Azken aukera

Real Madrili irabaziz gero, Lehen Mailan jarraitzea ziurtatuko du Osasunak, eta hori da gorritxoen helburu bakarra gaur

Iruñea
2009ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
2000ko ekainaren 4ean lortu zuen Osasunak azken aldiz Bigarren Mailatik Lehen Mailara igotzea. Datorren astean bederatzi urte beteko dira Huelvako Recreativo 2-1 mendean hartu eta Lehen Mailara itzultzea lortu zuenetik. Azken bederatzi urteak onenen artean egin dituzte, beraz, nafarrek, eta gutxienez beste urtebetez maila nagusian jarraitzea da orain helburua. Izan ere, sasoiko azken jardunaldira betebeharrak egin gabe iritsi da Osasuna. Bost talde ariko dira mailari eusteko lehian azken jardunaldian, eta bost horietatik batek Bigarren Mailan amaituko du jardunaldia. Galduz gero, Bigarren Mailara seguru jaitsiko litzatekeen talde bakarra Osasuna da, gainera, jaitsiera postuetan hasiko baitute nafarrek jardunaldia. Hargatik, Betisek, Valladolidek, Getafek eta Sportingek bezalaxe, Osasunak bere esku du mailari eustea. Betisek eta Valladolidek elkarren aurka jokatzen dutela baliatuz, gaur Real Madril mendean hartzeak salbazioa ziurtatuko dio Osasunari, eta horixe da Jose Antonio Camachok zuzendutako taldearen helburu bakarra.

Berdinketa bat ere zulotik irteteko nahikoa izan daiteke. Baina horretarako Sportingek edo Getafek kale egitea beharrezkoa izango da: Sportingek galduz gero, Osasunak puntu bat nahikoa izango du, eta Sportingek galduko ez balu, Getafek Santanderren gutxienez bi goleko aldeaz galtzea beharko dute nafarrek. Gainera, hiru edo lau taldek puntu kopuru berdinarekin amaituz gero, Osasuna izango da kaltetua beti, eta Getaferekin soilik berdintzea izango litzateke Osasunak beharko lukeena. Gaur Real Madril mendean hartzen ez badute mailari eusteko aukerak asko murrizten zaizkiela argi dago, beraz. Eta horrexegatik, irabaztera zelairatuko da Osasuna, beste taldeen emaitzen zain geratzerik ez dute nahi eta. «Ni ez naiz izorrekin fidatzen. Gure partida irabazten ez badugu, gauzak asko okertzen direla uste dut. Inork ez gaitu lagunduko, baina helburua gure esku dago, eta hiru puntuak lortzea soilik amesten dugu», esan zuen herenegun Juanfranek honen harira, esaterako.

Iragan astean Osasunako jokalariak zein zaleak burumakur eta ezkor zeuden bitartean, aste honetan egundoko baikortasuna nabaritu da gorritxoen inguruan. Nou Campen 0-1 irabazi ostean helburua euren esku dagoela ikusteak itxaropena berreskurararazi die, eta gehiegizko baikortasuna ere sumatu da Iruñean. Badirudi etxean jokatzeagatik, eta zaleen laguntza izateagatik, Osasunak ezin duela kale egin, baina sasoi honetan Camachoren taldeak partida erabakigarri askotan egin du kale etxean-Sporting, Recreativo eta Malagaren aurka, adibidez-, eta hori ahaztea ez da komeni. Gainera, aurkariak ezer ez duela jokoan egia da, eta hori ere albiste ona da Osasunarentzat, baina Real Madrileko jokalarien kalitateak edonor ikara dezake, eta gaur Nafarroako Erresumara gerturatzen diren zaleek hobe dute azken minutua arte sufritzeko prest joatea. «Real Madrilek ez du ezer jokoan, baino ohorea dute eta Osasunaren inguruan baikortasun handiegia sumatu dut aste honetan. Euforia horrek ez dit beldurrik ematen, baina tentsioarekin aritzen garenean hobeto erantzuten du taldeak, eta konfiantza gehiegi izan dugunetan okerrago aritu izan gara. Inork ez dezala pentsa erraza izango denik irabaztea», esan zuen atzo Jose Antonio Camachok.

Baikortasuna bai, lasaikeria ez

Entrenatzaile espainiarrak ongi ezagutzen du Real Madril, eta badaki Raul, Guti, Huntelaar, Lass, Robben, Higuain eta enparaua ez direla denbora pasa etorriko. Hain hitzordu garrantzitsuaren atarian baikor eta itxaropentsu izatea ezinbestekoa da irabazteko, baina baikortasun hori lasaikeria bihurtzea barkaezina litzateke, eta sufritzeko prest zelairatu behar dute gaur gorritxoek. Real Madril edozer gauzatarako gai da. Eta hori sinesten ez duenak galde diezaiola Sergio Fernandezi, Osasunako erdiko atzelariak oso antzeko egoera bizi izan baitzuen iragan sasoian Zaragozan jokatzen zuenean. Real Madril Liga txapeldun gisa iritsi zen Zaragozara (Espainia), madrildarrek ez zuten ezer jokoan, baina bina amaitu zen Zaragozak eta Real Madrilek Romaredan jokatuzuten partida -Sergiok sartu zuen berdinketaren gola- eta berdinketa ez zen mailari eusteko nahikoa izan Zaragozarentzat.



Jokalari askokazken partida jokatuko dute Osasunarekin

Cesar Krutxagak gaur hartuko du erretiroa, Osasunan 20 urtez aritu ondoren. Dena dela, Krutxagarentzat soilik ez, hainbat jokalarirentzat gaurkoa izan daiteke azken partida Osasunarekin. Ricardo Lopez atezaina ere agurraren atarian egon daiteke. Ekainaren 30ean amaitzen du kontratua, eta klubak ez dio jarraitzeko eskaintzarik egin.Javier Flaño etaHector Font ere egoera berean daude. Aukera gutxi izan dute eta kontratua amaitzen zaie. Beste taldeek utzitako jokalarientzat ere azken partida izango da gaurkoa: Sunnyrentzat, Hidalgorentzat eta Tiago Gomesentzat. Eta gero kontratua izan arren kluba utzi dezaketen jokalariak daude. Maila galduz gero asko izango dira taldea utziko dutenak, baina Lehen Mailan jarraituta ere Ezquerro, Plasil, Portillo edo Delporteren gisako jokalarien etorkizuna ez dago batere argi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.