Espainiako golegilerik onena azaldu da, taldeak behar handiena zuenean: Villa. Hura izan zen Eurokopako golegile nagusia -finala jokatu ez zuen arren; min hartuta zegoen-, eta Espainiak txapelketan aurrera egiten badu, Munduko Kopakoa izateko ere aukera handiak izango ditu. Baina hasi beharra zuen golak egiten, eta hasi da. 2-0 irabazi du Espainiak eta berak egin ditu biak. Golegile petoa da. Gosea du. Lehengoan Espainiak Suitzaren aurka -0-1- asko izan zuen baloia, baina apenas eduki zuen gol aukerarik. Alonsorena izan zen garbiena: area kanpotik jaurtiketa langara. Hortzaka gutxitxo egin zuten Espainiako selekzioko jokalariak. Ukitu gehiegi zelai erdian. Del Bosquek aldatu egin du ekipoa: Navas hasieratik jarri du -eskubiko hegalean-, eta Torres atera du aurre-aurrerako. Villa ezkerrean kokatu du, hegaleko. Zelai erdian, espazio handiagoarekin, Alonso, Busquets eta Xavi. Taldea, oso zabalduta zelaian. Hasieratik egin du min: Villak langara, Torresek pare bat okasio, Ramosek beste bat. 17. minutuan heldu den arte 1-0ekoa. Villa Bartzelonako jokalari berriak jokaldi zoragarria egin du ezkerreko hegaletik, jaurti eta gola. Lehen zatian gol gehiago sartzeko moduan izan da Espainia. Bigarrenaren hasieran egin du 2-0ekoa: Villak berriro, Navasen pase batez baliatuta. Pare bat minutura, penaltia Espainiaren alde. Gol zaparrada egongo zela zirudien. Baina Villak kanpora bota du. Handik aurrera ez da partidarik izan, Espainiak ez duelako jokatu ordura artean bezala, jaitsi egin da fisikoki. Izan ditu aukera batzuk -Cescek, Villak...-, baina 2-0. Hondurasek ez du ezer egin neurketa osoan. Ostiralean izango dute H Multzoko azkeneko jardunaldia. Txilek sei puntu ditu (goletan +2), Espainiak 3 (+1), Suitzak 3 (+0), Hondurasek 0 (-3). Jardunaldia: Txile-Espainia, Suitza-Honduras. Beraz, Espainiak final-zortzirenetara sartzeko, seguruenik irabazi egin beharko dio Txileri. Gerta liteke Txile, Suitza eta hiruren arteko puntu berdinketa, eta kasu horretan golen aldeak erabakiko du. Espainia 2. Casillas, Ramos (Arbeloa, 76m), Puyol, Pique, Capdevila, Alonso, Busquets, Xavi (Cesc, 66m), Navas, Torres (Mata, 70m), Villa. Honduras 0. Valladares, Sergio Mendoza, Chavez, Figueroa, Izaguirre; Turcios (Nu�ez, 63m), Guevara, Palacios, Martinez, Espinoza (Welcome, 46), Suazo (Palacios, 83m). 1-0: Villa (17m). 2-0: Villa (51m).
H Multzoa
Azaldu da Villa
Espainiak mundialeko bere lehen partida irabazi du (2-0 Hondurasi), aurrelariaren golei esker. Sailkatzeko Txile gainditu egin beharko du seguruenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu