futbola

Austria Vienak dio italiar ultrak ere bazirela Athleticen aurkako partidako iskanbilan

Dena den, klubak esan du ez dakiela eskuindar jarraitzaileen bilkura izan zenik hiriburuan ostegunean. Faxisten ikur eta oihu asko izan zen partidan zehar, eta haietako hainbat zale zelaira atera ziren.

2009ko abenduaren 5a
18:34
Entzun
Austria Viena klubak gaur jakinarazi du lehengo ostegunean Athleticen kontrako partidako iskanbiletan italiar ultrek ere parte hartu zutela. Hain zuzen, Lazioko eskuindar jarraitzaileak izan ziren, Austria Vienak esan duenez.

Faxisten ikur eta oihu ugari izan zen partidan zehar. Hala ere, Vienako klubak aitortu du ez dakiela ultren bilkura izan zenik ostegunean hiriburuan. Poliziak ere agertu du ez duela horren berririk.

Espanyol eta Real Madril Espainiako Ligako klubetako banderak ere ikusi ziren ostegunean aipatutako partidan, eta frankismo garaiko Espainiako banderak ere bai.

Athleticek bigarren gola sartu zuenean beroketa ariketak egiten ari ziren jokalari zuri-gorriei metxeroak eta bestelako gauzak bota zizkieten zale batzuek. Svein Oddvar Moen epaileak ikusi egin zuen eta kontuak eskatu zizkion UEFAko ordezkariari. Orduan berotu ziren erabat zaleak. Gorka Iraizozen ate atzean zeuden dozena bat jarraitzailek indarrez apurtu zuten harmaila eta zelaia banatzeko atea, eta ez zuten amore eman zelaira ailegatu arte. Hori ikusita, neurketa etetea erabaki zuen epaileak -ia ordu erdiz egon zen jokoa etenda-.

Athleticeko jokalariek eta zuzendaritzako kideek aitortu zuten beldurra pasatu zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.