Aurrera Saiazek ez du huts egin BERRIA txapelketako final-laurdenetako lehen kanporaketan, eta finalerdietarako aurkariaren zain dago jada. Iazko txapeldunordeek Doneztebeko Erreka taldearen aurka jokatutako lehian pronostikoak bete zituzten, kadeteen eta nagusien mailako partidak irabazita. Tolosako Beotibar frontoian, nagusien mailako partidak erabaki zuen kanporaketa. Uste baino erosoago irabazi zieten Artolak eta Telletxeak Ansotegiri eta Gorritiri: 22-5. Bidania-Goiazko taldeak, Zaramaga edo Markina izango du aurkari finalerdietan.
Erreka 1. Aurrera Saiaz 2
KADETEAK
Zalduendo-Medina 20
Peña-Mendia 22
GAZTEAK
Bakaikoa-Mariezkurrena 22
Labaka-Iruretagoiena 7
NAGUSIAK
Ansotegi-Gorriti 5
Artola-Telletxea 22
Kadeteek jokatu zuten eguneko partidarik estu eta politena. Ziur aski, euren mailako txapelketa osokoa ere bai. Ordubete baino gehiago iraun zuen eta bi zati izan zituen. Nafarrak 8-0 eta 13-1 aurreratu ziren. Ordura arte, Medina nagusi izan zen atzeko koadroetan eta Zalduendok aurrean asmatu zuen. Baina, orduan agertu zen Peña, Aurrera Saiazeko aurrelaria. Arriskuak hartzen hasi zen, eta hamabi tanto erreskadan eginda partida berdintzea lortu zuten gipuzkoarrek. Berdinketa asko izan ziren gero; 20-20koa azkena. Azken bi tantoak, ordea, Aurrera Saiazeko bikoteak egin zituen. Laukotean onena Peña izan zen, guztira jokoan hamabi tanto eginda.
Gazteen mailan, berriz, Erreka taldea izan zen jaun eta jabe. Bakaikoa eta Mariezkurrenak 7an utzi zituzten Labaka eta Iruretagoiena. Bikoteak sendo jokatu zuen hasieratik. Mariezkurrena nagusi izan zen atzean, eta Bakaikoak ez zuen aukerarik galdu aurrean. Oraindik kadetea da aurrelaria, baina erakustaldia eman zuen igandean, 13 tanto amaituta. Labakak eta Iruretagoienak ez zuten egunik onena izan.
Hala, dena erabakitzeko iritsi ziren hirugarren eta azken partidara. Artola eta Telletxea faborito ziren arren, lehia estua espero zen, Ansotegik eta Gorritik edozeini irabazteko moduko bikotea osatzen baitute. Azkenean, ordea, eroso gailendu ziren gipuzkoarrak. Telletxeak agindu zuen atzean. Horrek asko erraztu zuen Artolaren lana, eta hamar tanto egin zituen aurrean. Nafarrak ezinean aritu ziren. Ansotegik ez zituen baliatu izandako aukera apurrak, eta Gorritik justu amaitu zuen eskuetatik.
Zaramaga edo Markina
Aurrera Saiazek finalerdietan aurkari nor izango duen igandeko kanporaketan erabakiko da. Zaramagak (Gasteiz) eta Markinak elkarren aurka jokatuko dute Hernanin, 10:45ean. Ez dago faborito argirik eta guztia nagusien mailan erabakitzea espero da.
Azken bi final-laurdenak hurrengo asteburuan jokatuko dira, Hernanin. Larunbatean, Lemoako eta Uharteko taldeak arituko dira; igandean, berriz , Adiskide eta Zazpi Iturri.
Aurrera Saiazek ez du huts egin
BERRIA Txapelketako finalerdietarako sailkatu da Bidania-Goiazko taldea, Doneztebeko Erreka taldea gaindituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu