Ezin hobeto hasi du liga Alavesek, Levante 2-1 garaitu eta hiru puntu eskuratuta, eta nola gainera. Lehen zatian aurreratu egin bada ere, bigarrenean berdindu egin du partida Levantek, eta hala igaro dira minutuak, 92. minutuan Tenagliak atea hutsik zela bigarren gola sartu duenean. Mendizorrotzara gerturatu diren zaleek gogotsu ospatu dute gola, baita handik gutxira garaipena ere. Realak, berriz, puntu bakarra lortu du Valentziaren kontra, 1-1 berdinduta. Gola jaso eta gutxira berdindu dute txuri-urdinek, baina ez dute aurretik jartzea lortu.
Alavesek eta Levantek intentsitate handiko lehen zatia egin dute, eta ez batak ez besteak ez dute asmatu iraupen luzeko jokaldirik egiten. Baloia alde batetik bestera ibili da, baina 34. minutura arte ez da aukera garbirik izan. 19. minutuan partida gelditu behar izan dute, zale batek osasun arazo bat izan duelako, baina handik minutu gutxira jokatzen jarraitu dute berriro. Levantek izan du lehen aukera, eta hura izan da ordura arteko aukerarik garbiena, baina handik minutu batera, kontraerasoan, Alaveseko Carlos Vicentek erdiraketa on bat egin du, eta Levanteko defentsak kanpora bota du. Kornerrean, Carles Alenyaren erdiraketa ederra buruz sarera bota du Toni Martinezek. Hala aurreratu dira babazorroak, eta gol baten abantailarekin iritsi dira atsedenaldira, aukera garbi gehiagorik gabe.
Bigarren zatia lasaiagoa izan da, hasieran behintzat. 58. minutuan, leku arriskutsuan galdu du baloia Alavesek, baina Levantekoek ez dute lortu gola sartzea. Antzeko jokaldi bat izan da 68. minutuan: Alaveseko defentsek ez dute lortu baloia kanpora botatzea, eta Levanteko Roger Bruguek atera jaurti du; Antonio Siverak geratzea lortu du, baina, alderatzean, Jeremy Toljanek barrura sartu du, ta partida berdindu.
Lasai antzera igaro dira minutuak, baina 80.ean, ezker hegaletik jokaldi ederra egin dute babazorroek, eta, erdiraketa ondo errematatuta, ia gola sartu du Mariano Diaz jokalari fitxatu berriak, baina kanpora joan da gutxigatik. Hurrengo jokaldian, alde beretik, baloia sarean sartzear egon da Alaves, baina atezainak kanpora aldaratu du.
Partida berdinduta amaituko zela zirudien, baina, azkenean, eskuin hegaletik egindako erdiraketa batean, baloiak defentsak jo arren, bere ibilbideari jarraitu dio, Nahuel Tenaglia argentinarrak atea hutsik topatu du, eta gola sartu du; horri esker irabazi du Alavesek. Algara betean ospatu dute gola babazorroek, eta, azken minutuetan estu aritu diren arren, garaipena etxean geratzea lortu dute.
Realaren erreakzio azkarra
Realaren partida geldoagoa izan da, eta asko arriskatu gabe ibili dira bai txuri-urdinak eta bai valentziarrak. Realak 13. minutuan izan du lehen zatiko aukerarik garbiena, Brais Mendezek ondo gainditu baitu defentsa bat area barruan, baina jaurtiketa egin behar zuenean beste defentsa batek baloia kanpora botatzea lortu du. Handik gutxira Valentziak beste aukera bat izan du, Jose Luis Gayaren erdiraketa baten bidez, baina ez du inork errematatu. 24. minutuan beste aukera bat izan du Realak: ezker hegalean Ander Barrenetxeak jaso du baloia, zapaldu, defentsa bat gainditu, eta jaurti egin du, baina kanpora joan da. Lehen zatia amaitzear zela, gelditu egin behar izan dute partida, harmailan zale bat artatu behar izan baitute, baina bi minutu inguru iraun du geldiuneak, gutxi gorabehera.
Bigarren zatiaren hasieran, Realaren aldeko falta arriskutsu bat izan da, area ertzean, baina talde txuri-urdinak ez du aukera baliatu. Hurrengo minutuak aukera garbirik gabe pasatu dira, eta, lasaitasun horren erdian, 56. minutuan, Valentziako Dani Rabak erdiraketa bikaina egin dio Diego Lopezi, baloia goxo-goxo eta bakarrik utzita, eta Lopezek baloia sareratu; hala, Valentzia aurreratu da markagailuan. Txuri-urdinek, baina, ez diote partidari alde egiten utzi, eta 60. minutuan, Brais Mendezen pase bati esker, Takefusa Kubok ezkerkada indartsu batez berdindu du partida. Hautsi egin da norgehiagoka une horretan, eta baloia alde batetik bestera ibili da, baita aukerak ere. Valentziak, adibidez, aukera ona izan du 63. minutuan, hainbat jaurtiketa eta errebote izaten diren horietako bat, baina azkenean areatik kanpora atera dute baloia.

Orri Oskarssonek gol aukera bikaina izan du, bakarrik geratu baita atezainaren parean, baina angelu gutxi zuen, eta kanpora bota du. 71. minutuan, Valentziak eskuin hegaletik beste erdiraketa bikain bat egin du, eta gutxigatik ez dute errematea barrura sartu. 85. minutuan, jokaldi on bat eginda, Mikel Oiartzabalek eskuinez jaurti du baloia area barruan, baina indarrik gabe, eta atezainarengandik gertu igaro da baloia, arrisku gutxi sortuta. Handik aurrera, golik egiteko imintziorik ere ez dute egin Realak eta Valentziak, eta puntu banarekin amaitu dute lehen jardunaldia.
Athleticek bihar jokatuko du denboraldiko lehen partida. Bigarren mailan, berriz, Eibarrek Malagaren zelaian jokatu du, eta bana berdindu du. Emakumezkoen futbolean, Euskal Herriko Kopako finalerdiak jokatu dituzte, eta Reala eta Eibar izango dira finalistak. Realak 1-3 garaitu zuen Alaves, eta Eibarrek penaltietan garaitu zuen Athletic, 90. minutuetan bina gol sartu baitituzte.