Aurrenekoak

Markina eta Añorga izan dira BERRIA Txapelketan aurrera egin duten lehenengo bi taldeak

Erredakzioa
2008ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Joan den asteburuan jokatuko dira BERRIA Txapelketako aurreneko bi kanporaketak. Markinan (Bizkaia) eta Hernanin (Gipuzkoa) jokatu ziren partidak, eta Markina eta Añorga izan ziren hurrengo kanporaketara sailkatu ziren lehen bi taldeak. Markinako taldeak, kontuan hartzeko moduko pilotariak dituela erakutsi zuen bere jardunean. Hamabi tantoko aldearekin irabazi zion Lizarrako San Migueli, eta azken horiek euren pilotaririk onena falta zuten arren, oso kontuan hartzeko datua da hori aurrera begira. Hernanin, oso kanporaketa orekatua jokatu zuten Añorgak eta Usurbilek. Elkarren kontra askotan aritu dira bi talde horiek, ongi ezagutzen dute elkar, eta agerian gelditu zen hori. Bost tantoko aldeari esker egin zuen aurrera Añorgak, eta hirugarren eta azken partidan utzi zuen kanporaketa erabakita.



MARKINA 58

SAN MIGUEL (Lizarra) 46

KADETEAK: Arrieta-Aretxabaleta22

Senosiain-Pagola6

GAZTEAK: Perez-Etxeberria 22

Plaza-Lana18

NAGUSIAK: Urberuaga-Kastillo14

Moran-Queralt 22



Lehen partidan egin zuen koska handi samarra Markinak, etxean jokatutako kanporaketa horretan. Bikote indartsua du kadeteen mailan, eta talde arriskutsu bihurtzen du horrek aurrera begira. Lizarrako gaztetxoenak saiatu ziren bizkaitarrei aurre egiten, baina sei tanto besterik ez zituzten lortu azkenean. Gerora begira, alde handi samarra izan zen hori, eta lasaiago aritzeko aukera eman zien horrek etxekoei. Lau pilotarien artean onena Aretxabaleta izan zen, Markinako taldeko atzelaria.

Oreka handiagoa izan zuen gazteen partidak. Lizarrako taldean Peñasek ez zuen azkenean jokatzerik izan, eta nabaritu egin zuen hori San Miguelek. Aurretik, dena dela, eurak joan ziren (10-15). Partida erabakita zegoela zirudienean agertu zen Ibai Perez bizkaitarra. Erasora hasi zen, era guztietako tantoak lortu zituen, eta norgehiagokari buelta eman zion (22-18). Egin zituen tanto horien guztien artean nabarmentzekoa 16-15ekoan jotako bi paretakoa. Markinako frontoira joandakoak txundituta gelditu ziren tanto harekin.

Hirugarren partida hasterako bazekiten Markinakoek bi tanto egitea nahikoa zutela kanporaketa gainditzeko. Behin bi tanto horiek eginda, partida polita jokatu zuten lau pilotariek, batez ere, bi aurrelariek. Moran izan zen onena, eta Lizarra ez zen esku hutsik joan.



USURBIL 55

AÑORGA (Donostia)60

KADETEAK:Santxo-Sanchez22

Loidi-Maiza 20

GAZTEAK: Esnaola-Albisu22

Jauregi-Lertxundi18

NAGUSIAK: Huizi-Katalina 11

Erroizenea-Jauregi22



Hernaniko frontoian jokatutako kanporaketan, lehen partida izan zen hiruren artean lehiatuena eta onena. 70 minutuko norgehiagoka jokatu zuten Santxo-Sanchez eta Loidi-Maizak. Partida erdia arte erabat berdinduta joan ziren, baina Añorgako bikoteak hartu zuen aurrea hortik aurrera (14-19). Kanporaketa euren alde zutela zirudien, baina garaiz erreakzionatu zuten usurbildarrek, eta irabazi (22-20). Usurbilgo atzelari Sanchez izan zen lau pilotarien artean onena, nahiz eta lehen partida zuen maila horretan.

Gazteen partida ere berdinduta joan zen 12nakoa arte. Orduan hasi zen Albisu atzelari ataundarra pilota gogor astintzen -gogoratu BERRIA txapelketan onartzen dela taldeek fitxaketak egitea, eta fitxaketa horietako bat da Albisu Usurbilgo taldean-, eta partidaren itxura erabat aldatu zuen. Esnaola aurrelariak ongi lagundu zion, eta 21-14 jarri zuten norgehiagoka. Hor ikusi zen lehiaketa honetan tantoek izaten duten garrantzia. Partida erabakita uzteko aukera izan zuten Usurbilgoek, baina beste lau tanto lortu zituzten Añorgakoek, eta erabakigarriak izan ziren lau tanto horiek amaieran.

Hirugarren partida hasi aurretik bazekiten Usurbilgoek 16 tanto behar zituztela aurrera egiteko. Helburu zaila, inondik ere, Añorgakoek nagusien mailan bikote indartsua dutela kontuan hartuta. Jauregi ongi nagusitu zen atzeko koadroetan, eta Erroizeneak oso ongi daki tantoa amaitzen aurrekoetan. Huizik ez zuen sekula amore eman. Saiatu zen handik eta hemendik, egin zituen gauza politak ere, baina Añorgakoek merezita irabazi zuten partida (22-11), eta merezita gainditu zuten kanporaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.