Shangaiko zirkuitu modernoan lehiatuko dira azken aldiz 2005eko 1 Formula autoak. Japoniak utzi zuen lasterketa ederra eta astebete eskasera, nota onarekin amaitu nahi dute denboraldia, baina batzuek beste guztien gainetik zeregin zehatza dute. Izan ere, Renault eta McLaren autogileen txapelketarako borrokatuko dira.
Japonian Renaultek buelta eman zion txapelketari, baina alde bi puntukoa da soilik. Funtsean, lasterketa honetan emaitza hobea lortzen duenak eramango du titulua. Aipatu txapelketa honen garrantzia askoz ere garrantzitsuagoa da McLarenentzat Renaultentzat baino. Ez frantziarrentzat bakarrik; titulu garrantzitsua gidariena da, eta hori Fernando Alonsok eraman du, Renaultentzat.McLarenek ez du aurten ezer lortu, garaipen solteak izan ezik. Horregatik du horren gogoko autogileen titulua, nolabait taldeaz hitz egiteko aitzakia baita, eta bide batez, Mercedesentzat publizitatea. Aldi berean, izan duten urte txarra salbatzeko modua da, auto azkarrena izanda ere ez baitira gai izan gidarien titulua irabazteko. Ron Dennisek buelta eman zion horri: «Ez dakit zergatik esaten den gure sendotasuna txarra denik, azken zazpi lasterketak jarraian irabazi baititugu eta autogileen txapelketa eskura dugu; hori ezin da auto indartsurik gabe lortu». Gizon honek gutxik bezala hitz egiten du, nahiz eta haren esanak ezin diren itsu-itsuan hartu.Briatore, aldiz, hasieratik aritu zen autogileen tituluari garrantzia kentzen, edo agian, benetan duen garrantzira mugatzen. Batetik, Alonsoren garaipenari indarra emateko, eta bestetik, galtzeko aukera asko zuen autogileen titulua McLarenek eramateak izango zukeen efektu negatiboa baretzeko. Kontua da azken lasterketara oso parekatuta iritsi direla, eta Alonsok nahiz Raikkonenek azken misioa dutela Shangain.
Minardi, Jordan, Sauber eta BARentzat, azken karrera
Gidari gutxik esango diote agur 1 Formulari bihar goizeko 8etako lasterketa ondoren, talde txikietako ohikoak kenduta. Baina talde askoren azkena izango da, batzuk historiaz beteak. Haien artean Minardirena da izen potoloena. Beti ezinean aritu den taldea benetan badoala esan daiteke oraingoan. Giancarlo Minardik duela hogei urte sortutako taldeak izena galduko du, RedBullek erosi ostean.
Jordan dagoeneko iaz erosi zuen Errusiako Midland taldeak, baina aurten izena mantendu dio. Hurrengo urtean hori ere ez. Sauber 93an sortu zen eta orain BMW-k erosi du bere taldea osatzeko. Azkenik, Hondak BAR erosi zuenez, hauek ere Txinan amaituko dute 99an hasitako bidea. Lauek ere ziurtatua dute hurrengo urtean jarraipena.Hurrengo urtean jarraitzekoak dira era berean Rubens Barrichello eta Felipe Massa brasildarrak, baina lehenak azken aldiz korrituko du Cavallinoaren auto batean, eta bigarrenak Sauber utziko du Schumacherren alboan auto gorriak gidatzeko. Hurrengo urteko kontuak dira horiek; bihar, Txinakoak.
Azken misioa, Txinan
Denboraldiko azken sari nagusian, bihar goizean, taldekako garailea zein den argituko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu