Partida ero-eroan, Eibarrek, bere txarrean, puntu bat eskuratu du Levanteren aurka (3-3). Gipuzkoarrek erabat oker ekin diote neurketari, Moralesek 0-1ekoa lortu duelako partida hastearekin batera, 2. minutuan. Kolpea barneratuta, jokoan aurrerapausoa eman dute eibartarrek, eta aukeraren bat edo beste izan dute berdinketa lortzeko. Baina atsedenaldira iristeko bi minutu falta zirenean 0-2koa jasota (Moralesek sartu du Levanteren bigarren gola), erabat maldan gora jarri zaie partida.
Lehen zatiaren hasiera berberarekin, baina ateak aldatuta, Javi Larak sartu du 1-2koa atsedenalditik itzuli berritan, eta Saul Berjonek berdindu du partida, gol ikusgarriarekin. Zailena eginda zegoen, eta bultza eta bultza jarraitzen duten etxekoek. Piovaccarik 3-2koa lortu du 76. minutuan, baina epaileak baliorik gabe utzi du jokaldia, jokoz kanpo zegoela iritzita. Ez zegoen, ordea. Hurrengo jokaldian, berriz, zelai erdian galduta baloi batean, Victor Casadesusek 2-3koa lortu du, beste gol ikusgarri batekin. Kolpe ikaragarria hartu dute eibartarrek, baina, zaleen bultzadarekin, 93. minutuan iritsi da berdinketa, Piovaccariren gol onarekin. 3-3, partida ero-eroa, eta, bere txarrean, puntu bat gehiago sailkapenean.