Ezustekoa emanda, Patricia Martin galiziarrak (Ferrol, Galizia, 1985) irabazi zuen Euskal Herriko Harri Jasotze Txapelketa igandean, Mungian (Bizkaia). Ainitze Zumeta iazko txapelduna estutzea zuen helburu, eta, hara non, txapela eskuratu zuen. Zirujau plastikoa da Barakaldoko Gurutzetako ospitalean, Erreduren Unitateko arduraduna hain justu, eta lanegun gogor baten ostean hartu du elkarrizketa egiteko tartea, prestu: «Emakumeen kirola ikusgai egiteko, edozer». Erronkazalea da, eta, besteak beste, munduko txapeldunordea ere bada arraun ergometroan, distantzia motzean.
Zer moduz zaude? Barneratu duzu txapela lortu izana?
Ez guztiz. Nekatuta nago oraindik. Asteburuan Harri Herri saioko kanporaketak eta Euskal Herriko txapelketa izan nituen, eta oraindik ez dut guztiz lur hartu.
Ospatzeko tarterik izan duzu?
Bai, txapelketa bukatutakoan bazkaltzera joan ginen, baina uste dut asteburu honetakoa izango dela ospakizun handia. Igandean oso nekatuta nengoen, eta oraindik ez dut deskantsatu: lanean buru-belarri, elkarrizketak...
Irabazi zenuela jakindakoan, zer izan zen burura etorri zitzaizun lehen gauza?
Kristorenak eta bi esan nituen bola 31 aldiz altxatu nuela jakin nuenean. Zera esan nien: «Akabatu egin nauzue, 31 jasoaldi ez zeuden nire kalkuluetan». Ikusi nuen Ainitze jo eta su ari zela, baina bolarekin txakalaldia izan zuen. Hor konturatu nintzen ondo egiten banuen txapela lor nezakeela. Ez neuzkan kontrolatuta gainerakoen altxaldi kopuruak, Ainitze zen erreferentzia. Banekien gainerakoekin borrokan arituko nintzela, baina helburua Ainitzeren jasoaldietara gerturatzea zen. Ez nekien bola zenbat aldiz altxatu behar nuen, eta dena eman nuen.
Zure helburua ez zen txapela irabaztea...
Ez, benetako helburua podiumera igotzea zen. Ainitzek ez balu txakalaldia izan, seguru aurretik amaituko zuela.
Beraz, uste zenuen ez zenuela inongo aukerarik?
Sorpresaz harrapatu ninduen. Nire asmoa Ainitzeri sustoa ematea zen. Erresistentzia handia du, eta azkar errekuperatzen da; plazan askotan demostratu du. Hura estutu eta beldur pixka bat sartzeko kapaz nintzela sumatu nuen, baina besterik ez. Hura zen faboritoa, erreferentzia, eta gure aurkari nagusia. Oso ona da, eta sekulako markak egiten ditu.
Lagundu zizun irabazteko presio hori ez izateak?
Bai, seguru. Mentalki desberdin zoaz. Arraun txapelketa batzuetan pasatu izan zait. Onenen artean egon izan naiz ia beti, eta izaten dut presio hori: hobetu egin behar dut nire aurreko marka, saiatu behar dut irabazten... Halakoetan ez du balio soilik lan ona egiteak, hori baino gehiago egin behar duzu. Igandean, berriz, nire lanean nuen jarria arreta osoa. Urduri nengoen, noski, txapelketa bat zelako, baina ez nuen hainbesteko presiorik.
«Sorpresaz harrapatu ninduen. Nire asmoa Ainitzeri sustoa ematea zen. Hura estutzeko kapaz sumatzen nintzen, baina besterik ez»
Lortutakoaren atzean lan handia dago, ezta?
Bai, eta talde lan handia dago. Entrenamenduak, estrategia... Beste urte batzuetan, txapelketetan, aldika aritu izan naiz, gainerakoak bezala; kalkulatzen: lauko txandak, bostekoak... Aurten, estrategia aldatu, eta dena jarraian egin nuen. Erritmo geldoagoan, baina gelditu gabe. Ez nintzen geratu hiru harrietako batean ere.
Erosoago aritu zinen horrela?
Baietz esango nuke. Arraunean ere gertatzen zait. Kontatzen aritzen naiz, niretzako saihetsezina da. Entrenatzaileak beti esaten dit: «Ez kontatu, nik esandakoan altxatu harria». Baina buruan, nolabait, kontatuz noa. Arraunean bosnaka kontatzen ditut paladak, eta harri jasotzen ere bosnaka kontatzen ditut altxaldiak. Atseden hartzen ez badut, ez dakit zenbat bosteko daramatzadan: izan daitezke hogei, hogeita bost... Kontrara, atsedenerako tarteak hartzen baditut, buruari bueltaka hasten naiz: zenbat altxatu ditut, nola noa... Jarraian egiten badut arreta gehiago jartzen dut harria ondo jarri eta altxaldi onak egitean.
5.387,5 kilo altxatu zenituen. Halako zerbait espero zenuen?
Ez nuen kalkulatua guztira zenbat kilo altxatuko nituen. Kalkulatuta nuena zen gutxi gorabehera harri bakoitzarekin zenbat altxaldi egin nitzakeen. Zilindroarekin mantsoegi aritu nintzen; entrenamenduetan altxaldi gehiago egiten nituen. Kubikoarekin, berriz, antzeko aritu nintzen. Bolarekin hautsi nituen nire markak, normalean ez ditut hainbeste jasoaldi egiten. Batetik hartuta eta bestetik kenduta, hobetu egin nuen apur bat entrenamenduetako kopurua.
Nola joan zen txapelketa? Nola sentitu zinen?
Irudipena dut aurten guztiok oso urduri joan ginela. Markei begiratuta, estu gabiltza denok, altxaldi kopuru berdintsuan. Nahiz eta beti dagoen nabarmentzen den norbait, orokorrean maila asko handitu da. Txapelketa batera joan, eta zazpigarren, hirugarren edo bigarren gera zaitezke. Ni, behintzat, ohi baino urduriago joan nintzen horregatik, lehia estua zegoelako denon artean.
Txapelak lanean segitzeko motibazioa piztu dizu?
Bai, noski. Bizkaiko txapelketa buruan dut ja.
Aipatu bezala, azken urteetan handitu egin da emakume harri jasotzaileen parte hartzea, baita maila ere. Nola bizi duzu hori?
Izugarria iruditzen zait, oso pozgarria. Ni pandemia ondoren hasi nintzen, eta orduan lau katu ginen. Berdin zuen zer egin, jendeak zera esaten zuen: «Ai, begira, harria jasotzen duten neskak». Orain, Mungian, frontoia bete egin zen gu harria jasotzen ikusteko, eta zortzi emakume aritu ginen. Eta gehiago ere badaude, izena eman ez zutenak kintopekoak zituztelako, min hartuta zeudelako edo dena delakoa. Orain asko gara, eta normalizatuago dago. Kirolaren parte gara. Nire lehen txapelketan egin ziren markek eta oraingoek ez dute zerikusirik. Izugarria da zenbat hobetu garen guztiok.
«Orain asko gara, eta normalizatuago dago. Nire lehen txapelketan egin ziren markek eta oraingoek ez dute zerikusirik. Izugarria da zenbat hobetu garen guztiok»
Galiziakoa zara, eta harri jasotzailea. Nolatan hasi zinen?
Nire senarraren erruz [barrez]. Donostiarra da, eta badaki indarrezko kirolak gustatzen zaizkidala. Felix Campos Ogikiñe I.a-rekin hasi zen pandemia bukatutakoan, eta esan zidan giro ona zegoela, gustatuko zitzaidala eta seguru katigatuko nintzela. Eta halaxe izan zen: asko gustatu zitzaidan. Giro polita dago, taldean entrenatzen dugu... Hasieran, adibidez, arraroa egin zitzaidan erakustaldien kontua. Ni gehienbat boleibolean aritu naiz, eta hor partidak dituzu, eta liga jokatzen duzu. Harri jasotzen, berriz, txapelketak eta erakustaldiak daude. Zerbait diferentea zen niretzako. Pixkanaka ohitu naiz, eta galdu diot beldurra plazari; jendea ezagutzen duzu, ikusi besteek nola altxatzen duten harria, haiengandik ikasi...
Harri jasotzen aritzeko indar handia behar da, baina teknika ere garrantzitsua da, ezta?
Bai, niri inportanteagoa iruditzen zait teknika indarra baino. Udane Ostolazak, esaterako, asteburuan igo dituen harriek adinako pisua du, edo txikiagoa. Indarra du, noski, baina teknika izugarria du. Nirea baino askoz hobea. Batez ere teknikak ematen dio modua egiten dituen markak egiteko.
Zure ustez, horretan baduzu zer hobetua?
Seguru.
«Hasieran arraroa egin zitzaidan erakustaldien kontua. Zerbait diferentea zen niretzako. Pixkanaka ohitu naiz, eta galdu diot beldurra plazari»
Probatu duzu herri kiroletako beste modalitaterik?
Ez... Saiatu ziren aizkorarekin engainatzen, baina aizkorak beldur handia ematen dit. Zirujaua naiz, eta ikusi ditut aizkorarekin izandako zenbait istripu... Oraingoz behintzat ez. Trontzan egitea tokatu zait erakustaldiren batean, eta hori dibertigarria iruditzen zait; gainera, binaka da. Baina, oraingoz, nahikoa dut harri jasotzen; badut bertan zer hobetua.
Zer da kirola egitetik gehien gustatzen zaizuna?
Egunerokoan ematen didana. Nire lana ez da fisikoki gogorra, baina estresagarria da. Kirola egiteak errutina horretatik aterarazten nau, eta beste egoera batzuetan jarri. Beste era bateko estresa da, fisikoa, eta mentalki beste nonbaitera noa. Kirola egitean arreta osoa jartzen dut egiten ari naizen horretan, eta on egiten dit.
Zein dira zure hurrengo helburuak?
Bizkaiko txapelketa jokatuko dugu abenduan, eta Harri Herri saioa etorriko da gero, martxoan. Horrez gain, emakumezkoetan harri handien txapelketa bat antolatzea nahi dugu. Eta agian berriro emango dut izena arraun ergometroko munduko txapelketan, baina oraindik ez dakit. Ikusiko dut.