Pablo Orbaizek ez du Athleticeko elastikoa jantziko hasi berri den sasoian, atzo Olympiakosekin akordio batera iritsi baitzen han utzita jokatzeko. Horrela, 11 urteren ondoren, elastiko zuri-gorria janzten jarraituko du, baina Olympiakosena, eta ez orain arte bezala, Athleticena.
Taldeko kapitaina zen arren, eta azken denboraldietan partida dezente jokatzen bazituen ere, Marcelo Bielsaren asmoetan tokirik ez zuen aurkitu. Argentinarraren etorrerarekin jokatzea zail zuen nafarrak, eta haren esanetara jokatutako bi partida ofizialetan ez zuen batere jokatu. Gainera, taldetik kanpo zeuden jokalarien artean egon ez arren, Javi Martinez, Ander Herrera, Carlos Gurpegi, Ander Iturraspe eta Iñigo Ruiz de Galarreta bere aurretik zeuden, eta, horrenbestez, zail zuen jokatzea. Horregatik, Bielsak argi utzi zuen hasieratik; «taldean lekua izango du, gelditzen bada kontuan izango dut; bestela, ez diot oztoporik jarriko bere irteerari». Horrela, argi utzi zuen bere asmoetan toki askorik ez zuela eta egokiena talde bat aurkitzea zela. Nafarra hala egon da denbora honetan, talde baten bila.
Greziatik, Ernesto Valverde Pireoko taldeko entrenatzaileakhura taldera eramateko ahaleginetan hasi zen abuztuko lehen hamabostaldian, taldeko zuzendariei haren izen eta abizenak mahai gainean jarriz. Kostata, baina lortu du nafarra bere esanetara izatea. Moises Hurtado ez zen sartzen Valverderen eskeman, eta Hurtadok alde egin arte ez da argitu Orbaiz fitxatuko zuten edo ez. Kataluniako jokalaria Granadan ariko da, utzita, eta hori itxi bezain laster fitxatu zuten nafarra.
Ez da lehen aldia nafarra Valverderen esanetara ariko dena, 2003-2005 urteen artean bere esanetara aritu baitzen Athleticen. Gainera, Fran Yesterekin ere ariko da, udan Arabiar Emirerri Batuetako Al Wasl taldetik iritsi baita Olympiakosera. Hirurak elkar aritu ziren entrenatzailea Bilbon izan zen bi denboraldietan, eta ia sei urte geroago elkartuko dira, Grezian. Hirurak Txapeldunen Ligan ariko dira, joan den sasoian Greziako Txapeldun izan baitzen Valverderen taldea. Iragan ostegunean egindako zozketan arerio zailak tokatu zitzaizkien taldean: Arsenalen, Olympique Marseillaren eta Borussia Dortmunden aurka ariko dira, hurrengo fasera sailkatzeko asmoz.
Orbaiz guztira 11 denboraldiz aritu da Athleticen, eta azken sasoietan taldeko kapitaina zen. Denbora horretan 318 partidatan jantzi du elastiko zuri-gorria—Ligako 263, EspainiakoKopako 39, Europako lehiaketetako hamalau eta Espainiako Superkopan bi—, eta guztira hamahiru gol sartu ditu, hamar ligan eta hiru Espainiako Kopan. Grezian urtebetez aritu ondoren Athleticera itzuliko da, 2013ko ekainera arte baitu kontratua talde zuri-gorriarekin.
Guztira, zortzi dira Marcelo Bielsa iritsi denetik taldea utzi duten jokalariak, bai utzita, baita fitxatuta ere: Ustaritz, Velez, Balenziaga, Diaz de Zerio, Iñigo Perez, Vera, Cerrajeria eta Orbaiz. Horrenbestez, 23 jokalariz osatutako taldea izango du bere esanetara; bi atezain, bederatzi atzelari, zortzi erdilari eta lau aurrelari. Nahiz eta Koikili eta Zubiaurre atzelariak argentinarraren asmoetatik kanpo dauden, taldean jarraitzen dute. Beraz, taldea 21 jokalariz osatua egongo da, parte hartzen duten hiru txapelketetarako.
Azkenean badoa
Pablo Orbaizek Olympiakosen jokatuko du denboraldi honetan, Athleticek utzitaGreziako hiriburuan talde zuri-gorrian aritutako bi lagunekin egingo du topo: Ernesto Valverderekin eta Fran Yesterekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu