Azkeneko bi urtean ez da Euskal Herriko futbol selekzioaren gabonetako lagunarteko partidarik izan, EAEko Federazioa eta jokalariak ez zeudelako ados oinarrietan -selekzioaren ofizialtasunari buruz, batik bat-, orain ere ez dira akordiora heldu, baina partida azkenean jokatu egingo da. 'Euskal selekzioa' izenpean ariko da taldea. Hain zuzen, abenduaren 28an izango da partida, Bilbon, San Mamesen. Federazioak ez du esan oraindik aurkaria zein izango den.
BERRIA.INFOk jakin duenez, futbolarien borondateari esker jokatuko da lagunarteko partida hori. "Federazioaren jokabidea etsigarria izanagatik ere aurrera egitea erabaki dugu", dio jokalarien oharrak. "Partida hau aro baten amaiera eta berri baten hasiera izatea nahi dugu. Aurten jokatzeko prest gaude, baina aurrera begira beste bide batzuk landu beharko direla uste dugu".
Atzo Federazioarekin bilera izan zuten jokalariek, eta berriro nabarmen geratu zen ikuspegi desberdinak dituztela. Izenean ez da ados jartzeko arazorik izango -'Euskal selekzioa'-, baina jokalariek ofizialtasunaren aldeko pauso eraginkorrak emateko eskatzen diete zuzendariei. Horiek jokalariei ez diete konpromiso garbirik erakutsi. "Euskadiko Futbol Federazioak ez du Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasunaren bidean urratsak egiten saiatzeko borondaterik. Partidak etekin ekonomikoa ateratzeko helburu soilarekin antolatu nahi ditu, hori da selekzioaren inguruan duten benetako kezka eta arrazoi nagusia. Guk, euskal futbolariok, Euskal Herriko selekzio ofiziala lortzeko bidean ahalegin pixka bat eskatzen dugu, besterik ez; munduko beste edozein futbol jokalarik bezala zein selekziotan jokatu erabakitzeko eskubidea baino ez", dio jokalarien oharrak.
Futbolariei, ordea, iruditu zaie beste urtebete partida ez jokatzea askotxo dela eta aurten, behintzat, ariko dira. Aldarrikapen eguna bihurtzeko dei egin dute. Partidaren aurretik zelaian argazkia aterako dute, Nazio bat leloarekin, eta Euskal Herriko mapa azalduko da. "Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoa ordezkatzen dituen selekzioa da gure selekzioa. Ez gara Espainiako selekzio autonomiko bat. Nazio izaera duen selekzioa da gurea eta ofizialtasuna behar dugu, munduaren aurrean gure Herria ere ordezkatua egon dadin”.
=b2008an Federazioak 'Euskadi' izena jarri nahi izan zuen=b
Euskal futbol selekzioa 1930ean sortu zen, Euskal Herriaren naziotasuna aldarrikatu eta txapelketa ofizialetan jokatzeko helburuarekin asmoz. 2007ra arte 'Euskadi' izenarekin aritu zen eta orduan, nazio ikuspegia izateko asmoz, selekzioak 'Euskadi' deitzeari utzi zion eta 'Euskal Herria' izena hartu zuen. EAEko Federazioak 2008an berriro 'Euskadi' izenera itzultzea erabaki zuen, baina jokalariek uko egin zioten izen horrekin aritzeari, baita partida jokatzeari ere (2008ko abenduaren 22ko agiria). Hala, 2008an ez zen partidarik izan, ezta iaz ere.
Selekzioak gabonetan etxean jokatzen du, normalean Bilbon, San Mamesen. Euskal Herritik kanpo azkeneko partida 2007ko ekainean izan zuen, Venezuelan, bertako selekzioaren aurka; 3-4 irabazi zuen.
futbola
Aurten izango da selekzioaren partida, jokalarien borondateagatik
Euskadiko Futbol Federazioarekin akordiorik lortu ez duten arren, jokalariek partida jokatzea erabaki dute. "Federazioaren jokabidea etsigarria izanagatik ere aurrera egitea erabaki dugu", dio jokalarien oharrak. Partidaren eguna euskal selekzioaren aldeko aldarrikapen eguna bihurtzeko dei egin dute. Nahiz eta ez izan adostuta, 'Euskal Selekzioa' izenarekin ariko dira. Abenduaren 28an izango da partida, San Mamesen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu