Realak eta Getafek Europara begirako lehia jokatu dute gaur Anoetan. Garaipenak Europa Ligako postuetan sartzeko aukera ematen zien biei. Inork ez du jauzi handirik egin, ordea, bana amaitu baitute.
Hasieratik partida orekatua jokatu dute, zelai erdian presio handia eginez. Reala baloia jokatzen saiatu da, baina kanpokoek ez dute etxekoen joko alaia bermatu. Partida serioa egin du Getafek, eta lehenengo zatiko aukera garbiena eduki dute; Abdel Barradaren jaurtiketa Bravok kornerrera aldendu du.
Bigarren zatian egurrean hasi da Reala. Lehenengo hiru minututan lau aukera garbi izan dituzte, baina ez Ifranek, ez Griezmannek, ez Castrok ez dute asmatu gola sartzen. Azken horren jaurtiketa sare barruan ikusi du zale batek baino gehiagok. Minutuak pasatu ahala, behera egin dute txuri-urdinek, eta Getafe nagusitzen hasi da. Aurretik jartzeko aukera garbiak izan dituzte, batez ere Lopok korner batean baloia langara bidali duenean.
86. minutuan jarri dira aurretik kanpokoak; Gavilanen erdiraketa maisuki burukatu du Lafitak atzetik etorrita. Golak Realaren bolada ona etengo zuela zirudien, donostiarrek galdu egingo zutela. Baina 91. minutuan banako gola sartu du Carlos Martinezek; De la Bellaren erdiraketa sareetara bidali du.
Getaferen aurka berdindu ondoren, 21 puntu ditu Realak, eta Europako Ligako postuetatik oso gertu da. Hurrengo jardunaldian Granadaren etxean jokatuko du —sailkapenaren zuloan dira aurkariak—.