Saskibaloia

Badaezpada ere, azken hiru partidak irabaztea komeni zaio Baskoniari

Titulua irabazteko kanporaketak jokatzeko azken postuan daude gasteiztarrak. Euren esku dute sailkatzea, baina irmo defendatu beharko dute tokia. Hiru talde behintzat ariko dira zortzigarren postu horren ehizan.

Markus Howard Baskoniako jokalaria, denboraldi honetako partida batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Markus Howard Baskoniako jokalaria, denboraldi honetako partida batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Kalkuluak eginak ditu dagoeneko Baskoniak. Ez dago aparteko misteriorik: hiru partida falta dira ACB liga amaitzeko, eta titulua irabazteko kanporaketak jokatzeko azken postuan daude gasteiztarrak. Euren esku dute sailkatzea, baina irmo defendatu beharko dute tokia. Badaezpada ere, komeni zaie geratzen zaizkien hiru lehiak irabaztea. Hori bakarrik, eta, aldi berean, hainbeste.

Sasoi gorabeheratsua egiten ari direla kontuan izanda, ez dute hain erronka samurra. Gainera, hiru talde behintzat ariko dira zortzigarren postu horren ehizan: Baskonia bera, Manresa —gasteiztarrek adina partida irabazi eta galdu ditu— eta Murtzia —neurketa bat gutxiago irabazi du—. Koxka bat gorago dago Kanaria Handia, baina ez urrun —Baskoniarekiko puntu aldea irabazita dauka—.

Beraz, hipotesiak alde batera utzi, eta bere lanean jarri behar du arreta Gasteizko taldeak. Ustez, asteburu honetan du partidarik zailena. Etxean jokatuko du, baina Bartzelona izango du aurkari, (igandean, 17:00), bosgarren sailkatua. Hilaren 24an, Bilbo Basketen aurka neurtuko ditu indarrak, berriro ere etxean; bilbotarrek bermatua dute mailari eustea. Ligako azken partidan, dagoeneko maila galdu duen Coruñari egingo dio bisita.

Alde du egutegia, baina ezer ez dago ziurtatua, eta edozer gerta daiteke. Gainera, azken partidan oso itxura kaskarra eman zuten Pablo Lasok zuzendutakoek. Galdu egin zuen Joventut Badalonaren aurka, eta mingarria izan zen: 90-71. Ozta-ozta eutsi zion, beraz, jardunaldi bat aurrerago eskuratutako zortzigarren postuari: Manresak ere galdu egin zuelako, Murtziaren kontra. 

Onenen artean egoteko moduko taldea du Baskoniak, baina kantxan demostratu behar du hori, izenak bakarrik ez baitu ezertarako balio. Oraindik garaiz dabil, baina ezin du huts egin. 

Kostata

Iazkoa ahazteko moduko denboraldia izan zen Baskoniarentzat. Klubaren historian aurreneko aldiz ligako kanporaketetatik kanpo gelditu ziren gasteiztarrak, eta Espainiako Koparako ere ez ziren sailkatu. Mamuak uxatu nahi zituen sasoi honetan, eta, beraz, bulegoetan ekin zioten lanari. Aldagelari astindua eman zioten, eta lemazaina aldatu: Pablo Laso etxeko teknikari entzutetsuak hartu zuen Dusko Ivanovicen lekukoa. 

Istorio distiratsu bati hasiera ematea zen asmoa, baina beste kapitulu bat baino ez da izan orain artekoa. Taldeari asko ari zaio kostatzen partidak erreskadan irabaztea, eta beste behin Kopatik kanpo geratu da. Euroligan ere ez da nahi bezala aritu. 

Batez ere, goian dauden taldeen aurka erakutsi du ahulezia. Apenas lortu duen ligako talde indartsuenak estutzea. Emaitzei erreparatu baino ez dago horretaz jabetzeko: sailkapenean goian dauden zortzi taldeen kontrako lehiak aintzat hartuta, horietako bost partida irabazi ditu, eta hamar galdu.

Dena den, oraindik ez du esan azken hitza, eta garaiz dago sasoi zurrunbilotsu honetatik onik ateratzeko. Horretarako, baina, gogor egin beharko du lan. Eta asmatu. Hiru final ditu, eta, oraingoz, helburu argi bat: ACB ligan lehen zortzi postuetan geratzea, titulurako kanporaketetarako sailkatzeko. Igandean egin nahi du lehen urratsa, zaleen babesean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.