Baiona 25. Castres 22

Azken segundoan, garaipena

Baionak ondo sufrituta irabazi du etxean, Abdellatif Butatyk 80. minutuan lorturiko entseguari esker

Abdellatif Butaty, Baionakoa, atzoko partidako azken jokaldian lorturiko entsegua ospatzen. NICOLAS MOLLO.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Baiona. Lafond (Lea'Aetoa, 73. min.), Roumieu (Hegi, 54. min.), Baiocco (Avril, 49. min.); Flavell (Linde, 67. min.), Filipo; Boutaty, Baget (kap.) (Haare, 54. min.), Bernad; Gartzia (Audy, 76. min.), Boyet; Pietersen, Gerber, Lacroix, Huget (Fauque, 54. min.); Elhorga.

Castres. Foestier, Bonello (Kayser, 52. min.), Ducalcon (Saayman, 70. min.); Rolland (Diarra, 52. min.eta Bornman, 57. min.), Kulemin; Caballero, Masoe, Tekori; Tillous-Borde (kap.) (Albouy, 46. min.), Bernard (Mc Intyre, 46. min.); Iñigo, Baï, Tatupu (Cabannes, 55. min.), Martial; Teulet.

Markagailua. 3-0; 6-0; 9-0; 12-0; 12-3; 12-6; 15-6; 15-9 (atsed.) 15-16; 18-16; 18-19; 18-22; 25-22.

Epailea. Christophe Berdos.

Larri eta estu irabazi zion atzo Baionak Castreseri. 79. minutuan partida galduta zegoen, eta entsegua behar zuen Baionak garaipena lortzeko. Minutu bat berantago, partida azken segundoetan zegoenean, Boutatyk eman zion garaipena, jokaldi trabatu batean. Ezin estuago, ezin larriago.

Lau puntu horiei esker, Heineken Kopako borrokan sartuta dago oraindik Aturri eta Errobi artekotaldea. Partida serioa eta gustagarria izan zen atzokoa. Baiona sendo hasi zen, garaipenaren bila zihoala erakutsiz. Lehen minutuetan baloia etxekoek eduki zuten. Haizea alde izan arren, zangoz oso gutxi okupatu zuten zelaia, eta agian nekea geheigei pilatu. Boyet eta Gartziari esker, lehen abantaila polita lortu zuten etxekoak (12-0).

Baina Baionak ez daki partidak behar bezala kudeatzen. Castres berriz partidan sartu zuen, falta inozoak eginez, eta baloia zangoz ez joz. 12-6 hurbildu zen. Orduan, konfiantza hartu zuen, eta jokatzen hasi. Baionak, oraindik teknikoki oso gordin dagoen arren, defentsa lanean bikain jardun zuen, beste behin ere. Lehen zatia bukatzear zela, arnasa hartu zuen, Gartziari esker. Baina hurrengo jokaldia gaizki kudeatu, eta Teuletek zigor kolpea sartu zuen. Atsedenaldian 15-9 zegoen aitzinetik Baiona.

Castresen eraginkortasuna

Bigarren zatian alderantziz jokatu zuen Baionak. Haizea aurka zuen, eta zangoz jokatzen hasi zen. Hori nahikoa ez, eta lehen zatian ez bezala, ez zuen Castres estutu. Ororen buru, partida Baionaren zelaian zegoen, eta etxekoak ziren presiopean zeudenak.

Castres aldaketak egiten hasi zenean, Baiona estu hartu zuen. Teulet ederki ari zen zangoz, eta 68. minutuan lehen aldiz aitzinetik jarri zen (18-19). Kanpokoek beren taktikarekin jarraitu zuten: zangoz Baionaren zelaira iritsi eta gero goian presioa egin. Uzta ona bildu zuten, Teuletek beste zigor kolpe bat sartu baitzuen: 18-22, eta Baiona konponbiderik gabe ikusten zen.

Partida bukatzear zegoen, eta zaleak urduri. Baionari dena eskuz jokatzea baizik ez zitzaion gelditzen. Kontraeraso itsu batean, lerroa zulatzea lortu zuen Pietersenek, eta Castreseko Rollandi txartel horia atera zioten, jokoa eragozteagatik.

Bi zigor kolpe berantago, Castreseko bost metroetan sartu zen Baiona, eta eskasa izan zuen alde. Orduan, eremu txikian lotu zuten partida baionarrek, entseguaren bila. Bat, bi, hiru eta lau saioren ondotik, entsegu marran zen. Boutatyk baloia hartu eta azkenean entsegu preziatua lortu zuen. Garaipenaren entsegua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.