«Automotibazioa» eskatu die Moyesek jokalariei, bihar Elxi aurre egiteko

Mailari eusteko helburua bideratuta egon eta Europa urrun geratu arren, liga duintasunez amaitu nahi du Realeko entrenatzaileak

jon eskudero
2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Motibatzeko erarik onena «automotibatzea» dela esan zuen atzo David Moyesek. Bada, Realeko jokalariek halaxe egin beharko dute bihar, Elxen zelaian, 20:45etik aurrera. Izan ere, mailari eusteko helburua bideratu samar utzi eta Europa nahiko urrun geratu ondoren, ondo bidean, ligako azken zazpi partidetan ezer gutxi izango dute jokoan txuri-urdinek. Ezer gutxi, sailkapenari dagokionez. «Iragan asteko partidan salbu, taldeak hobekuntza nabaria izan du, eta liga ahalik eta ondoen amaitzea da gure zeregina». Horregatik, Moyesek talde lehiakorra espero du Elxen aurka. «Motibatuta ez dagoen jokalariak arazo bat izango du nirekin».

Eskoziarrak badaki Malaga zazpigarren sailkatua harrapatzea oso dela zaila, baina lanean segitu behar dutela uste du. «Zazpi partidatan 21 puntu egongo dira jokoan. Guztiak lortzen ahalegindu behar dugu, Elxetik hasita». Hori bai, neurketa zaila aurreikusten du. Besteak beste, mailari eusteko lehian sarturik dagoelako Elx. «Gogotsu zelairatuko dira. Motibaziori dagokionez, haien pare egon beharko dugu irabazi nahi badugu».

Hasierako hamaikakoan, jokalari garrantzitsu bat edo beste faltako zaio Realari. Iñigo Martinezek min hartuta jarraitzen du, eta Mikel ariko da haren lekuan erdizko atzelari bikotean. Finbogasson ere ez da deialdian izango. Carlos Vela bai, nahiz eta ez duen hasieratik jokatuko.

ELX-REALA

Elx. Tyton; Damian, Enzo Roco, Lomban, Cisma; Pasalic, Aaron, Mosquera, Victor; Fajr eta Jonathas.

Reala. Rulli; Zaldua, Ansotegi, Mikel, Yuri; Granero, Pardo, Canales, Xabi Prieto, Chory Castro; eta Agirretxe.

Epailea. Prieto Iglesias.

Ordua. 20:45.

Lekua. Martinez Valero estadioa (36.017 ikusle).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.