zenituzten erreskadan. Arantza hori geratu zaizu?

Ez, ez dut arantzarik, partida horietan ere lehiakor aritu baikinen. Ordu arte taldea oso ondo jokatzen ari zen, eta etenak ez zigun mesederik egin. Halakoetan, kosta egiten da aurretik bezain ongi sentitzea berriro, eta, hain justu,kontrariorik gogorrenen aurka jokatzea egokitu zitzaigun. Horrek ere ez zigun lagundu. Gainera, normala da sasoian zehar bolada txar bat izatea.

Oso exijentea zara bai zeure buruarekin eta bai taldearekin. Hirukoetan, %25,5eko portzentajea duzue. Hori hobetzea ezinbestekoa izango da, ezta?

Argi dago hirukoetan gure datuak ez direla onak. Baina kontuan izan behar da, gure hiruko jaurtitzaile onenak, Iulene Olabarriak, luzerako hartu zuela min. Hura gabe, taldekideen konfiantza ere txikiagotu egin da. Haren ordezkoa [Italee Lucas] gaur [atzo] iritsiko da Donostiara, eta espero dugu horretan laguntzea. Fitxatzeko orduan horixe bilatu dugu: kanpoko jaurtiketa, abiadura jokoan, kontraerasoa... Ligan jokatu du aurretik; beraz, espero dugu laster egokitzea

Udan ekarri zenituzten jokalariak azkar egokitu ziren, eta oso ondo jokatzen ari dira. Orduan, behintzat, asmatu zenutela esan daiteke?

Lanerako duten prestasunari esker, hasieratik oso erraz jarri zizkiguten gauzak. Haiek oso ondo eta azkar ulertu zuten gure jokatzeko modua, eta guk haiena. Ellenek [Nystrom] asko eman digu defentsan. Ez bakarrik berak oso gogor eta ondo defendatzen duelako, baita gainerako taldekideen defentsako maila hobetzen lagundu duelako ere. Lyndraren [Weaver] puntuek partida askotan atera dizkigute babak eltzetik. Ivak [Brikc], berriz, eskarmentua eman digu. Joko antolatzaile gutxi daude hark partidaren erritmoa kontrolatzeko duen gaitasunarekin. Gainera, erasoan ere puntu dezente sartu ditu. Bestalde, Jillek [Alleyne] arazoak izan zituen hasieran, belaunean min hartuta etorri baitzen. Baina osatu ostean, lan bikaina egin du uztaipean.

Aurreko sasoiarekin alderatuz, esan daiteke gora egin duzuela defentsan, eta zertxobait behera erasoan?

Aurreko sasoiko taldeak talentu handia zeukan, eta, batez ere, saskiratzeak lortzeko gaitasun handia. Orain, ziurrenik, ez dugu hainbeste erraztasun saskiratzeak lortzeko. Baina taldea sendoagoa dela uste dut. Egonkorragoa da, batez ere defentsan eta errebotean. Ez bakarka soilik, baizik etabaita talde moduan ere. Defentsan oso talde batua gara. Hor eman dugu aurrerapausorik nabarmenena. Erasoan ez dugu Nadia [Colhado] bezalako jokalari bat, baina denen artean haren hutsunea bete dute. Iragan sasoian, hainbatetan, jardunaldiko jokalaririk onena gure taldekoa izan zen. Denboraldi honetan, orain arte ez dugu hori lortu, baina sailkapenean hobeto gaude. Emaitza hobeak lortu ditugu, eta hori oso adierazgarria da.

Lehen itzuliko kolperik gogorrena izan da Iulene Olabarriaren lesioa. Nola dago bera?

Multzoarentzat kolpe handia izan da, taldeko kapitaina delako, eta oso ondo ezagutzen duelako kluba. Bestalde, aurreko denboraldian ere lesioekin izan genituen arazoak kontuan hartuta, taldekideen artea ere beldur pixka bat sortu zen. Une zaila izan zen. Bera osatzeko bidean dago. Dena uste bezala doa, eta espero dugu hemendik gutxira, nahiz eta aparte entrenatu, multzoarekin egotea. Izan ere, asko ematen digu. Taldekide guztiei asko laguntzen die.

Bihar ekingo diozue bigarren itzuliari. Cadi La Seuren aurka. Zein helburu duzue?

Lehen itzuliaren pare arituko bagina, oso pozik egongo ginateke. Izan ere, argi dago sasoitik sasoira berdintasuna gero eta handiagoa dela. Perfumerias Avenida eta Girona koska bat gorago daude. Baina hortik aurrera berdintasuna da nagusi.Sant Adria izan da ezustea, igo berritan koparako sailkatzea lortu duelako. Baina oso ondo ari da jokatzen, eta merezita lortu du sailkatzea.

Nola dago taldea biharko partidarako?

Aste arraroa izaten ari da: Gabonetako opor egunak izan ditugu, Koparako sailkatu gara, jokalari berri bat etorri da, hainbat jokalari izan ditugu min hartuta.... Mentalki indartsu egon behar dugu, partidari behar bezala heltzeko.

Nola ikusi dituzu Araski eta Gernika?

Gernikak bi arazo izan ditu: lesioak eta Eurokopan jokatzeak eragiten duen nekea. Hori dela eta, ez du bere benetako maila eman. Ziur nago bigarren itzulian emangoduela. Araskik, berriz, azken jardunaldira arte koparako sailkatzeko aukera izan du, eta denboraldi ona egiten ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.