Ingalaterrak pronostikoak bete zituen atzo, eta Sei Nazioen Torneoa eskuratu zuen. Munduko Kopa jokatu aurretik sei hilabete eskas direlarik, Martin Johnsonen jokalariek erakutsi zuten Europako selekziorik onena osatzen dutela. Beti bezala, Munduko Kopa hurbildu ahala, Ingalaterra sasoi puntua harrapatzen ari da, eta Zeelanda Berriko hitzorduan harekin kontatu beharko da.
Atzo jokatu ziren torneoaren azken jardunaldiko hiru partidak. Arratsaldeko lehen partidan ez zuten gauza handirik jokoan Eskoziak eta Italiak. Etxean nagusituz (21-8), Eskoziak egurrezko koilara saihestu zuen, partida bat irabaztea lortu zuelako. Italiari, berriz, gutxi iraun zion Frantziari irabazi ondoren sortutako euforiak.
Atzoko partidarik garrantzitsuena, hala ere, Dublineko Aviva Stadiumean jokatu zen, Irlanda eta Ingalaterraren artean. Azken zortzi edizioetan ingelesek behin bakarrik irabazi zioten Irlandari, eta atzokoan ere ederki kosta zitzaien arerio zeltiarren aurka aritzea. Irlandak sekulako partida jokatu zuen, eta oso estu hartu zuen Arrosaren hamabostekoa. Lehen zatian nagusi izan zen hirustaren taldea, eta Ingalaterrari 24-3ko partziala sartu zion.
Bigarren zatian, hala ere, zertxobait altxatu zuen burua Martin Johnsonen taldeak. Hainbesteko puntu tartearekin, torneoa arriskuan ikusi zuen talde britaniarrak. Ondorioz, gauzak zuzentzen hasi zen, eta azkenerako entsegua sartu zuen.
24-8 ezarri zen partida, eta azkenean horrela bukatu zen irlandarren eta ingelesen arteko lehia. Gran Slam-ik ez, beraz, ingelesentzat, baina torneoa irabaztea lortu zuen, eta horrek konfiantza emanen dio hurrengo udazkenean jokatuko den Munduko Koparentzat.
Izan ere, Ingalaterrak 24-8 galduta, gutxienez 27 puntuko aldearekin irabazi beharra zeukan Galesek Frantziaren aurka. Eta ez irabazteaz gain, astindu handi samarra hartu zuten galestarrek. 0-3 aurretik jarri ziren, baina lehen zatia amaitzerako 11-3 aurreratu zen Frantziako selekzioa. Bigarren zatian, berriz, beste bi entsegu lortu zituen etxeko selekzioak, eta Gales beste bi drop lortzeko gai besterik ez zen izan. Azkenerako 28-9 amaitu zen partida.
Azken guda dantza
Ingalaterrak irabazi du Sei Nazioen Torneoa, Irlandaren etxean galdu arren, Gales ez baitzaio gailendu Frantziari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu